Jokin Etxeberria: "Ea final honetan aurrekoan baino gehiago gozatzen dugun"

Asier Imaz 2016ko uztailaren 25a

Saio amaieran gustura zegoen Bedaion bizi den amasarra. 

Gipuzkoako finala minez amaitu zenuen. Puntara pasata?

Ez erabat. Hori hor dago oraindik, eta beldurrez hasi naiz; baina azkenean dena ondo atera da. Beroketak egiteko garaian pixka bat nabaritu dut, baina ukendua eman eta gustura sentitu naiz. Aurretik ibili naiz gainera, eta nik uste horrelako ukendurik ez dagoela.

Gabirondorekin batera ibili zara saio osoan. Nolako segalaria den kontuan hartuta, hori ere poztekoa.   

Gabirondo Gabirondo da, Gipuzkoako txapelduna. Bi hiru golpera izan dut gehienean, eta horrelaxe amaitu dugu. Beti hor izate horrekin ere oso gustura.

Gipuzkoako finaleko arantza ateratzea behintzat lortu duzu.   

Egia esan ilusio falta dezentekoa izan dut aste hauetan. Tristura horrekin ibili naiz. Gaurkoak, ordea, dena sendatzen du. Orain finala tokatzen da. 15 egun dauzkagu eta gogotsu nago. Ea zer ateratzen den.

Txapelaren bila?

Nire ustez denak joaten gara txapelaren bila. Nire kasuan lan on bat egin nahiko nuke, eta ea aurrekoan baino gehiago gozatzen dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!