Pilota, pilota eta pilota

Asier Imaz 2015ko abe. 2a, 09:52

Lehen mailako binakako esku pilota txapelketa ostiral honetan hasiko da. Jokin Altunak jokatuko du irekierako partida, Merino II.arekin bikotea osatuz.

16:00etan hasiko den jaialdian, aurkariak Berasaluze II-Beroiz izango dituzte. Amezketarra ez da izango txapelketa honetan eskualdeko ordezkari bakarra. Iñaki Artola alegiarrak, iaz bezala, Albisurekin osatuko du bikotea. Hauek, Tolosan jokatuko dute larunbatean, Ezkurdia eta Barriolaren aurka.


Asegarce eta Aspek launa bikotea aurkeztu zituzten atzo. Txapelketak hiru fase izango ditu. Hasieran, guztiak guztien aurka jokatuko dute, joaneko eta itzulerako partidetan. Lau bikote onenek bigarren fasera egingo dute jauzi. Ligaxka jokatuko dute zortzi pilotari horiek. Horietatik bi onenek finalerako txartela lortuko dute. Azken partida hori apirilaren 10ean izango da; eta legediaren arabera, ezingo da atzeratu.


Pebeten Oroimenezkoa
Behar Zana Pilota Elkarteak antolatuta, Amasa-Villabonan, beste eskuz binakako txapelketa bat hasiko da hilaren 4ean: IV. Antton Pebeten Oroimenezkoa.Ostiralean 19:00etan jokatuko da lehen aurre kanporaketa, eta igandean, 11:00etan, bigarrena.


Elolaren Oroimenezkoa
Beotibar Zesta Punta Elkarteak antolatuta, II. Elolaren Oroimenezkoa, Market Supermerkatuak Saria jokatzen ari dira Beotibar pilotalekuan. Afizionatuen mailako zesta punta partidarik erakargarrienak ikusteko aukera dago Tolosan, eta larunbat honetan, hilaren 5ean, finalerdiak jokatuko dira 11:30ean. Bi partida horietatik aterako dira finalistak. Txapelaren lehia abenduaren 8an, asteartean, izango da. Hau ere 11:30ean Beotibarren.


Izagirreren Oroimenezkoa
Berrobiko frontenis txapelketa azken txanpara iritsi da; Ion Ander Izagirreren Oroimenezkoa. Abenduaren 5ean, larunbatean, azken partidak jokatuko dira. 10:00etatik aurrera 3. eta 4. postuetako partidak jokatuko dira. Finalen txanda arratsaldean izango da, 15:30etik aurrera.


Zizurkilgo txapelketa
Zizurkilgo eskuz binakako txapelketaren V. edizioa abenduaren 13an bukatuko da. Finalak igande honetan eta asteartean erabakita geldituko dira. Bi egun horietan pilota jaialdiak 10:00etan hasiko dira Intxaur pilotalekuan. Aurre finalak benjaminen, alebinen, infantilen eta kadeteen mailakoak izango dira.


Amezketan, desafioa
Amezketan Pilota Desafioa antolatu dute abenduaren 8an, asteartean. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta Larrunarrin hiru partida jokatuko dituzte. Eskuz banaka bi gazte gipuzkoar ariko dira lehian: Zubizarreta eta Alberdi. Lau t’erdian Arrieta eta Arteagaren arteko lehia jarri dute, binakako partidan, Peru Labaka-Erasunek Errandonea-Martinezen aurka jokatuko dute.


Saralegi eta Titin III.a, agurra
Tolosa CF-eko pilota sailetik Ekaitz Saralegiri eta Titin III.ari agurra antolatu diote. Tolosako Beotibar pilotalekua agurtzeko, bien arteko partida jarri dute abenduaren 6an, igandean. Jaialdi berezi hori 17:00etan hasiko da. Titin III.ak Albizturko Telletxearekin osatuko du bikotea, eta Ekaitz Saralegik Zizurkilgo Jon Erasunekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!