Azaroaren 10ean memoriaren eguna dela eta, Villabonako Udal Gobernuak proposatutako ekitaldiaren inguruan Amasa Villabonako EH BILDUk egiten duen irakurketa.

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2015ko aza. 9a, 13:01
Azaroaren 10a herri honetan bizi izandako gatazkak sortutako biktimak gogoratu eta omentzeko egun gisa ezarri da Eusko Jaurlaritzaren iniziatibaz. Honi lotuta, pasa den irailaren 4an Iñigo Urkullu Lehendakariak 114 alkaterekin batera egun honetan burutuko diren ekimenak aurkeztu zituen. Honekin batera, "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" txostenak publikatu ziren Lehendakaritzatik.

 

Nahigabez ikusi dugu Amasa Villabonako kasuan txosten honek ez dituela biktima guztiak aintzat hartzen, soilik ETAren biktima izan diren 4 pertsona jasotzen direlarik. Beraz, oraindik ere lehen eta bigarren mailako biktimen arteko bereizketa interesatuarekin jarraitzen dugu eta Euskal Memoria fundazioaren arabera gatazkaren ondorioz hildako 3 billabonatar Migel Zalakain, Mikel Zalakain eta Remi Ayestaran ez dira biktima gisa aitortu ere egiten. Gure ustez, justizian eta aitortzan oinarritutako elkarbizitza eraiki nahi bada, honako hau abiapuntu antzu eta kaskarra da. Biktimen sailkatzea egitea baina hobe genuke, sufrimendu guztiak lekua izango duten memoria inklusiboa landu eta akordiorako bideak zabaltzea.  

EH Bildutik argi utzi nahi dugu herri honetan hamarkada luzetako gatazkaren ondorioz sortutako biktima guztiek, guzti guztiek, justizia, aitortza eta erreparazioa merezi dutela eta zentzu honetan gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu Euskal Herriko alderdi politiko eta eragile guztiekin hitz egin eta elkarlanean aurrera urratsak emateko, baita Amasa Villabonan ere. Atzera begirada kritikoa egitea beharrezkoa dela uste dugu, iraganean alde ezberdinetatik sortutako sufrimendu guztiak mahai gainean jarriz. Herri honek behar duen elkarbizitza denon artean eta oinarri sendoetan eraiki nahi bada, atzera begirada ariketa hau zintzotasunez, sakon eta patxadaz egin behar dela uste dugu. Hori izango da bermerik onena etorkizunean iraganeko eskubide urraketa larriak eta sufrimendu egoerak inoiz gehiago errepika ez daitezen.

Hau esanda, gai honetan Villabonako udal gobernutik egin den lanketa hutsaren hurrengoa izan dela salatu nahi dugu, gure ustez ez da inolaz ere gaiak duen garrantziaren arabera jokatu. Udal gobernuak azaroaren 3ra arte ez du inolako hartu-emanik izan oposizioko alderdi nagusia den EH Bildurekin, Eusko Jaurlaritzak uztailean osatutako txostena ere ez zaigu igorri, eta azaroaren 10erako soilik aste bete falta zela izan genuen Udal gobernuaren proposamenaren berri. Gure ustez gai honetan ezin da horrela, presaka eta arinkeriaz jokatu, ezin da etxea teilatutik hasi eta bapatean, inolako aurre lanketarik egin gabe argazki soil bat helburu duen kontzentrazio bat antolatu. Are gehiago Udal Gobernuak Amasa Villabonako Aritza Kultur Elkarteak osatutako eta estatuak eragindako sufrimendua biltzen duen 1931-2011 Estatu biolentziaren ondorioz eskubide urraketaren dosierra eskuartean duenean.

Aipatutako arrazoiak medio, Amasa Villabonako EH Bilduk azaroaren 10ean Villabonako Udalak antolatu dituen ekimenetan ez parte hartzea erabaki du.

Azkenik, etorkizunari begira datorren azaroaren 10etik haratago, gai hau behar bezala lantzeko, elkarrizketarako eta guztion arteko akordioak lortzeko gure prestutasun osoa berretsi nahi dugu. Presak eta arinkeriak alde batera utzi, eta Amasa Villabonako udalean alderdi guztien arteko elkarrizketa ahalbidetuko duen batzorde iraunkor bat sortzea proposatzen dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!