Azken txanpan sartu da dagoeneko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Herenegun, Durangon (Bizkaia) izan zen finalaurrekoetako lehen faseko azken saioa. Aise irabazi zuen Aitor Mendiluzek (Andoain, Gipuzkoa, 1975). Hizketan bezala egin zuen bertsotan, izugarri bizi kantatuz eta oso erraz ari zen sentsazioa emanez une oro. 740,5 puntu eskuratu zituen, eta Iruñeko finalaurrekoan huts handiren batzuk egiten ez baditu, finalean izango da, Maialen Lujanbiok eta biek koska handia ateratzen baitiete beste bertsolariei.
2.100 lagunek bete egin zuten Landako gunea, eta txapelketako saiorik osoenetakoa izan zen, maila handia erakutsi baitzuten bertsolari guztiek. Mendiluzek ez ezik, finalean sartzeko aukeren lehian bizi-bizirik jarraitzen dute Miren Amurizak (678,5), Jon Maiak (675) eta Oihana Iguaranek (671) ere. Hurrenez hurren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamaikagarren amaitu dute lehen fasea —lehen zazpiak ariko dira finalean—. Kartzelan behera egin izanak aldendu du lehia horretatik Iñaki Apalategi, nahiz eta bigarren fasean aritzeko aukera izango duen. Herenegungo saiotik Miren Artetxek soilik ez du egin aurrera. Nolanahi ere, itxura oso ona eman zuen hark ere; bikain ibili zen puntuak erantzuten, eta ideietan argi binakako lanetan. Kartzelako ariketan ez zuen asmatu. Hain zuzen, kartzelakoa izan zen Mendiluze nabarmendu ez zen ariketa bakarra, gainerako guztietan koska bat gorago aritu baitzen.
Saioaren ostean, zure bizitasuna zen jendeak gehien nabarmentzen zuen gauzetako bat. Azkar hasten zinen kantuan, eta kantatu ere azkar egin zenuen.
Ni bertsotan egitera joan nintzen, bertso saio bat egitera. Uste dut nire erritmoa normal samarra zela jaialdi baterako. Beharbada, ohituta gaude txapelketan jendeak tempoa asko mantsotzera, askoz lasaiago edo polikiago abestera, eta nire lanaren gakoetako bat bestea da: bertsotan normal egitera joatea. Bakarkakoan, akaso, azkarregi hasi nintzen; gero, bertso eskolakoek kargu hartu zidaten.
Saioaren aurretik esan zenuen zeure estiloan aritu nahi zenuela. Zure estiloaren parte bada bizitasun hori, ezta?
Nik uste dut baietz, ez bereziki azkarregi egitea, baina bai ez bereiztea hainbeste txapelketa eta plaza; alegia, nahi dut txapelketa plaza bat gehiago izatea niretzat. Plazako ukituak, erritmoa eta plazako bertsokera eraman nahi izan ditut, beharbada, aurtengo txapelketan, zenbaitengan faltan bota dudan zerbait izan delako hori. Iruditu zait batzuek txapelketari eman diotela beste jardun mota baten tratamendua, eta, beharbada, beharbada, akats bat izan daiteke. Ez da behintzat nik egin nahi dudana, horregatik saiatu naiz kontrakoa egiten.
Gainerakoan, zertan uste duzu eman zenuela zeuretik Durangon?
Ariketa konkretu batean baino gehiago, oholtzan egoteko moduan. Jon Maia eta biok ginen zaharrenak, bai adinez, bai txapelketan dugun eskarmentuz, eta uste dut guri zegokigula oholtza egitea edo taldea zaintzea. Jonek zorte txarra izan zuen errepidean, eta denboraz justu iritsi zen, baina uste dut taldea sortzen asmatu genuela. Bertsoei dagokienez, erantzutera joan nintzen, eta hori bada nire ezaugarri bat, edo gustatzen zaidan zerbait, behintzat.
Jarraitu irakurtzen hemen.