O' Toole munduko azkarrena, Tolosan

Asier Imaz 2016ko otsailaren 22a

Lawrence O’ Toole da munduko aizkolaririk azkarrena. Igandean irabazi zuen ohore hori. Eta nola irabazi gainera. Tolosako Beotibarren jokatu zen Munduko Txapelketan, australiarrak ikuskizun bikaina eskaini zuen.

Eskualdeko ordezkari bakarra, Joseba Otaegi, seigarren gelditu zen. Lehen kanporaketan Donato Larretxea kaleratu zuen zizurkildarrak, erraz, eta 26 segundoko aldea atereaz. Ondoren Rekondoren aurka jokatu zuen Otaegik, eta leitzarra nagusi izan zen, 33 segundoko tarteaz. Kanporaketa hori gainditu izan balu, finalean izango zen zizurkildarra. Igandean, ordea, Rekondo azkarragoa izan zen.


Hamasei aizkolari
Frantziatik, Suitzatik, Italiatik, Espainiatik, Australiatik, eta nola ez, Euskal Herritik etorritako aizkolariek jokatu zuten Munduko Aizkolari Azkarrenaren Txapelketa, Tolosan. Beotibarren ikusmin handia sortu zen, eta harmailek itsura ederra hartu zuten. Guztiek ikusi nahi zuten O’ Toole, eta guztiek espero zuten Atutxa II.ak australiarra estu hartzea. Baina ez zen horrela izan. Lehen kanporaketan hiru atzerritar kanporatuak izan ziren. Bigarrengoa, O’ Toolek bakarrik gainditu zuen, finalera sartuz. Berarekin, Vicente, Atutxa II.a eta Rekondo sailkatu ziren. Bi enbor ebaki behar zituzten jarraian, ordura arte ez bezala, atsedenaldirik gabe. Hasi orduko australiarrak aurrea hartu zuen, eta lanak bi minutu eta 39 segundotan amaitu zituen. Vicentek 30 segundo gehiago behar izan zituen; Atutxa II.ak 51 eta Rekondok minutu bat eta 21 segundo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!