Hemengo katalanak eta hango euskaldunak prozesuaz berriketan

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 26a, 09:00

Irailak 27an Kataluniako legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak ospatuko dira. Baina ez hori bakarrik, deialdiak izaera plebiszitarioa du. Katalunian abiatuta duten prozesuarekin jarraituz, parlamentuan gehiengoa lortu eta prozesu konstituziogile bat abiatzeko asmoz dira independentistak.

HIZKUNTZAREN GARRANTZIAZ

RAQUEL ESTEVEZ: Nik nire gurasoen belaunaldiarentzat esker hitzak baino ez ditut. Nireek Andaluziatik migratu zuten Santa Coloma de Gramenetera eta haiek ere hizkuntza eskubideen alde borrokatu ziren, guk katalana ikasi ahal izan genezan. Trantsizio demokratikoarekin batera, murgiltze sistemei esker katalana nik hamar urte inguru nituela ikasi nuen. Nire jatorrizko hizkuntza berreskuratu ahal izan nuen. Gisa berean jardun beharko litzateke, hemen, Euskal Herrian.

JOSE MANUEL ARIAS: Hizkuntza bat hitz egiteak berekin dakar mundu ikuskera bat. Ziur naiz, nik gaztelaniaz hitz egiten dudanean beste era batera espresatzen naizela, beste keinu batzuk egiten ditudala. Hizkuntza bakoitzak mundu bat islatzen du. Niri beti gustatu izan zaizkit hizkuntzak eta Ataunera bizitzera etorri nintzenean argi neukan ikasi egin behar nuela. AEKn eta Maizpiden aritu izan naiz eta asko lagundu izan dit beti euskarazko irratia piztuta edukitzeak.

HODEI ARRASTOA: Nik ere beti izan dut hizkuntzekiko zaletasuna. Txikitan gurasoekin Kataluniara etortzen ginenean beti esaten nien nik handitan hizkuntza hori ikasiko nuela. Batxilergoa egiten ari nintzela lehenengo ezaguera batzuk jaso nituen, belarria egiteko, baina ez zitzaidan gehiegi kostatu ikastea aurretik frantsesa eta latina banekizkielako. Gaur egun, Institut del Teatren saio guztiak katalanez jasotzen ditut eta ez daukat batere kexarik.

ARITZ IGLESIAS: Nik zortea daukat, Katalunian bizi naiz eta euskaraz lan egin dezaket. Hori pribilegio bat da. Iruditzen zait, hala ere, katalanek badutela beste sentsibilitate bat hizkuntzekiko, Euskal Herrian eta are gutxiago Espainiako Estatuan ez daukatena. Harrituta geratzen naiz hemengo politikariak telebistan ikusten ditudanean, katanez bezala ingelesez edo frantsesez hizketan. Irekiagoak dira, zentzu horretan.

Guztiek nabarmentzen dute Herrialde Katalana, kultura irekia dela, «itsasoak ematen duen zabaltasunagatik, akaso», iradoki du Estevezek. Bartzelona inguruan bizi dira Arrastoa eta Iglesias eta hiriburuko aniztasun kulturala ikusita harrituta geratzen dira. «Niri zoratu egiten nau hainbeste nahasketak eta nahiago dut Torrelles de Llobregat bezalako herri txikiago batean bizi», dio Iglesiasek. Aldi baterako mugimendu hori guztia bizitzea ez dagoela gaizki uste du Arrastoak, «baina herri txikikoa denak beti du jatorrira bueltatzeko joera». Ehun mila lagunetik gora bizi da, adibidez, Santa Coloma de Gramenet herrian, Estevezen jaioterrian: «Aniztasuna bizi izan dugu guk kalean txikitatik. Jatorri diferenteko jendea elkarrekin bizi izan gara eta garai batean ghettoa zen. Bertara bizitzera etorritako askok bizi baldintza kaskarrak zituzten gainera». Gaztelun bizi da Arias, ez baititu hiri handiak atsegin, «Castelldefels herrian jaiotakoa naiz ni eta hangoa baino giro lasaiagoak nahiago ditut bizitzeko».

GIZARTE ZIBILAREN BULTZADA

J.G. GURRUTXAGA: Nahiz eta hamaika urterekin etorri Euskal Herrira bizitzera hango lagunekin harremana mantendu dut urte hauetan guztietan. Sumatu dut azken bost urteetan sentimendu independentistak gora egin duela, izugarri. Gaur egun jendetza biltzen da Diadan eta euskaldunak oso ondo hartzen gaituzte. Malkoak begietan zituztela, esker hitzekin gerturatu zitzaizkidan katalan asko joan den irailaren 11n. Zirrara handia eragiten du hainbeste jende independentzia oihukatzen ikusteak.

H. ARRASTOA: Antolaketa handia eskatzen du ia bi miloi laguneko mobilizazioak. Arrakastatsuak izaten dira dena ondo lotzen dutelako, pauso txikiak baino sendoak ematen dituzte. Katalanak horretan abilak dira, hitz egin asko hitz egingo dute, baina egin ere bai. Prozesu honetan hitzetatik ekintzetara nola igarotzen diren ikusi ahal izan dugu.

A. IGLESIAS: Meritu handia du ANCk egin duena azken urteetan, mobilizazio jendetsuak egin ditu. Ni bizi naizen herrian, hala ere, jende heldua da gehienbat ANCren inguruan mugitzen dena. Gazteek jarrera pasiboagoa dute.

R. ESTEVEZ: Gazteak aldaketa sozialari eragiten ari zaizkio Katalunian. Bartzelona eta inguruko herrietan eskubide sozial oinarrizkoenak lortzeko borrokara lotzen dira. Izugarria da Generalitateko gobernuak eraman duen murrizketa politika. Pentsa ezazu, osasun arloan eman den desmantelizazioa eta pribatizazioa salatzeko mobilizazio espontaneoak egin dira eta jendea kalera atera da Bartzelonako Diagonala okupatuz eta trafikoa moztuz. Hainbestekoa da haserrea jendartean...

Bi Katalunia daude Estevezen ustez, «langile herria dago alde batetik, gauzak aldatzeko gogoz dagoena eta borrokarako tradizio handia duena, eskubide zibil eta demokratikoen defentsan ari dena eta bestalde, burgesia katalan hori dago komeni izan zaionean eta bere komenientziarako eskubide nazionalen aldarria astindu duena. Herriarena den bandera bahitu du burgesia katalanak, boterean betikotzeko». Ironiaz dio Gurrutxagak, «topikoak dira eta jendeak askotan esaten du katalanek asko begiratzen diotela poltsikoari. Baina zilegi da hobeto bizi nahi izatea eta badakite Espainiako Estatuaren barruan ezinezkoa zaiela». Iglesiasek ere sumatzen du aldea Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean: «Hemen osasun zerbitzuak dezente kaskarragoak dira. Zerbait pasatzen bazaizu orduak eman behar dituzu itxarongelan zain». Krisi ekonomikoak Kataluniako prozesuan eragin duela uste du Ariasek: «Estatutik etorri dira murrizketak, baina Generalitateak ere egin ditu eta ustelkeria kasuak ere agertu dira CIUn».

ALDAKETA SOZIALA EKARRIKO DUEN ESTATUA

H. ARRASTOA: Niri ulergaitza egiten zait Espainiaren posizioa. Estatuan dagoen nazio sentimenduak errespetatuko balitu, seguru ez litzatekeela hainbeste independentista egongo. Berez, aniztasun horrek, hizkuntza eta kultura ezberdinak egoteak onura baino ez dakar. Baina oso postura itxia sumatzen dut Espainian.

J.G. GURRUTXAGA: Azkeneko urteetan beti debekua etorri da Estatutik. Azkenekoa, azaroko kontsultarena izan zen. Guzti horri aurre egiteko indarra eta gogoa sumatzen da, ez bakarrik mobilizazio jendetsu horietan, baita eguneroko elkarrizketetan ere.

J.M. ARIAS: Gauzak egiteko orain arteko moduekin bukatu nahi dugu. Monarkiarekin, ustelkeriarekin, aldebakartasun horrekin. Beste gizarte bat eraikitzeko aukera dugu orain. Ez dakit nola erreakzionatu dezakeen Espaniako Estatuak aldaketa horrekiko. Abenduan dira Espainiako kongresurako hauteskundeak. Podemos edo antzeko ezkerreko koalizio zabal batek hauteskundeak irabaziko balitu, frankismotik egin ez den benetako trantsizio demokratiko bat egiteko aukera izango litzateke. Errepublika bat, eskubide sozialak bermatuko dituena eta beste lurralde antolaketa bat ekarriko lukeena.

R. ESTEVEZ: Egia da, jende asko ERCkin haserre dagoela hartu duen bideagatik. Banaezinak dira eskubide sozial eta nazionalen aldarrikapena. Irailaren 27ko gauean begiratu beharko zaio indenpendentismoak lortzen duen emaitzari baina baita ere ezkerreko gehiengoari: Cataluña Sí que es pot eta CUPek osatu dezaketen elkargune hori, ezkerreko beste hainbat mugimendurekin batera, Kataluniako benetako aldaketaren motore izan daiteke.

A. IGLESIAS: Boterean beti berdinek jarraitzen badute gauzak gutxi aldatuko dira. Ezkerreko jende asko ez dago ERCk egin duenarekin konforme eta ez dute begi onez ikusten Junts pel Sí hautagaitza. CUPek, adibidez, ez du Estatu Katalan bat edozein preziotan onartuko eta baldintzak jarriko ditu estatu berri horretan eskubide sozial batzuk eman daitezen.

Euskal Herrian bizi den kataluniarra izan edo Katalunian bizi den euskal herritarra izan, inor ez da fio Artur Mas eta CDC alderdiarekin. Iglesiasek dio, «Euskal Herrian dugun hitzarmen ekonomikoa erdietsi izan balu, Mas ez litzateke abentura hauetan sartuko». Convergencia «eskuina da eta beti defendatu izan ditu bere interes propioak», Ariasen esanetan. Iritzi horrekin konforme agertzen da Gurrutxaga, «urteak eman dituzte Cukoek Estatuarekin negoziatuz». Estevezek ez du uste Masek estatu propio bat nahi duenik: «Izatekotan, bere eskuetan botere gehiago kontzentratzeko nahiko du. Generalitateko gobernuan bakarrik zegoen CDC eta orain independentismoaren aukera baliatu nahi du, haien babesean hauteskundeak irabazi eta boterean jarraitzeko».

EUSKAL HERRIARENTZAT ISPILU? EREDU? BIDEGILE?

R. ESTEVEZ: Nik uste bakoitzak bere bidea egin behar duela. Errespetua handia diot hemen urteetan egindako borrokari. Esperientzia asko bildua duzue euskaldunok. Hemen ere, aldarrikapen sozialak ugariak dira eta horrekin batera etorriko dira eskubide nazionalen konkista. Begi onez ikusten dut hemen ezker abertzaleak bere eremua zabaltzeko egin duen hautua eta ezkerreko beste alderdi batzuekin hauteskundeetara aurkezteko aukera aztertzea.

A. IGLESIAS: Euskal Herrian ere, Gure Esku Dago ekimena martxan dago eta bide bat urratu daitekeela uste dut. Hala ere, nik ez dut ikusten EAJ horrelako herri ekimen baten eskutik joateko katalanak bezain prestu. ANCk Mas bere eskakizunetara behartu du.

J.G. GURRUTXAGA: CIU eta EAJk beti diskurtso paretsuak egin dituzte. Aberri Egunak elkarrekin egin eta Europako hauteskundeetara ere elkarrekin aurkeztu izan dira. Baina prozesu independentista hasi zutenetik Katalunian, bide berri bat hartu du CDCk. Atzerago eta Estatuarekin lotuago ikusten dut EAJ.

J.M. ARIAS: Hemengo egoerarekin baditu parekotasunak Kataluniak. Euskal Herriak bere bide propioa aurkitu behar du. Gure Esku Dagoren mugimendua gustatu zait eta iruditzen zait hortik doala kontua. Politikoen artean ados jartzea da hemen falta dena. Beti egoten dira eztabaidan eta nahiz eta ez duten zertan denetan ados jarri behar, helburu amankomun batzuk finkatu ditzakete.

H. ARRASTOA: Badago sakrifizio asko egin duen jendea Euskal Herrian, egia da. Baina badaude hitz erraz batzuk asko esaten direnak eta gero gauzatzen ez direnak. Proiektu bat baldin badago, bukaeraraino eraman behar da. Pausoz pauso helmuga txikiak jarri behar genizkioke geure buruari. Konstantea izatea da gauzak lortzeko modu bakarra. Hitz egin behar da, negoziatu, gauzak adostu... baina batez ere egin egin behar da. Sinistu egin behar dugu, presarik gabe, gogor eta tinko. Lortzen duzun helburu txiki bakoitzak indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko.

Irailak 27ko hauteskundeak, mugarri bat izango dira. Gurrutxagaren ustez, «beste geltoki bat da independentzia lortzeko bidean. Subiranotasunaren aldeko gehiengo bat osatzen bada prozesua azkartu egingo da eta bestela moteldu, baina gelditu ez da geldituko». Aldaketa dagoeneko martxan dagoela uste du, baita ere, Estevezek: «Katalunian bezala, Euskal Herrian orain da klase sozial guztiek eskubide berdinak izan ditzaten borrokatzeko unea». Bada, irailaren 27ari begira baino biharamunari arreta gehiago jarriko dionik, Iglesiasek bezala. «Ikustekoa izango da zer esaten duten hedabideek eta zein gogoeta egiten diren sarean». Orain da momentua. «Ara es l´hora», esan digu Ariasek.

ELKARRIZKETATUAK

ARITZ IGLESIAS MENDIA (Tolosa, 1986)
Enpresaritza ikasketak egin zituen Euskal Herrian eta informatikan diplomatura lortu. Udaberri dantza taldean ibili izan da gaztetatik eta Torrelles de Llobregat herriko dantza taldearekin egindako trukearen ondorioz lagunak egiten zituen Katalunian eta baita bikotea topatu ere. Duela hiru urtetik bizi da 6.000 biztanle dituen herrian eta euskaraz egiten du lan telefono konpainia baten arreta zerbitzuan.



JON GOTZON GURRUTXAGA UGALDE (Reus, 1974)
Hiru anaietan gazteena da Jon Gotzon eta bakarra Katalunian jaiotakoa. Reusen jaio eta Cambrils eta Bartzelonan bizi izan zen hamaika urte bete zituen arte, gurasoen lanbidea medio. Behin Euskal Herrira itzulita ere ez du loturarik galdu Kataluniarekin eta harremanak mantendu ditu hango lagunekin. Musika jartzaile bezala aritzen da azken urteetan, DJ Bull izenarekin, bai Euskal Herrian, baita Herrialde Katalanetan ere.



JOSE MANUEL ARIAS ALVAREZ (Castelldefels, 1976)
Gurasoak jatorriz andaluziarrak ditu. Castelldefelsen jaio eta bizi izan zen gaztetan, baina gero beste hainbat herri ezagutu ditu. Manresan bizi izan da, Portugalen Algarven eta Euskal Herrian Ataunen, adibidez. Okina da ogibidez eta bikote eta semearekin bizi da gaur egun Gaztelun, euskara hutsean.



HODEI ARRASTOA MENDIZABAL (Zizurkil, 1995)
Instutut del Teatren hirugarren ikasturtea hasi du. Bartzelonan bizi da. Txikitatik izan du hizkuntzekiko zaletasuna eta gaur egun ongi moldatzen da katalanez. Euskal dantzan ibili da eta akrobaziak egiten ditu... gorputza da bere espresiobidea. Bazen behin herri txiki bat herri antzerkian Teodoro Hernandorenaren papera jokatu zuen.



RAQUEL ESTEVEZ ANDREU (Santa Coloma de Gramenet, 1973)
Aurretik Bilbo ezagutzen zuen baina ez Gipuzkoa. Duela zortzi urtetik Anoetan bizi da, bikotea eta seme-alabekin. Aldaketa handia izan da baina gustura bizi da Euskal Herrian. Familiaren zaintzari ordu asko eskaintzen dizkio, baina tartea hartzen du erizaintza ikasketak egiteko. Euskara ere badaki. Autoikaskuntza metodoa darabil eta Anoetan egin dituen lagunek ere asko lagundu diote euskara ikasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!