Eskualdeko bi ordezkari, txapelaren bila

Ataria 2016ko abuztuaren 3a

Datorren igandean, abuztuaren 7an, Euskadiko Sega Txapelketaren finala jokatuko da. Aurreko kanporaketan finalerako txartela lortu ostean, Jokin Etxeberria amasarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra lehian ariko dira, Julen Gabirondo eta Igor Esnaolarekin batera.

Hitzordu garrantzitsua dute segalariek datorren igandean ospatuko den azken norgehiagokan. Lau segalarien artean gainera, bi eskualdekoak dira: Jokin Etxeberria amasarra, eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra. Biek ere lan bikaina egin zuten Aiako kanporaketan; Jokin Etxeberriak lehen multzoko onena izatea lortu zuen, 1646 kilo belar pilatuta; eta Arkaitz Arteaga, aldiz, mailak bukatzen lehena izan zen arren, kiloetan bigarren izan zen, 1343,5 kilo belar moztuta. Beste bi segalariei dagokienez, Julen Gabirondok bigarren egin zuen lehen multzoan, 1499,5 kilo bilduta; eta Igor Esnaolak bigarren multzoko lehen postua lortu zuen, 1373 kilo pilatuta.

Kanporaketan 30 minutuko lana egin behar izan zuten; alabaina, igandean, ordubetez jardun beharko dute belarra ebakitzen. Lan zaila eta arerio gogorrak baldin badituzte ere, honako adierazpenak egin ditu amasarrak finalaren atarian: <<Nire ustez denak joaten gara txapelaren bila. Nire kasuan, lan on bat egin nahiko nuke, eta ea aurrekoan baino gehiago gozatzen dugun >>.

Horrenbestez, abuztuaren 7an izango da, Euskadiko txapela nork jantziko duen erabakiko den eguna. Eguerdiko 12:00etan jokatuko da, Andazarrate auzoan, Sarobe baserriko belardian; sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!