Koro Mokoroa: «Datuak oso gordinak dira; egoera beltza da»

Asier Imaz 2014ko uzt. 17a, 15:24

Bada uda, turismoa, eta hotelak lotzen dituenik; okupazioaren datuak direla eta ez direla. Koro Mokoroa Mendizabal Tolosako Oria Hoteleko arduraduna da. Datuez galdetuta, hitz gordinak irteten dira bere ezpainetatik.

Udarekin batera sumatu al dituzu bisitariak hotelean?
Tolosaldeko turismoak ez du eragin handirik izaten. Enpresa alorrarekin lotura handiagoa izaten dugu. Baina argi esanda, egoera oso gaizki dago. Prezioak harrika bota ditugu, eskaintza bereziak,... baina ez.
Uda, sanferminak... zerbait.
San Ferminetan Iruñean ere beste urteetan dena betetzen zen, eta aurten %80 bakarrik. Gure kasuan, Donostian betetzen direnean etortzen dira, eta aurten, hori ere ez. Normalean Tolosaldera turistak egun pasa etortzen dira, hiriburuan lo egiteko lekua hartuta. Zenbakiak oso gordinak dira. Eta pentsa, guk ez dugu udan bakarrik lan egiten, urte guztian egin beharra daukagu.
Eta enpresa alorrean, krisia.  
Hotelak 17 urte ditu, eta azken lauretan eragina handia izaten ari da. Papergintzaren inguruan lehen mugimendua izaten zen, oso ondo edo ondo gindoazen. Krisiak arlo horretan ere geldialdia ekarri du.
Denaren beharra, beraz.
Seinalizazioa aipatu gabe ez dut nahi gelditu. Hiri handi batera joatean hotelak non dauden leku guztietan ikusten duzu. Tolosan, non ikusten duzu horrelako seinale bat. Jarri izan ditugu, eta kentzeko agindu digute. Esanguratsua da. Behinik behin, GPS-ean gaude, ongi ordainduta, hori bai.
Lan orduak etxera doaz, beraz.
Gogorra da, zoazen lekura joanda ere, burua bueltaka dabilelako. Egoera beltza da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!