Olatz Olano: «Familia mediku eta pediatra zerbitzuan euskara bermatuta dago»

Imanol Garcia Landa 2016ko azaroaren 3a

Olatz Olano, Tolosaldea ESIko kudeaketa zuzendaria.

Tolosaldea ESIn Tolosaldeko 28 udalerriak eta Andoain, Beizama eta Legorreta sartzen dira. Erakundeko kudeaketa zuzendaria da Olatz Olano.

Zenbat pediatra eta familia mediku daude Tolosaldean eta horietatik zenbatek dute euskarazko hizkuntz eskakizuna?

Tolosaldea ESIn guztira bederatzi pediatra daude, eta horietatik zazpik hizkuntz eskakizuna egiaztatuta dute, horietatik bik lehen mailako profila. Profila egiaztatuta ez duten beste biak zerbitzuan bakarrik ez daudenez, erabiltzaileak euskaraz harremana nahi izanez gero, aukera dauka beste pediatraren kupoan sartzeko. Bi pediatra hauek finkoak dira. Beraz, erretiroa gauzatzen denean, Osakidetzako irizpidea jarraituz, berriak euskara eskakizuna egiaztatuta izan beharko du. Familia medikuei dagokionez, 46 daude, eta horietatik 38 profila egiaztatuta dute. Beste zortzietatik zazpi erabiltzaileekin euskaraz mintzatzeko gai dira. Osakidetzaren jarraibideak kontutan hartuz, euskarazko profila duen profesional batekin ordezkatuko da berehala.

Bermatua dago euskarazko zerbitzua Tolosaldeko Osakidetzan?

Familia mediku eta pediatra zerbitzuan euskara bermatua dagoela pentsatzen dugu. Euskara ez dakien profesionalen kasuan badago jarraibidea, aurretik agertu bezala, erabiltzailearen hizkuntz eskubideak errespetatzeko asmoarekin.

Legeak zer dio?

Osakidetzak Euskara Plana dauka martxan jarrita, erabiltzaileen eskubideak bermatzeko asmoarekin. Pixkanaka Osakidetzako erakunde guztiok, ahal den neurrian behintzat, plana jarraitu eta bermatu behar dugu.

Ze zailtasun daude mediku eta pediatra guztiek euskaraz egiteko gaur egun?

Bi egoera daude. Plaza duten profesionalei dagokionez, Osakidetzak aukerak ematen dizkie euskara ikasteko bai lanorduz kanpo eta bai lanorduetan. Beraiek plaza lortutako unean plaza horiek ez zuten profilik, beraz, beraien esku dago hizkuntza ikasi edo ez. Baina, profesional hauek enpresa barruan mugitzeko aukerak murriztuta dituzte, plaza gehienek egun euskara profila dutelako. Ordezkoei dagokionez, gure kasuan, kontratatuta dauzkagun ordezko medikuek eta pediatrek euskara eskakizuna egiaztatuta dute. Hala eta guztiz ere, Osakidetzak arlo honetan irizpideak ezarri ditu ordezkapenak betetzeko garaian herritarren eskubideak bermatzeko asmoarekin.

Erabiltzaileak kexu dira zerbitzua ezin dutenean euskaraz jaso ?

Familia mediku eta pediatren zerbitzuetan ez dugu euskarari buruzko kexarik izan. Soilik bi eskaera izan ditugu pediatra euskalduna eskatuz. Jarraibideei kasu eginez, zentroko beste pediatraren kupora pasatzeko aukera eman zaio erabiltzaileari. Kexa bai Osasun Zentrotik bai Behatokitik etor daiteke. Osakidetzak egoera aztertu eta hizkuntz eskubideak bermatzen dituen irtenbidea ematen dio herritarrari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!