Uema: «Osasun arloko profesional berriak euskaldunak izan daitezela»

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 3a, 10:52

Familia mediku eta pediatren euskara ezagutza jaso du Uemak bere kide diren herrietan, eta Tolosaldean bi alor horietan ez dela hizkuntza eskakizuna guztiz betetzen azaldu du.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bertako kide diren udalerrietako osasun etxeetan dauden mediku eta pediatren euskara ezagutzaren datu bilketa egin du. Tolosaldeko Uemako kideei dagokionez, eta «euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko arazoren bat duten herriak kontuan hartuta», familia medikuetako hogei plazetatik bederatzitan ez da betetzen hizkuntza eskakizuna. Pediatrei dagokionez, sei plazetatik lautan ez da betetzen. Bestalde, udako ordezkapenak egiterakoan, «urtero bezala, euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituzte zentro askotan, mediku euskaldunen ordez», zehaztu dute Uematik, eta eskaera gaineratu: «Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela».

Datu bilketaren inguruan agerraldia egin zuen Uemak, eta Euskal Herriko datuen inguruan Josu Labaka Uemako lehendakariak datu esanguratsuak eman zituen: «Guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude Uemako herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. %25. Lautik bat, alegia. Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak: %22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko: %35».

Uemaren kide diren udalerriak euskararen arnasguneak direla diote mankomunitatetik, «herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak». Herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten «zailtasunen» berri urte askoan eman duela esan dute Uematik, «eta aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak», zehaztu dute.

Hori dela-eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza-gaitasunen azterketa egin du Uemak. Horretarako, Osakidetzako zein Osasunbiadeko plantillak begiratu dituela azaldu du, eta udalerriz udalerri hitz egin duela euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin.

Datu zehatzak eman ondoren, Josu Labaka lehendakariak egin zuen irakurketan nabarmendu zuenez, «hobekuntzak izan badira ere, udalerri batzuetan egoera larria da oraindik. Hori dela-eta, beste behin, lankidetzarako proposamena egiten diogu Osakidetzari eta Osasunbideari, egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun. Beste behin ere, bi erakunde horiei bideratu diegu dagoeneko datu hauei begira bilera bat egiteko eskaera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!