Hemen da III. Ataria Pilota Txapelketa

Ataria 2017ko api. 21a, 11:53

‘Tolosaldeko Ataria’ eta Tolosaldeko pilota eskolak eskuz esku ari dira lanean, beste urte batez.

Gaur emango zaio hasiera Ataria Pilota Txapelketaren hirugarren ekitaldiari, Albiztur, Altzo, Berastegi, Villabona eta Ikaztegietako frontoitan; bihar izango du segida Ibarran eta etzi Amezketa eta Lizartzan. Eta honela, asteburuz asteburu, Alegia, uztailaren 1ean jokatuko den final egunera arte.

Aurrekoetan bezala, eskualdeko Pilota Eskola eta Elkarte guztien eta Tolosaldeko Atariaren artean antolatu da, elkarlanean, eta bertako pilotak gaur egun bizi duen loraldiaren  oinarri-oinarrian dagoen lanaren argazki bikaina eskaintzen digu.


Eskuz esku
Aurreko bi urtetako esperientzia ona berrituz, Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Sendi Ekintza (Ibarra), Su Berri (Anoeta), Tolosa C.F. (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) Pilota Elkarteak, eta Albiztur, Alegia, Alkiza,  Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama eta Lizartzako pilota-eskolarekin eskuz esku ari da Tolosaldeko ataria txapelketa hau antolatzen. Elkarrekin erabaki ditugu jardun arauak.

Eskuz eta palaz
Iazko molde  eta mailak errespetatu dira. Eskuz jokatzeko aukera izango dute hala nahi duten benjamin mailatik hasi eta infantil maila bitarteko neska eta mutilek. Palaz jokatzeko aukera izango dute, berriz, modalitate honetan diharduten alebin mailatik jubenil mailara bitarteko neskek; bigarren multzo honetako adin tartea zabaltzea erabaki zen joan den urtean, modalitate eta maila hauetan trebatzen ari direnek lehiarako aukera gutxi dituztelako.


Gazteenei begira
Hasiera hasieratik, gazteenengan jarri du arreta antolatzaile taldeak, pilotari lehen zartadak ematen ari zaizkien horiengan. Txapelketa egitura izangatik, parte-hartze zabala bultzatzea eta gazteenen pilotarekiko zaletasuna bultzatzea du helburu nagusia. Horrek eragina du jardun ereduan -ligaxka eran jokatuko dira lehen sailkapenak, pilotari bakoitzari bizpahiru partida jokatzea ahalbidetuz aukeratu duen maila eta modalitatean- eta erabiliko dituzten materialetan: eskuz, pilota goxoak infantil mailara arte eta, palaz, maila bakoitzerako Pilota Federazioak izendatuak dauzkanak.


331 parte hartzaile
Banatuta 152 bikotetan, hirukoak dira batzuk,  hirurehun eta hogeita hamaika pilotarik, 270 mutil eta 61 neska, eman dute izena txapelketa honetan,  iazko kopurua ezin gutxiagogatik gaindituz, iaz baino bat gehiago baitira aurten.  Mutil guztiek eskuz jokatuko dute, ez daukate beste aukerarik, eta izena eman duten nesketatik 9 ariko dira eskuz eta 52 palaz.


13 herritan
Eskualdeko 13 herritan jokatuko dira partidak. Sarreran aipatu bezala, aurten Alegiako Elorri frontoian jokatuko dira finalak, uztailaren 1ean, eta beste 12 herritan jokatuko dira modalitate eta maila desberdinetako sailkapen partidak: eskuz, Albiztur, Altzo eta Berastegin ariko dira txikienak, Ibarra, Ikaztegieta eta Villabonan benjaminak, Alkiza, Asteasu eta Bidania-Goiatzen alebinak eta Amezketan infantilak; palaz, berriz, Lizartzan alebinak eta infantilak. eta Zizurkilen kadete eta jubenilak.


Jolasera
Arrunta da garaiotan, goi-goi mailako pilotariei, arrakasta eta porrotaren ardatzak batzen dituen hari meharraren gainean balantzaka ibili ondoren, zein baino zein, tantoa egindako ia bakoitzean ospakizun keinu nabarmenak eginez aritu eta gero,  ondo edo gaizki jolastu dutela entzutea.  Jokatzen ari dira, ordea,  jolasean dabiltzalakoan nonbait! Gure hauek, ordea, jolasean nahi ditugu, jokatzen ari direlakoan: goza dezatela, goza dezagun!

 

PARTAIDEAK

ADIN TARTEA   

BIKOTEAK  

PILOTARIAK

Benjaminak B
Benjaminak A
Alebinak eskuz
Alebinak palaz
Infantilak eskuz
Infantilak palaz
Kadete-jubenilak palaz

GUZTIRA

42
45
25
10
16
8
7

153

90
96
56
21
37
17
14

331

 

PARTIDAK HERRIZ HERRI

ESKUZ
 Benjaminak B
   Albiztur     
   Altzo
   Berastegi

 Benjaminak A
   Ibarra    
   Ikaztegieta
   Villabona

 Alebinak
   Asteasu
   Alkiza
   Bidania-goiatz

 Infantilak
   Amezketa

PALAZ
 Alebinak-infantilak
   Lizartza

 Kadete-jubenilak
   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!