Finalak ate joka

Ataria 2017ko ekainaren 20a

III. Ataria Pilota Txapelketa finalei begira dago dagoeneko. Asteburuan jokatu ziren finalerdi guztiak eta erabakita geratu ziren uztaileko lehen egunean Alegian jokatuko diren azken partidak.

Ostiralean Albizturren eta igandean Lizartza eta Zizurkilen jokatu ziren finalerdiak. Kontuan izateko mailako partidak ikusi genituen, markagailuek erakusten dutena baino askoz estuagoak asko. Finalek, baina, maila bakoitzeko bi bikoterentzat bakarrik dute lekua: batzuen pena eta besteen poza.

Finaletan, eskuz, Benjaminak B mailan Zufiria-Gonzalez eta Hernandez-Garmendia bikoteak neurtuko dira; Benjaminak A mailan, Meulman-Otaegik eta Elola-Muruak jokatuko dute elkarren aurka; alebinetan, Gorostidi anaiak eta Ruiz-Mujika izango dira aurrez aurre; infantil mailako finala, berriz, Altuna-Uzkudun eta Perurena-Gabirondoren artekoa izango da.

Palako neurketei dagokienez, Kadete-Jubeniletan Larrarte-Esnaola bikoak Perurena-Agirre (Klaudia Bachen tokian jokatuko du Perurenak hura kanpoan delako egun horietan) izango du aurkari; infantiletan, Agirre-Murua eta Urkola-Sarasola lehiatuko dira; eta alebinetan, Jauregi-Aranburu eta Zubillaga-Navarro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!