Ibiliz ezagutzen da

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 25a, 08:55

Eskualdeko hiru herri ezagutzeko aukera eskaintzen dute beste hainbat ibilbidek: Asteasu, Altzo eta Amezketa. Hiru bidelagun ditu bisitariak herri bakoitzean, hurrenez hurren: Bernardo Atxaga, Altzoko Handia eta Fernando Amezketarra. 

Aukera bat baino gehiago izan ohi dira herri batera iristerakoan bertako ingurunea eta historia ezagutzeko. Eskualdeko hiru herritan aukera ibiltariak eskaintzen zaizkio bisitariari: Asteasun Muskerraren Bidea, Altzon Altzoko Handiaren ibilbidea eta Amezketan Fernandoren Txokoak ibilbidea.

Herri bakoitzeko herritar ezagunenak dira, hain justu, ibilbidearen bidelagun direnak. Asteasun Bernardo Atxaga idazlea izango da Muskerraren Bidearen gidaria. Altzon, ibilbidearen izenak dioen moduan, Altzoko Handia izango da protagonista. Amezketan, Fernando Amezketarraren bitartez paseatu ahalko da bere jaioterritik.

Hiruen bitartez, bere obra eta bizitzen berri izanez, herriko txokoak bisitatu eta ezagutzeko aukera ematen du. Izan ere, bidaia guztiek ematen dute ezagutza zabaltzeko modua. Jakin baitakigu, ibiliz ezagutzen dela. 

 

Asteasu eta Obaba, bat eginik

Muskerraren Bidea bi kilometro inguruko paseo atsegina da, Bernardo Atxagaren bi lekuak, Asteasu eta Obaba, barrutik ezagutzeko. Elizmendi auzoan dagoen Pello Errota eskolan dago abiapuntua, eta, handik aurrera, musker urdinek gidatzen dituzte ibiltarien pausoak.

Bernardo Atxaga beraren ahotsean jaso- tako azalpenak lagun izanik (QR kodeen bidez entzun daitezke horiek bideko paneletan), Juan Bautista Agirre eta Lizarraga jenerala bizi izan ziren etxera iritsi daiteke, edota Antonio Arrue jaio izan zenera. Bidean Bi Anai, Obabakoak, Lekuak, Nevadako egunak edo Txoriak kolpeka liburuetako pasarte biografikoenak entzun daitezke.

Ibilbidean hainbat puntutatik igarotzen da bisitaria. Abiapuntuan Ahozko Tradizioa da gaia, ondorengoena Euskara, hirugarrena Obaba izendatu dute, laugarrena Elizmendi, bosgarrenak Sagarrak, Txoriak, Tximeletak, Trikuak... du izena eta azkenak Bernardo Atxaga. Idazle asteasuarraren testuen bidez Obabaren mundu magikora iritsi daiteke, Asteasuko herrigunetik paseoan ibiliz. 

 

Altzoko Handiaren bizipenak

Lehen ere ezaguna zen Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861), Altzoko Handia. Azken urteotan, baina, are ezagunagoa egin da, bere bizitzan oinarrituta haurren operaren diskoa kaleratu delako, hortik txotxongilo antzerki opera emanaldia sortu zuten, eta horrez gain, laster pelikula estreinatuko da.

Altzoko Handia eta bere jaioterria ezagutzeko asmoz gero eta bisitari gehiago joaten da Altzora. Udalak, eskaera horri erantzun asmoz, eta herritarrek ere bere herrikidearen bizitzaren berri izateko, panel batzuen bidez ibilbidea osatu du. Guztira lau panel daude kokatuta herrian. Lehenengoa Altzo Muñoko plazan bertan dago, elizaren ondoan. Bigarrengoa Eleizegiren jaiotetxea izan zen Ipintza baserrian dago, hirugarrena Altzo Azpiko elizaren parean, eta azkena Altzo Muñoko frontoiaren ondoan, protagonistaren eskulturatik gertu.

Koldo Izagirre idazleak osatu ditu panelen testuak eta Juanba Berasategik egin zituen diseinuak. Altzoko Handiaren bizitza, pasadizo eta irudiak ikusi eta irakurri daitezke. Testuak euskaraz daude eta QR bidez gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez jaso daitezke. 

 

Amezketa, Fernandoren begietatik

Orain hiru urte bete ziren 250 urte Fer- nando Amezketarra, Amezketako per- tsonaia ezagunena, jaio zenetik. Amezketar petoa zen Fernando Bengoetxea Altuna, eta bere bertsoaldietan makina bat alditan aldarrikatu zituen bere herriaren bertuteak. Fernandoren bizitzako pasarteak oso ezagunak dira, eta herrian zehar hedatzen dira istorio horien lekuko izan ziren etxeak.

Hainbat jarduera egin ziren Amezketan 2014an, herriaren 400. urteurrena ere ospatu baitzuten. Ekimen horietako bat izan zen Fernandoren Txokoak ibilbidea osatzea.

Amezketako herrigunetik abiatuta, hiru kilometro inguruko oinezko ibilbidean, Amezketako herrigunea eta bere ingurua bertatik bertara ezagutu ahal da. Horrez gain, amezketarren nortasun ekitaldiei buruzko informazioa izango da, baita herriko zerbitzuei buruzkoa ere.

Ibilbidea herriko plazan hasten da, hain justu, Fernando Amezketarra izena duena. Ondoren Kotxeta izeneko lekutik pasatzen da, gero Fernando bizi izandako etxeetatik, jarraian Mendiko etxetik, Espilla Saletxetik, eta Ergoena auzotik igarotzen da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!