Erabakigarria izan zen garaia

Michel Longaron 2017ko urr. 30a, 08:32

70eko hamarkada hasieran Txete eta biok Menphisen lokalean entseatzen genuen, Alegian. Haiek bertan ez zeuden unea aprobetxatzen genuen guk jotzeko eta ez ginen haien instrumentuak ukitzera ere ausartzen. Deep Purple, Santana, King Crimson eta Rory Galagherren bertsioak egiten zituzten nagusiki.
Ez dut uste era horretako musika egiten zuen bandarik zegoenik Gipuzkoan, ez behintzat Tolosaldean.

Baziren gutxi batzuk Donostian eta Pasai Antxo - Orereta inguruan. Gehienbat The Beatlesen eragina handia zen hemen eta oraindik Los Bravos, Los Sirex, Los Mustang bezalako taldeek funtzionatzen zuten estatu mailan. Pixkanaka banda rockeroagoak hasi ziren sortzen bazterretan, Amerikako rockaren eraginpean Leño, Ñu eta Paracelso, adibidez. Euskal Herrian, Ez Dok Amairu desegin ondoren, lehen pausoa ematen hasiak ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Lete bakarlariak.
Dantzaldiak, gehienbat, orkestinek girotzen zuten eta errepertorioa tango, pasodoble, cumbia eta boleroekin osatzen zuten. Zafiro eta Los Poker bezalako taldeak ditut gogoan. Tolosatik kanpora, bidea zabaltzen hasi zen Egan plaza taldea kantu modernoagoak joz eta gerora etorriko ziren Akelarre bezalakoak. Tolosan, Zelaia anaiek, Alberto Agirrek, Abelino Mokoroa eta konpainiak Jaiak taldean bildu eta dantzaldietako giroa modernizatu zuten, baita ere. Beste bi banda ere baditut gogoan, Tolosan lekututa zeudenak: Los Drakes eta Los Brujos. Beatles eta The Monkees taldeen eragina zuten eta apenas jotzen zuten zuzenean, festaren batean ez bazen. Guatekeen garaia zen.
Erabakigarria izan zen garai hori ikuspegi askotatik begiratuta. Franco 1975ean hil zen eta 40 urtean itxita egon zen leiho bat zabaltzen hasi zen. Aurreko urteetan errepresioa modu askotara gauzatu zen, baita ere kultur mailan eta argi izpi horiek ilusioa eta liberazioa ekarri zuten. Hurrengo belaunaldiei sentsazio horiek azaltzen oso zaila da.
Nik 16 urte nituen Franco hil zenean eta ez geneukan informaziorik ia garai horretan. Ez zegoen ez musikaren inguruko bideorik edo literaturarik. Musika modernoa zena ikasteko iturririk ez geneukan eta Donostiara nazioarteko banda bat etortzen zenean, urteko gertakari nagusia izaten zen, denbora luzean gogoan iltzatuta geratzen zitzaiguna eta hemendik kanpora zer egiten zen lausoki sumatzeko balio ziguna.
Gure instrumentuak oinarrizkoak ziren. Nik Honsuy zahar batekin jotzen nuen, airezko tinbala bonboari soka batekin lotuta, eta erdi puskatuta zeuden bi plater nituen, txarangako kaxa bat... Sakreko bateriak Rodgers bateria berria erosi zuenean, nik ezin nion begiratzeari utzi. Ez nintzen ukitzera ere ausartzen, eta gau batean baino gehiagotan egin nuen amets instrumentu horrekin. Berdina gertatu zen, Jesusek Fender Stratocaster bat erosi zuenean, tentelduta begiratzen genion. Gaur egun, hamar urteko umeek ez dakite ia danborra jotzen, eta dagoeneko musikari profesionalak ginela, 20 edo 25 urterekin begiratzera ausartuko ez ginatekeen bateriak oparitzen dizkiete gurasoek.
Sakre, instrumentista onen banda bat izan zen. Garai hartan zaila zen denbora luzean taldea bizirik mantentzea, are gehiago musika komertziala egiten ez bazenuen. Ia kontzerturik ez zen izaten eta beste lanetan aritu behar izaten zuen jendeak; entsegutarako ordutegietan bat etortzea zaila egiten zen eta azkenean, normalena, tal

Erlazionatuak

Sakre, rock talde progresiboa

Jon Miranda Labaien 2017 urr 30 Alegia   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!