Ostegunetan ostegunena, baita lehorrean ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abuztuaren 31

17:30ean hasiko da, gaur, 2017ko Kontxako banderarako sailkatze estropada; eskualdeko dozenaka arraunlari ariko dira, hamalau ontzi horien artean sartzeko lehian.

Iraileko lehen igandearen aurreko osteguna. Ostegunetan ostegunena. "Ostegun santua" ere deitzen zio zenbaitek. Iritsi da Kontxako banderarako sailkatze estropada, eta Tolosaldeak ordezkaritza zabala izango du, Donostiako uretan.

Arraunlari nahiz arraun zaleek gozamenaren plaza izango dituzte portua eta haren ingurua; egiazki, arraun denboraldi osoan, egun gutxik izango du halako xarmarik. Eta, festa giro horren barruan, kontzentrazioa, buru hotza eta kemena uztartzeko lanetan ariko dira gizon-emakumeak. Iragarpenak, gainera, itsaso mugitua iragarri du gaurko, metro eta erdiko olatuekin; patroiek beren trebezia dantzan jarri beharko dute, bai ala bai.

Eskualdetik, hogeiren bat arraunlarik parte hartuko dute gaurko hitzorduan. Emakumeak izango dira lehenak, 17:30ean hasita, eta faboritoek ez lukete hutsik egin beharko. Horrela, sailkatutako zazpi ontzien artean aritzeko itxaropenez uretaratuko dira San Juan eta Orioko arraunlariak; baita Hernanikoak ere, bai baitute barruan izateko aukerarik. Esan gabe doa, gainera, Donostiarrako arraunlariak zuzenean igandeko zitan hasiko direla aurtengo Kontxarekin.

Gizonezkoen kasuan, berriz, Hondarribia, Kaiku, San Juan, San Pedro, Zarautz eta Zumaia ordezkatuz ariko dira Tolosaldeko arraunlariak, 18:00etatik aurrera. Orain arte ligak emandakoari begira, kontu ziurra dirudi Hondarribia, Kaiku eta San Juan sailkatzea; ikusi egin behar, gainerakoek zein zirrikitu harrapa dezaketen, zazpi postu preziatu horietako bat hartzeko.

Apustuak dantzan dira, eta baita urduritasuna ere. Has dadila festa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!