Auto pribatuen erabilera murrizteko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 19a, 16:08

Partekatuz gero, urrutirago iritsiko gara lelopean ospatuko da aurten, Mugikortasun Astea; ostiralean izango da Kotxerik Gabeko Eguna.

Tolosaldeak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako bataz besteko motorizazio tasa baino altuagoa du; biztanleko 0,64 ibilgailu. Tolosaldea Garatzenen arabera, eskualdeko biztanleen joan-etorrien %54a autoz egiten da eta %10a bakarrik egiten da garraio publikoan. %36a aldiz, oinez edo bizikletan egiten da. «Gure erronka da %54eko datu hori jaistea», esan du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko garapen iraunkorreko gaien teknikariak, Mugikortasun Jasangarriaren Astearen aurkezpenean.

Europa osoan ospatzen da Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra eta Tolosaldean egun nagusia ostiralean izango da, irailak 22, Kotxerik Gabeko Eguna ospatuko baita egun horretan. Bi ekitaldi izango dira hitzorduaren harira. Batetik, Tolosa eta Ibarra artean Bizibira egingo dute eta bestetik, Aduna, Asteasu, Villabona eta Zizurkil artean ere bizikleta bira egingo dute Kaleak denontzat lelopean. Ibarra eta Tolosako ekitaldian, bi herrietako ikastetxeak lotuko dituzte bizikleta bira bat emanaz, horrela «ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzeko», esan du Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak. Ibilbidea Intujai Teatro taldeak dinamizatuko du eta bukatzerakoan, Zumardiaundian, merendola eta festa txiki bat egingo dituzte, puzgarriekin eta bestelako jokoekin, 18:00ak inguruan. Era berean, Ibarrako Uzturpe ikastolak eta Tolosako Samaniego ikastetxeak abian duten OinezBus egitasmoa sarituko dute. Haurrak elkartu eta oinez joaten dira eskoletara, taldean, mugikortasun jasangarria bultzatuz.

Era berean, Kotxerik Gabeko Eguna dela eta, Uzturpe ikastolak ikasle, irakasle zein langileei ikastolara oinez joateko gonbita egin die. Hori dela eta, autobus zerbitzua mugatuko dute eta irakasleak plazara jaitsiko dira ikasleak bildu eta ikastolara oinez igotzeko.   

Kaleak denontzat
Aduna, Asteasu, Villabona eta Zizurkilen ere bizikleta bira egingo dute ostiralean. Goizean izango da bira eta Adunatik irtenda, Asteasu zeharkatu eta Zizurkilera joango dira. «Helburua herritarrek ibilbidea bizikletan eta modu seguruan egitea da», esan du Agirrezabalak. Hori dela eta, bidegorririk ez dagoen tarteetan errepidea itxiko dute, une batez. Adunaren kasuan, abiapuntua Andoaingo Sorabillako bidegurutzea izango da. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan elkartuko dira guztiak, baita Villabonako ikastetxeetakoak ere, 11:00ak aldera, eta elkarretaratze bat egingo dute lehenik eta hamaiketakoa ondoren.

Bi horiek ez dira, dena den, ekitaldi bakarrak. Gaur hasi eta osteguna bitarte Tolosako ikastetxe guztietako 6. mailako ikasleak herriko errepide eta bidegorriak zeharkatzen ari dira, taldeka, bizikletarekin doazenean kontuan hartu beharreko arauen berri izateko. Udaltzaingoen laguntzarekin ari dira burutzen ikastaroa. Bukatzeko, Adunan, bihar, herriko plazan gazteei eta familiei zuzendutako sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte 16:00etatik aurrera. 

Erlazionatuak

Mugikortasun Jasangarriaren Astea, egitaraua

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 ira 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!