Sakre, rock talde progresiboa

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 30a, 07:37

70eko hamarkada bukaeran rock progresiboak Euskal Herrian izan zuen boladaren barruan kokatzen da Tolosan oinarria duen Sakre taldea. Ibilbide laburra izan zuen baina oparoa. Taldeak ‘Bizitako gauzak’ diskoa kaleratu zuen 1978an eta garaiko talde ezagunekin batera eskaini zituen kontzertuak.

Sakre izango zenaren oinarria 1974. urtean hasi zen eratzen Tolosan. Urte horretan Juan Carlos Badiolak (bateria), Victor Carracedok (baxua eta ahotsa), Javier Nogueirak (gitarra apala eta ahotsa), Jesus Egiburuk (gitarra solista eta ahotsa) eta Jesus Aldazabalek (organoa) indarrak biltzea erabaki zuten, hainbat talde atzean utzita (Los Surcos, Botones Rojos, Experiencia), eta Menphis izenarekin Donostian eta Altsasun antolatutako musika lehiaketetara aurkeztu ziren. Azken horretan lehenengo saria jaso zuten, eta urte horretako udan hainbat emanaldi eman zituzten, Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere; besteak beste, Burgosen, Errioxan eta Kantabrian.

Ordura arte, beste talde batzuen bertsioak egiten zituzten, baina 1975. urtearen hasieran, Carlos Otero abeslaria eta Imanol Aranburu organista sartzearekin batera –Jesus Aldazabalen eta Javier Nogueiraren tokia hartu zuten– konposatzeari ekin zion Menphisek. Orduan hasi zen taldea euskaraz abesten, eta erositako musika ekipoa ordaindu ahal izateko, dantzaldietara nahiz rock jaialdietara begira jartzea erabaki zuten kideek. Plazetan jotzeko Gaizka izena hartu zuten, eta Menphis deiturarekin segitu zuten rock kontzertuetan. Horrela, 1976an, Tolosako zezen plazan, eginiko rock jaialdi garrantzitsu batean parte hartu zuten garaiko hard-rock eta rock progresiboko beste hainbat talderekin batera: Bloque, Paracelso, Brakaman eta Tilburi...

Emanaldi horretan aritzeko gonbidatu zuten Iñaki Mezquita Txete alegiarra gitarrista bezala aritu zedin. Aranburu, Badiola eta Carracedorekin batera, 1977an, Sakre izena hartuko zuen taldea sortu zuten.


Rocka baina pauso bat haratago

«Rock progresibo edo sinfonikoaren garaia zen. Pink Floyd, Yes, King Crimson, Genesis, Emerson, Lake & Palmer eta beste hainbat taldek modan jarri zituzten konposizio luzeak, konplexuak eta handinahiak, eta birtuositate instrumentala. Rocka –edota folka, zenbait kasutan– musika kultuarekin edota jazzarekin uztartzen zituzten; kontzeptu edo hari baten inguruan garatzen zuten maiz sorkuntza, eta zuzeneko emanaldietan beste baliabide batzuk eransten zizkioten: irudien proiekzioa, antzezpena...». Horrela definitzen du rock progresiboa Jon Eskisabelek Badok atarian.

Euskal Herriko musikariak ez ziren joera horietatik aparte geratu. Franco hil ondorengo urteetan rock belaunaldi berri bat osatu zuten Itoiz, Enbor, Lisker, Haizea, Izukaitz, Magdalena, Koska edota Zen taldeek. Horietako askok folka oinarri hartuta garatu zuten rock progresiboa, baina Sakrek «doinu gogorragoak» nahiago zituen. Yes, Pink Floyd, Genesis, Led Zepellin, Van der Graaf Generator bezalako taldeak izan zituzten ispilu.

70eko hamarkada bukaeran sortutako talde gehienek oso ibilbide laburra izan zuten, 80ko hamarkada hasierarako desagertuta baitzeuden. Sortu berriak ziren Xoxoa, IZ edota Elkar diskoetxeetan grabatu zituzten euren lanak, eta Sakreren kasuan bezala disko bakarra edo gehienera pare bat grabatu zituzten. Tolosan sortutako taldeak Bizitako gauzak lana grabatu zuen 1978an.
Diskoa argitaratu eta pare bat urtera desagertu zen Sakre, nahiz eta musika munduan jarraitu zuten taldekideek. Rock progresiboaren zantzuak segitu zuten musikari horien eskutik, bai 80ko hamarkadan sona handia lortu zuten plaza taldeetan eta baita euskaraz kantatu zuten beste hainbat bakarlariren diskoetan ere. Ia 40 urte beranduago bizirik segitzen du rock progresiborako zaletasunak Sakreko kide izan zirenengan eta baita ere euren musika jarraitu zutenengan.

 

‘Bizitako gauzak’ (1979)

1978ko udan, astebetean, H.M. estudioan (Milafranka, Lapurdi) grabatu zuen Sakrek bere disko bakarra. Lana grabatu aurretik bertan jasotako kantuak zuzenekoetan ibili zituzten eta taldekideek aipatzen dutenez, «ia zuzenean» egin zuten grabazio lana ere. Victor Carracedo taldekidearen esanetan, «nik zuzenean mahaira konektatu behar izan nuen baxua, adibidez». Ez zuten diskoa nahi bezain baldintza onetan grabatu eta zuzenekoetan lortzen zuten soinua «oraindik ere hobea zela» uste dute Sakreko kideek.
Disko kontzeptuala da Bizitako gauzak. Iñaki Mezquita Txete taldekidearen esanetan, «garaitsu horretan atera ziren The Who taldearen Quadrophenia eta Tommy lanak eta Genesis taldearen The Lamb Lies Down on Broadway. Antzeko zerbait egiten saiatu ginen; pertsona baten bizitza hartu eta bere sentipenak azaldu genituen: maitasuna, inpotentzia...».
Eurek sortutako hitzekin batera, batetik eta bestetik jasotakoak ere baliatu zituzten diskorako. Xabier Leteren, Sinisten dut eta Hala ere abestien pasarteak eta Izarren hautsa kantuaren bertsioa ere bildu zituzten. Imanol Aranburuk eta Iñaki Mezquitak egiten zituzten ahotsak.
Garai hartan ohikoa zen irudia baliatu zuten diskoaren azalerako. Jose Llanosek egin zuen eta Mezquitak gogoratzen duenez, «guk ez genion azalpenik eman, bere erara osatu zuen». Taldekide izandako Javier Nogueirak egin zuen Sakreren anagrama, «m hizkiaren gainean s hizkia sostengatzen da, Menphisetik sortu zelako Sakre».
Elkar diskoetxearekin argitaratu zuten diskoa, eta beraz, haien esku geratu ziren eskubideak. «Urte dezente beranduago berrargitalpen bat egin zuten biniloan eta Japonen saldu zuten. 80 edo 90 eurotan saltzen zuten alea», adierazi du Carracedok. 39 urte pasa arren, kultuzkoa izaten jarraitzen du askorentzat musika progresiboak.

Erlazionatuak

Erabakigarria izan zen garaia

Michel Longaron 2017 urr 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!