Gogoratzeko, baina ez errepikatzeko

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 10a, 12:45

Azaroaren 10eko memoriaren eguna dela eta elkarretaratze isilak egin dituzte gaur eguerdian Iruran, Amasa-Villabonan eta Tolosan, udalek deituta.

Tolosan udalbatzako zenbait hautetsik parte hartu dute. Olatz Peon alkatearekin batera, EAJtik, Nerea Letamendia, Nuria Carbonell, Joseba Ormazabal eta Patxi Amantegi ere izan dira agerraldian.

Euskal Herria Bilduko oposiziotik, berriz, Maria Lasa eta Lore Agirre bertaratu dira agerraldira. Ekitaldian egon arren, koalizioak ohar bidez adierazi du "herriko talde politikoen artean oraindik hitz egiten ere hasi ez direnean, sakontasunik gabekoa" dela elkarretaratze hau. Halaber, gaia "seriotasunez, eta ez presaz" jorratzeko eskatu du.

Haiekin batera, Arantxa Izagirre, Tolosako Bizikidetza Foroko kidea eta zenbait herritarrek ere bat egin dute memoriaren eguneko hitzorduarekin.

Amasa-Villabonan, berriz, EAJko udal hautetsiak soilik izan dira, zenbait herritar eta udal langilerekin batera. Bertan, Iban Agirre alkateak testu bat irakurri du, "biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea" merezi dutela esanaz. Era berean aldarrikatu du "inoiz gehiago ez dela kausa politikorik edo arrazoi partidariorik jarriko giza eskubideen, pertsonen eta bizitzaren balioen gainetik".

EH Bilduk ez du parte hartu elkarretaratze honetan, biktima guztiak aintzat hartzen ez zituela iritzita. Migel Zalakain, Mikel Zalakain eta Remi Ayestaranen kasuak azpimarratu ditu koalizioak.

Iban Agirrek, halaber, aitortu du irakurritako testua "gainerako alderdiekin adosten" saiatu dela. "Penaz" hartu du beste alderdien hutsunea, baina aurrera begira itxaropentsu azaldu da: "Ulertu behar da herri bakoitzak bere kasuistikak dituela, eta agian denbora gehiago behar dela. Elkarlanean jarraitzeko borondatea dugu eta horrela seguru  nago lortuko dugula".

Iruran ere beste horrenbeste gertatu da, eguerdiko elkarretaratzean EAJ-ko hautetsiak elkartu dira eta EH Bilduk bertaratu ez izanaren arrazoiak plazaratu dizkio Tolosaldeko Ataria-ri: «Agerraldiaren berri larunbatean kartelak ikusita jakin genuen, ez zaigu aurretik jakinarazpenik eman. Atzo arte ez genuen EAJren berri izan eta atzokoan dokumentu itxi bat aurkeztu ziguten». Biktimen artean Jokin Saizarren falta zela salatu zuen Irurako EH Bilduk eta «zuek zuenak aipatu» izan zen jaso zuten erantzuna, EH Bildutik salatu bezala. Gauzak honela, ez jakinarazteagatik, testu itxia izateagatik eta biktimak sailkatzeagatik, «ezin genuen bat egin; oposizioa sartu nahi badute, lanketa eskatzen duen gaia da, are gehiago Memoriaren Egunean», adierazi dute Irurako EH Bildutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!