Errespetuz gozatzeko eguna

Asier Imaz 2016ko api. 14a, 10:59

VIII+I. Ñañarriko Rallysprinta larunbatean izango da, Urkizuko errepidean; auto lasterketa 14:30ean hasi eta 19:30ak inguruan bukatuko da.

Larunbat polita pasatzera gonbidatu dituzte eskualdeko herritarrak, Irurako Ikastolatik. Urkizura doan errepidearen inguruan jende asko elkartzea nahi dute, aurten, bertan egingo den Ñañarri Rallysprintean. Hori bai, ohar bat zabaldu dute: lasterketako antolatzaile eta komisarioei kasu egitea, «guztiok gozatu dezagun». Auto lasterketan biltzen den dirua ikastolako eraikin berria ordaintzeko izango da.  

Aurten ibilbidea aldatu egin dute Ñañarriko arduradunek. Orain arte Alegia, Orendain eta Amezketa elkartzen dituen errepidean egiten zen auto lasterketa. Aurten, Urkizuko errepidean lehiatuko da. Igoera 6,8 kilometrokoa izango da. Zirkuitu hori egiten duten lehen aldia izango da, beraz, lasterketa nolakoa aterako den jakitea zaila dela onartu zuten antolatzaileek.

Rallysprintaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten Irurako Ikastolaren atarian. Larraitz Agirrezabala ikastolako zuzendariaren esanetan, guraso, irakasle eta kanpotik elkartutako boluntarioen ilusioarekin eta lanarekin ateratzen da horrelako ekimena aurrera. Horiei eskerrak eman nahi izan zizkien Agirrezabalak, eta ikusleei antolakuntzari jaramon egitea eskatu zien.

Kike Etxeberria antolatzaile taldeko kideak gauza bera egin zuen. Urkizuko bizilagunak ere gogoan izan zituen Etxeberriak, eta hauek eskainitako laguntza guztia eskertu nahi izan zuen. Urkizuarrak ez molestatzearen garrantziaz ere hitz egin zuen, guztiek larunbat polit bat pasatze aldera. Iñigo Iñurrita urtero bezala lanean ariko da aurtengoan ere. Anoetarrak lasterketaren inguruan hitz egin zuen, eta azken bi edizioetako txapeldunak Ñañarrin izango direla baieztatu zuen.

Faborito papera, hain justu, horiei eman zien Iñurritak, hau da, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiolari. Hauen autoari aurrea hartu nahian beste bikote batzuk ere ibiliko direla jakinarazi zuen antolatzaile taldeko kideak. Izenak aipatzerakoan, Barrenetxea, Villares, Tansicio, eta Olabe izan zituen gogoan. Ibilbide berriaren ezaugarriak kontuan hartuta, auto txikiak handiengatik gertuago ibiltzeko aukera izango dutela gogoratu zuen Iñurritak. Guzti horrekin, ikuskizuna ziurtaturik egongo delakoan daude antolatzaileak. Eta larunbatean, errespetuz, Urkizuko errepideetara gozatzera joatea eskatu zuten.

HAINBAT DATU

Eguna: Apirilak 16, larunbata.

Aldaketa: Orain arte Alegia-Orendain-Amezketa izaten zen ibilbidea. Aurten, lehen aldiz, Urkizuko igoeran egongo dute Ñañarriko Rallysprinta.

Atoi parkea eta parke itxia: Alegiako Bazurka industriagunean egongo da.

Ibilbidea: Urkizurako bidegurutzetik hasi eta Albizturrera iritsi aurreraino. 6,8 km-ko ibilbidea.

Ordutegia: Urkizurako errepidea 13:30ean itxiko da. Lasterketa 14:30ean hasiko da, eta 19:30ak
aldera amaituko da.

Sari banaketa: Legezko kontaketak egin ondoren, sari banaketa Alegiako Route 33-ren ondoan izango da.

Rallysprinta: Euskadiko Rallysprinten egutegian puntuagarria izan da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!