Kartzelak gizon izena dauka

Ane Urkola 2016ko abe. 20a, 08:03

Kartzela sistema heteropatriarkatuaren tresna denez, egitura patriarkala dauka: gizonek gizonentzat egin dituzte. Ondorioz, emakumeek zapalkuntza sistematikoa jasaten dute bertan, eta beren egoera are gogorragoa da.

Emakumea eta kartzela hitzaldia antolatu zuten aurreko astean Tolosako Gazte Asanbladak eta Tolosako Neska Taldeak, Tolosako Kultur Etxean. Elena Urdangarinek eta Gotzone Ijurkok hitz egin zuten; Urdangarin espetxean egon zen urtebete eta lau hilabetez; Ijurkok, berriz, harreman handia izan du espetxearekin. Jokin Aranalderen bikotekidea da: hainbat urtez ihesean egoteaz gain, espetxean ere egondakoa da. Ibon Aranalde semea ere atxilotu egin zuten, eta Maite Aranalde alabak 11 urte daramatza espetxean. Beren esperientziak oinarri hartuta, emakumeek kartzelan pairatzen duten «zigor bikoitza» izan zuten hizpide.

TORTURA SEXISTA

Elena Urdangarin 1984ko urrian atxilotu zuten: «Goizaldeko 02:00etan etorri ziren etxera, ateak hautsiz. Bakarrik nengoen etxean, bi semeekin». Momentu horretan sortu zen bere lehen ezinegona: Zer gertatuko da haurrekin? «Bizilagunei oihuka hasi nintzen norbait haurren kargu egin zedin: bakarrik geratu ziren etxean».

Atxilotu zutenean, tortura gogorrak jasan zituen: «Golpeak etengabeak ziren, ez zidaten atseden hartzen uzten». Emakume izateagatik, tortura sexista ere jasan behar izan zuen: «Pertsona eta emakume moduan deuseztatzea zen beren helburua. Irain matxistak etengabeak ziren, eta bortxatu egingo nindutela esaten zidaten. Behin eta berriz aipatzen zidaten nahi zuten guztia egin zezaketela nirekin, ez zela inor ohartuko».

Jasandako torturen inguruan hitz egitea «asko» kosta zaio: «Sekulako orbaina uzten du horrek buruan, eta zaila da horri aurre egitea». Torturaren beldurrarengatik, hain zuzen, sekulako «lasaitua» hartu zuen Gotzone Ijurkok Maite Aranalde Frantziako Estatuan atxilotu zutenean: «Banekien ez zutela torturatuko behintzat», adierazi zuen.

ESPETXEA, SISTEMA PATRIARKATUAREN ERREPRODUZITZAILE

Espetxea sistema patriarkatuaren beste tresna bat denez, egitura patriarkala du: «Gizonek gizonentzako eraikitako egiturak dira», azaldu du Gotzone Ijurkok. Jendarteari iruditzen zaio emakumeek eta gizonek azpiegitura berak (gimnasioa edo kiroldegia, esaterako) dituztela kartzeletan; emakumeek, ordea, debekatuta dute baliabide horiek erabiltzea. Kartzeletan jasotzen dituzten formakuntzetan ere aldea nabarmena da, eta ikastaro batzuk (soldadura, esaterako) gizonei soilik zuzendutakoak dira.

Emakume eta gizon askok guraso izateko hautua egiten dute kartzelan dauden bitartean. Emakumeek, ordea, zailtasun handiak izaten dituzte horretarako: «Gizonezko preso ugarik haurrak izan dituzte espetxean zeuden bitartean, bazekitelako kanpoan zegoen pertsonak emakumea kasu gehienetan oso ondo zainduko zuela haurra. Jendarteak berekoitzat hartzen ditu hautu hori egiten duten emakumeak», azaldu du Ijurkok.

Horretaz gain, kartzelak oztopo ugari jartzen dizkie ama izan nahi duten emakumeei, bi protagonisten hitzetan. Espainiako Estatuko kartzeletan hiru urte arte egon daitezke ziegetan beren haurrekin; Frantziako Estatuan, aldiz, 18 hilabete. «Epe hori bete ondoren, haurrek kartzelatik atera behar izaten dute eta beste senideren batekin utzi. Banatze hori oso gogorra da amarentzat zein haurrarentzat», nabarmendu du Ijurkok.

Urdangarinen hitzetan, ez dizkiete nahikoa baliabiderik eskaintzen haurrei kartzeletan: «Ez dago intimitaterik haurrarekin egoteko, ez leku itxirik, eta jostailurik ere ezin da sartu ziegan», azaldu du Urdangarinek. Laguntza medikoa ere txarra da orokorrean, baina azpimarratu dute are txarragoa dela emakumearentzat: «Ez dago pediatrarik. Haur hori gaixotzen bada, amaren baldintza berdinetan dago. Ez diote jaramonik egingo; edozer gauza gerta dakioke umeari, eta larritasun hori amak sufritzen du». 

Euskal Herriko historian pertsona ugari espetxeratu dituzte. Espetxeetaz hitz egiterakoan, ziegetan dauden gizonezko presoak etortzen dira burura, batez ere. Ahaztu egiten dira espetxeratu dituzten emakumeak, gizon horien zaintzaz arduratu direnak edota beren haurrak hezi eta hazi dituztenak. Denon ardura da emakume horien historia ez ahaztea eta egindako lana errekonozitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!