Titin III: "Agurra baino berriro elkartzea izango da"

Asier Imaz 2015ko abe. 2a, 09:56

Argazkian, Augusto IbaƱos Titin III.a (Iturria: Aspe)

Augusto Ibañez Titin III.ak (Tricio, Errioxa, 1969) pilota partida jokatuko du abenduaren 6an, igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 17:00etan hasiko den jaialdian Telletxearekin osatuko du bikotea errioxarrak. Aurkariak, Saralegi eta Erasun izango dituzte.

Frontoi berezi bati agur berezia emango diozue igandean.
Agurra baino Tolosarekin berriro elkartzea dela esango nuke. Denbora asko da hor ez dudala jokatzen. Urte guzti hauetan askotan jokatu dut Beotibarren, eta orain, itzultzeak ilusio handia sortzen dit. Profesional bezala ez gara arituko, baina era berean pozgarria izango da.

Oroitzapenak ere pilatuko zaizkizu.
Guztiak gozoak. Beotibarko pilotazalea pilotaz dakiena da; giroan pilota arnasten da. Frontoi horretan beti pilotan jokatu da, eta pilotariontzat oso polita izan ohi da hor jokatzea. Jarraitzaileak oso gertu sentitzen dituzu. Partida onak eta ez hain onak jokatu ditut Beotibarren, baina jarraitzailekiko oroitzapen guztiak dira onak. Horregatik, beti egongo naiz eskertuta.

Saralegirentzat ere berezia izango da.
Azken urtean elkarrekin jokatzen ibili gara; oraindik jokoarekin dago. Nire ustez profesional bezala denbora gehiago jarraitzerik bazuen. Igandean berriro elkarren aurka ariko gara, eta bere etxetik gertu. Berezia izango da. Atzelariak ere lurraldekoak izango dira, gazteak, polita izango da. Garrantzitsuena laurok ikuskizun polit bat ematea izango da, eta horrela aterako dela uste dut.

Titin III.a nola dabil orain?
Azken urteetan gozatzen ari naiz; beste maila batean, baina pilotan jokatzen jarraitzen dut. Profesional izateari utzi nionean, pilota uztea pentsatu nuen, baina Garfe-k aukera eman zidan jarraitzeko eta gustura nabil. Ezagutzen ez nituen frontoietan edo ezagunak nituenetan jokatzen ari naiz, Tolosaren kasu.  Zorionez, gainera, eskuetatik edo lesioekin ez dut arazorik izan, eta gozatzen jarraitzen dut, asko gainera.

Zer iritzi Artolaz eta Altuna III.az?
Altuna III.aren aurka jokatu dut. Nire ustez etorkizuneko pilotariak baino orainaldikoak dira; etorkizun handia dutenak. Eta hori erakutsi dutelakoan nago. Altuna III.a izugarri gustatzen zait. Lan asko egin ondoren merezita irabazi du daukana. Oinak lurrean dituen pilotaria da; umila; ausarta eta artista. Ni behintzat txoratzen nauka. Biek ongi dakite zertan hobetu behar duten eta zertan ez, bi pilotari langileak baitira. Horrez gain, gazteak dira, eta pilotazale gazteak erakarri dituzte pilotalekuetara. Gipuzkoako jarraitzaileek, eta baita besteok ere, bi horiekin asko gozatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!