Memoriaren eguneko ekimenak izango dira eskualdean

Maier Ugartemendia 2015eko azaroaren 9a

2010. urteko Memoriaren Eguna, Tolosan

Amasa-Villabonako, Irurako eta Tolosako Udalek bihar, 12:00etan, elkarretaratze isilak deitu dituzte udaletxeen aurrean, biktima guztiak oroitzeko egunaren harira eta Tolosan Bizikidetza foroak egun honen harira Bizikidetzarako testigantzak izeneko ekimena antolatu du; bestalde, Amasa-Villabonako EH Bilduk elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki du

2010. urtetik, azaroaren 10an Memoriaren eguna ospatzen da. Horregatik, biharko egunerako hainbat deialdi egin dituzte eskualdean.

Iruran, 12:00etan isilune bat egingo dute udaletxearen aurrean, eta Udaletik herritarrei, erakundeei eta eragileei bertan parte hartzeko «gonbitea» luzatu diete.

Tolosan, Udalak ere 12:00etan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean.

Bestalde, Tolosan Bizikidetza foroak egun honen harira Bizikidetzarako testigantzak izeneko ekimena antolatu du. Memoriaren eguna baliatuz, Foroak «hausnarketarako esparru ireki bat» eskaini nahi du, «non biktima desberdinen testigantzak» entzuteko aukera izango den. Horretarako, bihar, 19:30ean, Tolosako Topic-en saio berezi bat antolatu dute. Batetik, Juan Mari Uriarteren liburuan oinarritutako Fermin Aioren Reconciliación filma eskainiko dute. Bestetik, Tolosako herritarren testigantzak bilduko dituzte; Maixabel Lasa eta Gerardo Arin izango dira bertan, eta Iker Usonek moderatzaile lanak egingo ditu.

Amasa-Villabonan, Iban Agirre alkateak gai horri lotuta dituen helburuak zehaztu ditu: «Nire asmoa da Oroimenaren eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta horretan oinarrituta, urtetik urtera aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan gure udalerrian». Bide horretan, herritarrak, tokiko erakundeak eta eragile sozialak, gaur, 12:00etan, udaletxearen aurrean udalbaltzak egingo duen isilunearekin «bat egitera» gonbidatu ditu.

Desadostasuna Amasa-Villabonako EH Bilduk

Amasa-Villabonako EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi du udalak biharko antolatutako ekimenean "ez parte hartzea" erabaki duela. Izan ere, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, irailaren 4an, Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri txostena aurkeztu zuen eta EH Bildutik salatu dutenez txostenak ez ditu "biktima guztiak aintzat hartzen, soilik ETAren biktima izan diren lau pertsona jasotzen direlarik".

Horrek "lehen eta bigarren mailako" biktimen arteko "bereizketa interesatua" egiten dela erakusten du Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez, eta gaineratzen du Amasa-Villabonan Euskal Memoria fundazioaren arabera hildako beste hiru billabonatar ere badaudela: Migel Zalakain, Mikel Zalakain eta Remi Ayestaran. Horregatik orain artekoaren abiapuntua "antzua eta kaskarra" izan dela uste dute, eta horren aurrean "sufrimendu guztiak lekua izango duten memoria inklusiboa landu eta akordiorako bideak zabaltzea" izan beharko litzateke helburu euren ustez.

Gauzak honela, udaletik gai honen inguruan egin den lanketa "hutsaren hurrengoa" izan dela salatu dute: "Azaroaren 3ra arte ez du inolako hartu-emanik izan oposizioko alderdi nagusia den EH Bildurekin". EH Bilduren ustez udala "presaka eta arinkeriaz" ibili da, eta lanketarik gabe "argazki soil bat helburu duen" elkarretaratzerako deia egin izana salatu dute.

Horregatik guztiagatik, udalak antolatutako ekimenetan "ez parte hartzea" erabaki dute, eta aurrera begira "alderdi guztien arteko elkarrizketa ahalbidetuko duen" batzorde iraunkor bat osatzeko proposamena egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!