«Inbidiaz eta kezkaz ikusten dugu Kataluniako prozesua»

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 26a, 09:00

Tolosaldeko Gure Esku Dagok Kataluniako hauteskundeak baloratu ditu:

Nola ikusten duzue Gure Esku Dagotik Katalunian ematen ari den prozesua?

Interes handiz, inbidiaz eta kezkaz. Interesa, Europa eta mundu mailan, ezagutzen ez den eredu bat sortzen ari direlako eta Euskal Herriarentzat, bertan gertatzen ari dena eta gertatuko dena oso garrantzitsuak izango direlako. Nolabait esatearren, Katalunian gertatzen ari denak baldintzatu egingo du gure etorkizuna ere. Inbidiaz ere bai, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek duten indarra eta lortu duten eragin soziala ikaragarriak direlako. Baina baita kezkaz ere, estatu espainiarraren aldetik ez dugulako inolako aurrerapausorik ikusi. Are gehiago, Kataluniako gehiengo demokratikoak behin eta berriz eskatu duen erabakitzeko eskubideari etengabe uko egin ondoren sortu den egoera honen aurrean har dezakeen jokabideak asko kezkatzen gaitu.

Zein irakaspen jaso ditzakegu Euskal Herrian Kataluniako prozesutik?

Erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar sozial eta politikoek elkar hartu behar dutela eta herritarrak ilusionatuz dinamika politiko-sozial indartsuak bultzatu behar direla .Katalunian aldarrikatzen ari diren bezala, posible da eta dena dugu egiteke. Gure egoerak, historiak eta baldintzak oso desberdinak diren arren, uste dugu, badugula zertaz hausnartua. Historia aukera bat eskaintzen ari zaigu eta askotan badirudi berriz ere alde egiten utziko dugula. Alde horretatik, dei bat egin nahi genieke Tolosan eta eskualdean erabakitzeko eskubidearen alde dauden gizarte eragile eta alderdi guztiei, urratsak eman ditzaten, elkarren artean dinamika berri bati ekin diezaiogun.

Zein paper jokatu behar du gizarte zibilak gisa honetako prozesuetan? Zein harreman klase behar du eragile politikoekin?

Gure Esku Dago bezalako herri ekimen batek herritarrak dinamizatu, elkartu, ilusionatu eta aktibatu egin behar ditu. Eragile politikoek, bere aldetik, estrategia nazional bat diseinatu beharko lukete herritarren nahia errealitate bihur dadin. Zentzu honetan, aldeak alde, euskaldunok katalanen ispiluan begiratu beharko ginateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!