«Gure helburua turismoa sektore ekonomiko gisa garatzea da; lanpostuak sortu ahal izatea»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 20a, 11:53

Bidaiatzea pasio zuela-eta, afizioa ofizio bilakatzeko erabakia hartu zuen turismo ikasketak aukeratzerakoan, eta hamarkada beteko du, laster, Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikari lanetan. Olatz Ilarregik (Urnieta, 1980) errekor urtea espero du aurten ere, baina argi dauka Tolosaldea ez dela sekula turismo masifikazioen gune bilakatuko. 

Udako denboraldia hasi da, zein aurreikuspen duzue?

Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza bat egiten du Deustuko unibertsitateko turismo graduarekin, eta zenbait txosten egiten ari dira. Lehen lauhilabeteko emaitzak argitaratu berri dituzte, eta badirudi azken urteotako gorakadarekin jarraituko dugula, eta aurtengoa ere errekor urtea izango dela. Gure eskualdean alojamenduen gehiengoa nekazalturismoek eta landetxeek osatzen dute, baina Nekaturek ere iragarri du: aurten erreserbetan, iaz okupazioan izandako datuak dituzte. Horrek esan nahi du, datozen hilabeteetan ia bermatuta dutela igoera. Horregatik, pentsatzen dugu Tolosaldean ere bisitarien igoera hori nabarituko dela, eta pozik gaude guztia prestatzen.

Zein izan daiteke bisitari kopurua hazi izanaren arrazoia?

Uste dut, batetik, eragin handia izan duela ETAk su etena iragarri izanak. Hemen bizi garenontzako gezurra dirudi, baina Andaluzian eta beste zenbait tokitan bazegoen hona etortzeko beldur hori. Horrez gain, beste hainbat faktore daude: kultur hiriburutza, kanpo-merkatuetan egiten ari diren promozioa,... Horren harira, estatutik kanpoko turistak gero eta gehiago bisitatzen gaituzte. Guretzako oso interesgarria da hori, izan ere, turista atzerritar horrek jatetxeetan nahiz establezimenduetan kontsumo altuagoa egiten du, estatuko turista batek baino.

Espainia hegoaldeko herritarrentzako Euskal Herria ez da helburu turistiko merke bat, baina, aldiz, Europa iparraldeko leku batzuekin alderatuta, Euskal Herria merkeagoa da; horrek ere eragin zuzena du, noski.

Tolosaldea Garatzenen aldetik, zein da turismo estrategia?

Gure helburua turismoa sektore ekonomiko gisa garatzea da; lanpostuak sortu ahal izatea. Ikusten dugu turismoak oso eragin positiboa duela, beste hainbat sektoreren osagarri izan daitekeelako. Tolosan, adibidez, bertako biztanleen kontsumoarekin batera, turistek ahalbidetzen dute merkataritza eta ostalaritza zerbitzua mantentzea, eta zerbitzu hobea eskaintzea. Era berean, landa ingurunean, kanpo-turismo hori onuragarria da, herri txikietako ostatuentzako eta lehen sektorearentzako. Beraz, esan dezakegu turismoa Tolosaldeko ekonomiaren osagarri dela, ez baita hiriburuetan adina garatu.

Zein dira Tolosaldean arrakasta handiena duten interesguneak?

Jende gehien erakartzen duten guneak bi dira: Tolosa eta Larraitz. Horrez gain, Hernio ingurua ere indarra hartzen ari da, eta zenbait turista erakartzen ditu. Garatzen ari den zonaldea da, eta proiektu politak atera daitezke.

Tolosaldea bisitatzen dutenen artean, ba al da profil zehatzik?

Familia asko etortzen dira, eskualdeko alojamendu motagatik, eta joera hori Larraitz inguruan nabaritzen da gehien. Tolosan, berriz, bikoteak gehiago izaten dira. Jatorriari dagokionez, kataluniarrak eta madrildarrak izaten dira nagusi.

Era berean, txangozale asko jasotzen ditu Tolosaldeak, hiriburuetatik-eta egunpasan jende asko etortzen baita.

Aurrera begira, ba al duzue erronka edo helburu berririk?

Bai, hainbat proiektu ditugu esku artean. Gure lan ildoak beti natura, turismoa eta grastronomia izan dira, baina, egia esan, kulturaren inguruan ideia eta egitasmo berriak sortzen ari dira, familia turismoari begira. Datorren urtean, adibidez, 200 urte beteko dira Altzoko erraldoia jaio zela, eta efemeridea baliatu nahi dute. Asteasun, berriz, Muskerraren bidea egitasmoari jarraipena eman nahi diote, zabalduz. Badaude ideia interesgarriak, eta gure lana horixe da: gero eta eskaintza zabalagoa prestatzea, bisitariak erakartzeko.

Udaz gain, urte osorako helburu turistiko egokia da Tolosadea?

Bai. Zalantzarik gabe, uztailean, abuztuan eta Aste Santuan jasotzen ditugu bisitari gehien; bai, behintzat, bertan lo egiten duten turistei dagokienez. Udazkenean, berriz, egunpasak egitera bertaratzen da jendea, agenda oparoak erakarrita. Gure erronka turismo jarioa ahalik eta urte sasoi gehienetara zabaltzea da.

Donostian polemika piztu da, turismoak dakarren masifikazioa dela eta. Tolosaldean, garrantzitsua iruditzen zaizu turismo jasangarri horri eustea?

Bai. Jasangarritasun irizpideak txertatuta dauzkagu gure jardunean, eta saiatzen gara hori gure bereizgarri izan dadin. Horrela, bertako produktuak sustatzen ditugu, gure natur baliabideak jendeari erakutsiz.

Egia esan, Tolosaldea oso-oso urrun dago saturaziotik, eta mantendu egiten dugu establezimendu kopurua; nekazalturismo zenbait itxi dituzte, baina berri batzuk ireki ere bai. Ez dago sekulako jendetza eskualdera ekarriko duen azpiegiturarik eta, uste dut, eskaeraren neurrikoak direla eskualdeak egiten duen eskaintza eta udalek egindako inbertsioak.

Oraindik ere badaude eremu berriak proiektu berriak garatzeko, Ibiur inguruko pista perimetrala, esaterako. Aurrekontu handi samarra behar da, eta ea egunen batean hori garatzea lortzen dugun.

Bertakoek ezagutzen al dituzte kanpotarren artean arrakasta duten interesgune horiek?

Askotan kanpora joaten gara, eta bertakoa ez dugu ezagutzen. Adibidez, eskualdeko jendeak beti izan du joera Larraitz aldera joateko, eta uste dut inguru hori ezaguna dela. Aldiz, Topic zentroaren kasuan, esango nuke jende asko oraindik ez dela museora sekula sartu.

Horregatik, Museoen Nazioarteko Egunean ate irekiak antolatzen ditugu, eta guk geuk ere Alde Zaharreko gaueko bisita doan egiten dugu, bertako herritarrek ezagutza horiek jaso ditzaten. Badakigu anfitrioi onenak bertakoak direla, eta bide horretan lan handia dugu egiteko. 

Erlazionatuak

Zentzumenak zabalik bisitatzekoa

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!