Autobusaren erabilerak gora egin du eskualdean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 19a, 16:13

Tolosaldean herriarteko autobus zerbitzua berrantolatu zen 2014an, eta ordutik, erabiltzaile kopuruak gora egin du.

«Orotara zerbitzu berria martxan jarri zenetik %125 igo da erabilpen kopurua», esan du Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek. Eta hori da hain zuzen, eskualdeko garapen agentziak auto pribatuen erabilera altuari aurre egiteko darabilen esku hartzeetako bat. Aipagarria da zentzu horretan, Aduna-Andoain, Orendain-Alegia, Ugarte-Bedaio eta Villabona-Alkiza ibilbideek izandako erabiltzaileen igoera.

Datu zehatzagoak ere eman ditu teknikariak. Tolosaldeko zerbitzua emateko 7 autobus, 2 mikrobus eta eskualdeko bertako 9 taxi baliatu dituztela esan du eta 2014an 113.387 erabiltzaile izatetik, 2015ean 216.590 erabiltzaile pasa zela zerbitzua. 2016ean 268.874ra igo zen kopurua.

Horrekin batera, hil honetan bertan udal guztietan Tolosaldea Bus eta TSST autobusen ibilbide eta ordutegien informazio euskarriak berritu dituztela esan du Mendizabalek. «Informazio euskarriak eta kartelak berritu dira, eta markesinetan eta horretara bideratutako informazio guneetan jarri dira», gaineratu du. Tolosaldea Garatzeneko beste apustuetako bat bizikletari lotutakoa da. «Gure eskualdean gero eta udal gehiago ohartu da herrian eta herrien artean autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartu beharraz eta diru laguntzak jasotzen dituzte horretarako», esan du.

Datu esanguratsu bat ere eman du teknikariak: Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiaren arabera, 2015eko azken datuek diote, lurraldean ohiko erabilerarako bidegorriaren erabilera %29tik %38ra igo dela eta Gipuzkoan hobekien baloratutako bidea Zizurkil-Asteasu arteko bidegorria dela. «Azken urteetan ere Tolosaldean bidegorri sarea osatzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, oraindik zati batzuk eraikitzea falta den arren», esan du Mendizabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!