"Autoak gehiegi gustatzen zaizkidala uste dut"

Asier Imaz 2016ko api. 14a, 11:03

Aurreko igandean ibilbide berria ikusten izan zen Iker Juez Etxaniz (Urretxu, 1983). Orain arteko ibilbidea maiteagoa baldin bazuen ere, gustatu zitzaion Urkizurako igoera.

Nondik datorkizu autoenganako zaletasuna?
Txikitatik beti gustatu izan zaizkit kotxeak; burutik ezin kendu ibiltzen nintzen gainera, obsesionatuta. Igor eta Jon Izagirre anaiekin rallyetara joaten hasi nintzen, eta 18 urterekin gidabaimena atera eta kotxea erostea besterik ez nuen buruan. Izagirre anaiak lasterketetan hasi ziren, eta ni ere haien atzetik, izan ere, azkenean lortu nuen kotxea erostea.


Obsesio puntu hori beharrezkoa da zaletasun honetarako.
Horrela da. Gehiegi gustatzen zaizkidala uste dut. Rally batean parte hartzea ezin da hitzez esplikatu. Izugarrizko sentsazioa da. Topera joate hori, errepide osoa zuretzat izatea... Gozamen bat da.


Iaz ere parte hartu zenuen Ñañarrin.
Bai. Saxo batekin atera ginen, eta gure mailako lasterketa irabazi genuen. Orokorrean zortzigarrenak izan ginen. Aurten, ordea, Clio batekin aterako gara, goragoko mailan. Iazko irabazleen mailan, hain zuzen ere.


Ibilbidea ikusten izan zinen igandean. Zer ikusi zenuen?
Orain arteko ibilbidearekin alderatuta erabat desberdina da. Lehengoa gehiago gustatzen zitzaidan, beherakako zatiak zituelako, baina hau ere ikusi beharko da. Paellera asko daude, eta enlazada politak dauzka. Ikusgarria behintzat bada. Kotxe berria daukagu, eta agian hemen ibiltzeko egokiagoa da. Probatzera aterako gara.


Aurrean bukatzeko aukera, zer?
Horretarako asko lehiatu behar da, eta kotxe oso onak egongo dira. Aldapa dago, eta printzipioz Saxoarekin baino hobeto ibiliko gara Clioarekin. Baina gure hirugarren lasterketa da, eta aurreko bietan gauzak ez zaizkigu ondo joan. Ea hirugarrengoan gustura ibiltzeko aukera behintzat badugun. Horixe da gure helburua.


Ikusleek behintzat gozatuko dute.
Bai, izugarri. Espektakulua eman nahi duen gidariak horretarako badauka aukera. Zaletuek puntu polit asko dituzte lasterketa ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!