Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Mendiluzek eta Iguaranek aurrera egingo dute finalaurrekoetan

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 12a, 19:54

Aitor Mendiluzek irabazi du Durangon jokatu den lehen itzuliko azken finalaurrekoa eta Oihana Iguaranek laugarren egin du. Biek Iruñean kantatuko dute elkarrekin abenduaren 2an. 2.100 bertsozalek jarraitu dute saioa Landako gunean.

Bikain aritu da Mendiluze ariketa guztietan; akatsik egin gabe eta goia joz, puntu erantzunetan, bereziki. Horren adibide jarri dioten bigarrenari eman dion erantzuna: Lehia ez ote dugu sustatzen gehiegi, "Txapelketan galdetzen al didazu neri? / ez joan besteengana geure ondan segi / lehia eraikitzeko bide izan bedi". Ofizio guztietan asmatu du Mendiluzek eta berea kantatzeaz gainera, bertsokideei bidea zabaldu eta elkarrizketa politak osatzen jakin du. "Amaitu da festa, dena jasotzen ari zara", gaia izan dute bertsolariek kartzelakoan eta irurarrak semearen hamargarren urtemugako festari kantatu dio. Bigarren bertsoaren bukaeran trabatuta ibili eta hau izan da, akaso, gutxien gozatu duen ariketa. Hala ere, 740,5 puntu jasota lehen postuan sailkatu eta Iruñean ariko da azken finalaurrekoan, abenduaren 2an.

Iguaranek saio orekatua egin du. Hain justu, eskualdeko bi bertsolariak egokitu dira sei puntuko motzean eta saio ederra osatu dute: tandemean elkarrekin aritzera gonbidatu du Mendiluzek Iguaran itsua. Horrela errematatu du amasarrak ofizioa: "Ahaztu beraz maila faltak / ta puska ditzagun markak / behingoagatik sentituaz zer sentitzen dun batak / dauzkazu neke galantak / eta nik indartsu plantak / zu izan zaitez nire begiak ta ni zure hankak".  Kartzelako ariketan 60 urte bete dituen emakumearen paperean sartu da amasarra eta umorez heldu dio gaiari, publikoarengana iritsiz. Honenbestez, 671 puntu eman dizkio epaimahaiak eta, beraz, finalaurrekoen bigarren itzulian ariko da, bera ere, Iruñean. 

Goitik jo du Durangoko finalaurrekoak: bigarren sailkatu da Miren Amuriza, hirugarren Jon Maia eta bosgarren Iñaki Apalategi. Azkeneko tokia bete du Miren Artetxek 639 punturekin eta beraz, ez da bigarren itzulian arituko. Kanpoan geratu diren Nahikari Gabilondo, Beñat Iguaran, Aimar Karrika, Maddalen Arzallus eta Nerea Elustondoren taldera batu da hendaiarra.

Bigarren itzulia osatuta

Bertsolari Txapelketa Nagusia 36 bertsolarik abiatu zuten iraila bukaeran. Horietatik 18 baino ez ziren sailkatu finalaurrekoetara eta lehen fasean, duela lau urteko beste sei finalistekin lehiatu dira lau saiotan. 24 bertsolari horietatik sei geratu dira bidean eta 18k jokatuko dute bigarren fasea, Amurrio, Donibane Lohitzune eta Iruñan. 

Finalaurrekoan bigarren fasean aldatu egingo zaizkie lanak bertsolariei. 16 bertso puntuagarri bota beharko dituzte: hiru zortziko handian, hiru zortziko txikian, lau zortziko txikian puntutan eta hiru hamarreko txikian. Horiek guztiak, ofiziotan, binaka. Amaitzeko, banaka, gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian, beste hiru bertso osatu beharko dituzte. 

 

Honela geratu dira saioak: 

Amurrio. Azaroak 19, igandea. Bañueta kiroldegian. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. 

Donibane Lohitzune. Azaroak 26, igandea. Jai Alain. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio. 

Iruñea. Abenduak 2, larunbata. Anaitasuna kiroldegian. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!