«Gure atzetik zuek zatozte, askatasuna lortzen hurrenak euskaldunak izango zarete»

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 26a, 09:00

Herrialde Katalanetako Alt Empordà eskualdean, Gironako probintzian dago kokatuta Lladó herria. Ia 700 lagun bizi dira bertan eta 2014ko maiatzetik, ofizialki, Zizurkilgo herriarekin dago senidetuta. Hirugarren legealdia hasi du Lladóko alkate gisa, Joan Fàbrega i Solek.

«Urduri baino ilusioz» dago irailaren 27ko hauteskundeei begira. «2012ko Diada inflexio puntua izan zen guretzat. Independentzia beste biderik ez zegoela jabetu ginen eta ordutik honakoa indar metaketa ikusgarria izan da». Junts pel Sí hautagaitza osatu dute CDC, ERC eta independenteek: «ERCko militante bezala, CDCrekin hautagaitza bat konpartitzeak zalantzak eragin zizkidan hasiera batean, baina zerrenda bakarrean elkarrekin joatea beti izan da ANCren eskakizun bat eta horren aurrean alderdi politikook gutxi dugu esateko. Prozesu hau hasieratik gizarte zibilak gidatu du».

Atzera bueltarik gabeko prozesua da Fabregarentzat Katalunian abiatu dutena eta horregatik parte hartu du Lladók hasieratik AMI (Associació de Municipis per la Independència) elkartean: «Kataluniako udalerrien %85-90 biltzen gara bertan eta independentziaren aldeko galdeketak egin izan ditugu». Orain, «alde guztietatik egurra ematen ari zaizkigu», dio Fabregak. Hauteskunde kanpainan beldurra sartzeko estrategiari erantzuten omen dio jarrera horrek: «Zazpi milioi eta erdi biztanle galduko al ditu Europak bat batean? Mediterraneoko portu garrantzitsuetako bat hemen dago. Katalunia ez da Lituania edo Letonia; ez da Europan egon nahi dugunik, dagoeneko bagaude. Europako Batasunetik eta toki guztietatik bota nahi gaituzte, Espainiatik izan ezik. Eta hori da guk desio dugun gauza bakarra, Espainiako Estatuarekin ditugun lotura guztietatik askatzea».

Irailaren 28tik aurrera osatuko den Kataluniako legebiltzar berrian gehiengoa independentziaren aldekoa bada, emango diren pausoak azaldu ditu Lladóko alkateak: «Estatuarekiko desanexioa, desobedientzia eta independentziaren aldarrikapena». Santiago Vidal epaileak gidatuta, Kataluniako Konstituzioa izango dena idatzi dute hainbat legegile eta adituk. Fabregasek nabarmendu duenez, «Estatuarekiko desanexioak 18 hilabete iraungo ditu eta epe horretan Estatu Katalanaren oinarrizko egiturak finkatuko ditugu». Independentziaren Aldebakarreko Aldarrikapena etorriko litzateke, ondoren. «Baina ikusiko dugu nola erantzuten duen Estatuak; egoskortzen badira, ez dugu alboratzen, aldebakarreko aldarrikapena epe motzera egitea».

Estatu berri bat helmugan dute eta bidea egiten ari dira Katalunian. «Geure erabakiak hartu eta hobeto bizitzeko baliatuko dugu gure Estatua, nazkatuta baikaude Espainiatik ezartzen zaizkigun debeku eta murrizketa guztiekin». Esperantzaz dio Fabregak: «Guk orain zabaldutako arrakala horretatik segiko diozue besteok. Visca Catalunya lliure eta Gora Euskal Herria askatuta!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!