Udarekin batera bisitarientzako eskaintzak prestatu dituzte eskualdean

Asier Imaz 2014ko uzt. 17a, 15:18

Udan turismoaren goi denboraldia hasten da. Erakunde desberdinek eskaintza berezi eta tradizionalak prestatzen dituzte, bisitarientzat. Eskualdean, Tolosaldea Garatzenek martxan du berea, baita Tolosako Udalak ere.

Tolosako Udalak panel eta mapa informatiboetan saiakera berezia egin du. Azterketa egin ondoren, hutsune bat zegoela nabaritu zuen, eta horri buelta emateko, hainbat lekutan informazio gehiago zintzilikatu dute. Eskuorriak ere atera dituzte Tolosako maparekin eta informazioarekin. Dama Berdean adibidez, panel erraldoi bat jarri dute, autobus geltokietan edo Trianguloan dagoenaren antzekoa, hau da, plano turistikoa. Hizkuntzekin ere lanketa berezia egin da. Euskaraz eta gazteleraz zeudenak ingelesera eta frantsesera itzuli dituzte, baina hizkuntza horietan, eskuorrietan eta webgunean bakarrik irakur daitezke.

Eskaintzak
Tolosako udalak
- Kokapen mapa berriak: Ingeles eta frantses bertsioa argitaratu da, intereseko monumentuen testuekin eta turismo bulegoan banatuko da.
- Ondarearen interpretazio panel berriak: Euskaraz eta gazteleraz daude, eta euskarri honekin atzerritarrei informazio hau erraztu nahi zaie.
Tolosaldea Garatzenek
- Tolosako turismo bulegoaren ordutegia zabaltzea: Uztaila eta abuztua, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, astelehenetik igandera bitarte.
- Bisita gidatuen eskaintza: Uztailak 21etik abuztuaren 31ra.
• Igandetik ostiralera: 11:30; 12:30; 17:00 eta 18:00.  
• Larunbatak: 11:00 eta 12:00.
- Webgune turistikoa: Non lo egin, non jan, berriak/agenda eta zer egin dira www.tolosaldea.net webguneko atalik bisitatuenak.

Eskualdeko garapen agentziak, turismo bulegoetako ordutegia zabaldu du. Tolosan, zazpi egunez ariko dira lanean, eta Larraitzen, sei egunez. Astelehenetan itxirik egongo da Txindokiko Itzala. Bisita gidatuek udako ordutegia hartuko dute. Saiakera berezia webgunearen inguruan egin dute Tolosaldea Garatzeneko kideek, azken urteetan emaitza onak lortzen ari baitira teknologia berriak lagun. Inboost enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko 28 webgune turistiko aztertu zituen 2013. urtean. Bakoitzari puntuazio bat eman zion, eta Tolosaldekoa bosgarren postuan gelditu zen, besteak beste, Bilbokoarekin berdinduta. Iaz sortutako webgunearen arrakastari laguntzeko, aurten euskarri guztietan egoki ikusteko aplikazioa gehitu zaio www.tolosaldea.net atariari. Modu horretan, mugikor edo antzeko gailuetatik arazorik gabe jarraitu ahalko da turismoaren inguruko informazio guztia.
Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko arduraduna da. Udako datuak esateko oraindik goiz dela dio, baina iazkoarekin alderatuta, lehen sei hilabetekoan aldea nabaritu dutela dio: «Estatutik eta atzerritik etorritako turisten kopurua igo egin da». Bilakaera aldaketa bat ere egon da, izan ere, orain arte Frantzia eta Alemaniako bisitariak zeuden bigarren eta hirugarren postuan. Aurten, aldiz, Estatu Batuetatik eta Japoniatik etorritakoek hartu dituzte leku horiek. Illarregiren esanetan, agentzia berezituekin egindako lanaren emaitza da hori: «Taldeka etortzen hasi dira, eta hori, bidaia agentziekin elkarlanean ari garelako da. Udan, hala eta guztiz ere, familiak edo norbanakoak izan ohi dira bisitari gehienak. Ondorioz, ez dakit datu horietan nabarituko den bilakaera aldaketa hori».
Aurrera begira jarrita, azken urteetan iritsi diren bisitari gehienak lurralde bertakoak izan direnez, aurten ere horrela izango delakoan dago Illarregi. Bide beretik, «bezerorik onenak» kataluniarrak izango direla uste du Tolosaldea Garatzeneko kideak.
Okupazioa, lehentasun bezala
Olatz Illarregiren Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko arduradunaren datuen arabera, lehen sei hilabetekoan okupazioa iazkoaren pare ibili da, «igoera txiki batekin». Bisitari askok kosta aldean hartzen dute lo egiteko lekua, eta ondoren, egun baterako etortzen dira eskualdera. Horrek, okupazioan eragin negatiboa dauka. Horri buelta emateko asmoz dabiltza eskualdeko garapen agentziako kideak, eguraldia eta antzeko faktoreak zeresana dutela kontuan hartuta. Azken urteetan zabaldu diren hotelak, Bidanian adibidez, erronka horretan lagungarri direla dio Illarregik. Nekazal turismoek ere sostengua ematen die okupazio datuei, eta horren jakitun dira Tolosaldea Garatzeneko kideak. Hala eta guztiz ere, arlo honetan esfortzu bat egin beharra dagoela argi dauka Olatz Illarregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!