Biktimen gaia seriotasunez, ez presaz

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Tolosa 2015ko aza. 10a, 13:01

Herri honek bizi duen gatazka politikoaren ondorio izandako biktimen oroimenerako eguna izan nahi du azaroaren 10ak. Horrela, astelehenean, hilak 9, Olatz Peon alkateak bost minutuko elkarretaratze isilean parte hartzera gonbidatu gintuen dei baten bidez. Hau da, egun bateko epearekin. Eta noski, testu bateratua adosteko denborarik ez zegoenez, elkarretaratze xume bat besterik ez da egin udaletxe aurrean.

EH BILDUk argi du herri honetako etorkizuna guztion artean eraikiko dugula. Eta guztion arteko eraikuntza horretan, modu kritikoan, egindako min guztia onartuz begiratu beharko diogula iraganari. Ariketa honek, ordea, zintzoa izan behar du, protagonismorik gabea; elkarbizitzaren eraikuntza guztiok elkarrekin egin beharreko lana baita.

Horregatik, Tolosako EH BILDUko hautetsiok gaia seriotasunez eta duen garrantziarekin jorratzea eskatzen dugu. Herriko talde politikoen artean oraindik hitz egiten ere hasi ez garenean, sakontasunik gabekoa iruditzen baitzaigu alkateak egindako proposamena.

Gaia seriotasunez jorratzea eskatzen dugu, besteak beste, behar diren elkarrizketa saioak burutuz, herriko ikuspegi desberdina dutenen arteko elkarguneetara iritsiz. Eta ez, soilik argazkia ateratzea helburu duen ekitaldi bat antolatuz, eta bertaratzeko gonbitea egun bat lehenago helaraziz. Izan ere, ez zaigu egokia iruditzen ekitaldi bateratu bat egiteko alkateak erabilitako modua.

Data baten inguruan presaz zerbait egin nahi izatea ez da bidea. Horra, aurretik elkarrekin emandako pausoen bitartez iritsi behar da eta ez alderantziz.

Hala ere, biktima guztiei zor diegun errespetuarengatik; bakean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan oinarrituko den etorkizuna nahi dugulako; eta gaiak duen garrantziak eskatzen duen seriotasunari zor, EH BILDUko hautetsiok parte hartu dugu azaroaren 10eko elkarretaratzean.

Era berean, eta etorkizunari begira, ekitaldi zehatzek sortzen duten presatik haratago, elkarrizketa eta adostasunak lortzeko guneak sortzeko prestutasuna eta gogoa dugu. Lanketa horren bidez egingo baitugu aurrera, ez bestela.

Ibai Iriarte San Vicente, Lore Agirre Zipitria, Onintza Lasa Arteaga, Inaki Irazabakbeitia Fernandez, Igor Ezenarro Balda, Maria Lasa Arruabarrena eta Peio Etxabe Zabala (Tolosako EH Bilduko hautetsiak)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!