Nekane Libre eguna ari dira ospatzen Asteasun

Ataria 2016ko abenduaren 17a

Aizan talde feministak, Onddo gazte asanbladaren laguntzarekin antolatu du gaurko eguna. Goizean azoka egon da eta Nekane Txapartegiri gutunak idazteko aukera egon da. Arratsaldean hitzaldien txanda izan da.

Udaletxeko ikus-entzunezko gelan Katia Reimbergen brasildarrak hitz egin du aurrena eta emakumea, etorkina eta presoa izatearen inguruko bere esperientziaren berri eman du.

Ondoren, Elena Beloki eta Oihana Etxebarrietak hitz egin dute. Kartzela kanpotik eta barrutik ezagutu dute, hurrenez hurren, preso eta preso baten senide gisa eta kartzelan erreproduzitzen den eredu patriarkala aztertu dute, norberak bere ikuspuntutik.

Hitzaldien ondoren, poteo musikatua eta manifestakzioa iragarri dituzte Nekane Libre egunari amaiera emateko.

Gogoratu behar da Zuricheko espetxean dutela preso Nekane Txapartegi asteasuarra Espainiak egin duen estradizio eskaerari Suitzak zer erantzungo zain. Espainiako poliziaren esku pasa zituen egunetan jasan zituen bortxaketa eta torturen frogak aurkeztu ditu Txapartegik eta asilo politikoa eskatu dio Suitzako estatuari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!