«Guk egiten genuena egiten zuen talderik ez zegoen inguruan»

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 30a, 07:59

Nahiz eta urte asko diren taldea desagertu zela, ez dute sekula harremana galdu eta tarteka biltzen dira aspaldiko garaiak gogoratu eta musika instrumentuak astintzeko. Victor Carracedo (Pasai Antxo, 1955) eta Iñaki Mezquita Txete (Alegia, 1959) Sakreko kideak izan ziren. Taldeak diskoa kaleratu eta ia 40 urtera berriro elkartu ditu Tolosaldeko Ataria-k.

Menphis taldea izan zen Sakre-ren aurrekaria. Zuk, Victor, parte hartzen zenuen bertan.  
Victor Carracedo: 1974. urte inguruan sortuko genuen. Alegian biltzen ginen Jesus Egiburu, Jesus Aldazabal, Carlos Badiola eta ni neroni. Egiburu eta biok Don Boscon ikasten genuela ezagutu genuen elkar. Gainerako musikariekin ere beste taldeak ikustera joaten ginenean komunikatzen ginen, garai hartan ez baitzegoen ez Internetik ez ezer. 17 urte nituenetik jotzen dut nik baxua.
Iñaki Mezquita: Menphis taldeak etxe inguruan entseatzen zuen, gaur egun Alegiako Intxurre elkartea dagoen tokian abandonatutako lokala zegoen. Han aritzen ziren zarata batean eta nik 13-14 urte besterik ez nituen. Liluratuta entzuten nituen.

Zein musika entzuten zenuten garai horretan?
V.C.: Creedence, The Cream, Deep Purple, Black Sabbath, Rolling Stones... Beatles ez genuen hainbeste entzuten. Guk ere talde horien bertsioak egiten genituen. Ordurako Imanol Aranburu eta Carlos Otero sartu ziren taldean eta proiektua bikoiztu egin zen. Musika ekipoa erosi genuen eta hori amortizatzeko Gaizka izeneko plaza taldea sortu genuen. Talde horrekin ibiltzen ginen baina ez genion utzi Menphis bezala rock kontzertuetan jotzeari.
I.M.: Carlos Oterok utzi zuenean, niri hots egin zidaten Gaizkan aritzeko, bigarren gitarra bezala. Jesus Egiburu nire lehengusua da eta bere bitartez sartu nintzen taldean. Jesusek, ordea, berehala utzi zuen eta Imanol Aranburu, Carlos Badiola eta Victorrekin batera, laurok osatu genuen Sakre 1977 inguruan.

Zergatik izen hori?
I.M.: Izenak begiratzen hasi ginenean, argi geneukan motza eta zuzena izan behar zuela. Bilatzen hasi eta Sakre, literatur frantsesean 'mendeku' bezala itzulita topatu genuen. Gerora, nik behintzat, ez dut sekula gehiago entzun.
V.C.: Gogoan dut frantsesez bazela esamolde bat: sacre bleu! 'Arraioa’ edo ‘ze demontre' esan nahiko luke, espresio moduko bat da. Horrekin ohartuta aukeratu genuen Sakre izena.

Zein errepertorio lantzen zenuten?
V.C.: Garai batean bi proiektuak tartekatzen genituenez, plaza talde bezala Gaizkan, gehienbat bertsioak egiten genituen eta Sakren, berriz, guk propio sortutakoak jotzen genituen. Izan zen garai bat, arratsaldean Gaizkarekin erromeri batean aritu eta gauean Sakrerekin rock kontzertuetan aritu izan ginena.
I.M.: Gaizkan bertsioak egitea gustatzen zitzaigun, Urko, Xabier Lete edo Mikel Laboaren kantuak hartu eta rock ukitua ematen genien. Gure erara moldatzen genituen.

Ados zaudete rock progresiboaren etiketa horrekin?
I.M.: Bai. Rock sinfonikoa egiten genuela ere esan izan digute, eta hori niri pertsonalki ez zait hainbeste gustatzen. Oso handinahia dirudi horrek. Utzi genuenean, bigarren disko bat prestatzen ari ginen eta hura oraindik ere progresiboagoa zen.
V.C.: Kontziente ginen bai musika hori egiten ari ginela. Rock elaboratuagoa zen egiten genuena, heavy edo metal musikarekin baino pauso bat harago joaten ginen. Teklatuak eta pedalak erabiltzen genituen, hemen garai horretan ikusten ez zirenak, horretan izugarrizko ahalegina egiten genuen.
I.M.: Inbertsio handia egin genuen instrumentuak eta tresneria erosten. Ikuspegi horretatik begiratuta, gastu gehiago egiten genuen irabazi baino.

Musika estilo hori birtuosismoarekin lotu izan da maiz.
V.C.: Entsegu asko eta luzeak egiten genituen. Ahotsetan koroak egiten genituen eta horrek lanketa handia eskatzen zigun. Asteburuetan Alegiara goizean etorri, ogitarteko bat prestatzen ziguten eta gaueko hamarrak arte entseatzen genuen.
I.M.: Gero Trintxerpen ere izan genuen entsegu lokala. Nik eskolapioetan ikasten nuen orduan; klasetik atera, trena hartu eta arratsaldeko 18:00etan iristen nintzen. Besteak ordubete beranduago iristen ziren eta bakarrik aritzen nintzen jo eta fuego haiek etorri arte. Azkeneko trena hartuta bueltatzen nintzen Alegiara.
V.C.: Oso ezberdina da. Gaur egun, edozein kantu entzun eta Interneten topa dezakezu partitura. Gitarran baziren posizioak inork ez zekizkienak eta besteengana jotzen genuen ikastera. Beste harreman klase bat zegoen musikarien artean.

Aurreko mendeko 70ko hamarkada amaieran zuena bezalako talde asko al zegoen Euskal Herrian?
I.M.: Bai eta horietako askorekin jo izan genuen. Haizea, Enbor, Izukaitz, Lisker, Magdalena... Guk askotan jo izan genuen Koska taldearekin, adibidez. Eta Itoizen oinarrian egon zen Indar Trabesekin askotan aritu izan ginen. Juan Carlos Perez zebilen talde horretan.

V.C.: Haizea eta Izukaitz taldeek, esate baterako, folketik edaten zuten gehiago. Guk beste joera bat genuen, nazioartekoari begira geunden eta musika gogorragoa gustatzen zitzaigun gehienoi.
I.M.: Gure artean, hala ere, baziren diferentziak. Imanoli, esate baterako, Queen asko gustatzen zitzaion eta Victorrek jazz-rock estiloa zuen gustuko. Ni berriz, gogorragoa nintzen, Yes, Pink Floyd, Genesis, Led Zepellin edota Van der Graaf Generator bezalako taldeak entzuten nituen. Gure garaikideak ziren eta puri-purian zeuden orduan.

Espainiako estatuan ere bazen rock progresiborako eszenarik?
V.C.: Bai. Gainera, 1976ko maiatzaren 29an Tolosako zezen plazan eta TEE-k antolatuta rock kontzertu batean parte hartu genuen garai hartan estatuan bogan zeuden taldeekin. Kantabriatik etorri zen Bloque taldea, Madrildik Paracelso eta Tilburi taldeak eta Donostiako Brakaman ere izan zen gurekin batera jotzen. Egia da talde asko sortu zirela 70ko hamarkada erdialdera, besteak beste, estatuan sona lortu zuten Triana edota Medina Azahara taldeak ordukoak dira.
I.M.: Orduan oraindik sortu gabe zegoen Sakre eta Tolosako emanaldian Menphis izenarekin parte hartu genuen. Nik 16 urte baino ez nituen eta kontzertu horretan parte hartzeko deitu zidaten. Gerora taldea osatuta genuela Musica Urbanarekin jo genuen Pasaian eta Magna Carta ingelesekin ere aritu ginen Donostiako Gasca kiroldegian. 5.000 lagunen aurrean jo genuen.

Eta Euskal Herrian zer nolakoa zen musika panorama?
I.M.: Gu rockeroak ginen. Guretzako Ez dok amairukoak gure 'aitatxoak' ziren. Beste zerbait egitera gentozen, apurtzera. Argi geneukan, hori bai, euskaraz egin nahi genuela.  
V.C.: Orduan guk egiten genuena egiten zuenik ez zen inguruan.
I.M.: Gure atzetik bestelako musika etorri zen, punk musika nagusitzen hasi zen Euskal Herrian eta gurea bezalako taldeak gutxitzen joan ziren.

Gogoan al dituzue garai hartako kontzertuak? Nolakoak ziren?
V.C.: Urte batzuetan dezente ibili ginen. Bada Donostian taberna bat eta hango jabeak aurrekoan gure kontzertuetan ateratako argazkiak erakutsi zizkidan. Ba omen zegoen jendea emanaldiz emanaldi jarraitzen gintuena. Horiek entzunda zur eta lur geratzen naiz askotan. Ohikoak izaten ziren makro-kontzertuak, non talde batek baino gehiagok parte hartzen zuten. Lekeitioko hondartzakoa eta bereziki Donostiako Trinitate plazakoa gogoratzen ditut.
I.M.: Zaintzen genuen taula gaineko itxura. Estetika jakin bat eramaten zuten gure gisako taldeek: bi giderreko gitarra, teklatu bikoitza, bateria atzean ikusten ez den bateria jotzailea, baxu jotzailea ia mugitzen ez zena... Guk ere kanon horiek betetzen genituen. Bizi egiten genuen eta erakutsi egin nahi izaten genuen atzean egiten genuen ahalegina. Haluzinatu egiten zuen jendeak. Soloak egiten genituen eta bi instrumentuen arteko elkarrizketak sortzen genituen, bateriarekin harmonikoak egiten ziren, giroak sortzen genituen, sorpresak ematen genituen zuzenekoetan...
V.C.: Zuzenekoetan geratu gabe aritzen ginen, kantu eta kantu artean beti zegoen soinuren bat. Ekaitzaren giroa egiten genuen edo instrumenturen batek jarraitzen zuen bestea hasi bitartean.

Nola kontsideratzen zitzaizuen?
I.M.: Gazteak ginen eta ohikoa ez zen musika jotzen genuen. Susmagarri bezala hartzen gintuzten, askotan drogazaleak bagina bezala.

Zergatik bukatu zen Sakre?
I.M.: Gu biok taldea utzi genuen eta Carlosek eta Imanolek izen berarekin segitu zuten kontzertuak ematen. Gure hutsunea betetzera Brakaman taldean ibilitako baxua eta gitarra jotzailea etorri ziren, baina oso ibilbide motza egin zuten.
V.C.: Beranduago, Imanol Aranburuk Basakabi taldea sortu zuen eta hasiera-hasieran ni ere aritu nintzen bertan. Gero Imanolek, Eganen eta Trabukon ere jo zuen. Txete eta biok, Iñaki Eizmendirekin eta Imanolekin jo izan genuen, haiek laguntzen. Ni, gaur egun Oloa Beltz taldean aritzen naiz, jazz bosteko bat da eta bossa nova, jazz eta blues musika lantzen dugu.

Oraindik ere elkartzen al zarete taldekideak?
I.M.: Bai, urtean pare bat aldiz bazkariak egiten ditugu. Sagardotegiren batera joan eta trasteak eramaten ditugu. Dezente luzatzen zaigu eta aprobetxatzen dugu aspaldiko garaiak gogoratzeko, musika joz.

Erlazionatuak

Sakre, rock talde progresiboa

Jon Miranda Labaien 2017 urr 30 Alegia   Tolosa

Erabakigarria izan zen garaia

Michel Longaron 2017 urr 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!