Putreek 15 ardi hil dizkiotela salatu du artzain batek

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 18a, 17:30

Jon Ander Goñi artzain amezketarrak esan duenez, "garbi dago putreak izan zirela, eta ez da lehenengo aldia horrelakorik egiten dutela".

Ostegunean gertatu zen. Jon Ander Goñik etxetik bost kilometrora eraman zituen urtebeteko bildotsak, arrebak Bedaion dituen sail batzuetara. "79 bildots eraman genituen eta hurrengo egunean nire anaia joan zen ikustera ea nola zeuden, eta horrelako irudia topatu zuen: putreek animaliak langara eramanda eta janda".

Anaiak deitu zion esanez gauza larri bat gertatu zela eta bertara joateko. "Dena putrez beteta zegoela esan zidan", dio Goñik. "Arreba ere konturatu zen baserritik putreak bazebiltzala, baina behorrak ere izaten dituzte hor beste batzuk eta pentsatu zuten hildako behorren bat jaten egongo zirela. Egia esan, aberi ederra egin digute".

Panorama "txarra" ikusi zuen Goñik lekura iristerakoan. Animaliak langaren aurka, janda ikusi zituen: "Urtebeteko bildots horiek eskarmentu gutxi izaten dute. Ardi zaharragoak izan balira alde egingo zuten, baina korroan hartu zituzten, bueltaka-bueltaka, eta ekarri zituzten 32 edo langa baten kontra, eta han estutu zituztenean 17k alde egin zuten ahal izan zuten bezala, eta han inbutu baten bezala gelditu ziren beste 15ak atzetik mokoka jan egin zituzten".

Goñik esaten du "garbi" dagoela putreak izan zirela: "Ez da lehenengo aldia putreek horrelako gauzak egiten dituztela. Etxearen ondoan orain ari dira ardiak kumeak egiten, eta eguraldi ona dagoenez, kanpora ateratzen ditugu. Kanpoan uzten badugu ama arkume jaioberriarekin, putreak segituan jaisten dira. Putreak goseak daude, eta animaliak goseak daudenean, nonbaitetik jan egin behar dute. Bizirik daudenei ez diela eraso egiten esaten dute, baina hori kontua da".

Basozain batek hildako ardien gorpuzkinak zulo batera botatzen lagunduko ziola esan zion Goñiri: "Putreak horrekin entretenituko zirela, eta besteak pakean utziko zituztela esan zidan. Horrek erakusten du basozainek ere pentsatzen dutela putreek eraso egiten dietela bizirik daudenei". Zakurren bat izan bazen hildako ardiek zuloren bat izango zutela dio Goñik eta horrelakorik ez dela aurkitu. 

Foru aldunditik Jose Ignazio Aldasoro albaitariari deitu ziotela peritu lanak egiteko, eta harek lekuan bertan basozainei esandakoa azaldu du Goñik: "Garbi esan zien hori putreen erasoa izan zela. Besteek erantzun zioten horrelakorik behin ere ez zela gertatu, eta albaitariak esan zien orain bi urte Urbian ere pasa zela, eta kasu gehiago bazeudela".

Egoeraren aurrean foru aldunditik putreak babestuta daudela erantzuten diotela esan du Goñik: "Europatik datorren legea dela eta babestu egin behar direla diote. Baina ez dute ez baloratzen, ez ardiengatik dirua ordaindu. Eta ordaintzea ere ez da irtenbidea. Gaur niri gertatuko zait eta bihar beste artzain bati". Goñik gaineratu duenez, beretzako arazoa putre asko daudela da: "Putre ikaragarri daude, eta nik ez dut esaten denekin bukatu behar denik, baina behintzat bere neurri bat beharko lukeela bai".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!