Freskatzeko aukeren bila

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 16a, 09:00
Eskualdean kanpoan dauden bi igerileku daude, bata Tolosan eta bestea Asteasun; ekainaren erdialdetik biak zabalik daude

Udako eguzkia azken egunetan gorde xamar izan den arren, atzo berriro agertzea erabaki zuen eta horrek eskualdeko igerileku nahiz errekak haur eta helduez bete zituen. Hala ere, igerilekuak ez dauden herrietan ere gorputza freskatu ahal izateko aukera desberdinak sortzen dituzte. Iruran, esate baterako, Udairura Fest antolatu dute asteburu honetarako.
Eskualdean kanpoan dauden bi igerileku daude. Bata Tolosakoa eta bestea Asteasukoa. Atzoko eguna beroa atera zen eta arratsaldean bi igerilekuak lepo zeuden. Tolosakoa zabalik dago ekainaren 15etik, irailaren 20ra bitarte, egunero, 10:00etatik 21:00etara.
Asteasukoa ekainaren 14an zabaldu zuten, eta irailaren 14ra arte egongo da zabalik, egunero, 11:00etatik 20:00ak bitarte. Igerilekuaren kudeaketa enpresa baten esku badago ere, tabernaren kudeaketa Ainhoa Txapartegi asteasuarrak eta bere familiak hartu dute euren gain aurten. Txapartegiren esanetan,  «orain arte jatetxe edo taberna bat izan da kudeaketaren ardura hartu duena», baina aurten herritarrak izan dira tabernaren ardura hartu dutenak, eta jasotako harrera «nahiko ona» izan dela dio. Kudeaketaren ardura hartzearen ideia «aitarena» izan zela dio Txapartegik: «urtero kanpoan egiten dut lan, eta aitak taberna etxekoen artean eraman genezakeela proposatu zidan». Inguruko lagunek eta herritarrek ere «animatu» egin zituzten, eta «gomendioak» ere jaso zituzten. Gauzak honela, ekainaren 14tik aurrera eurena da kudeaketa.
Igerilekuarekin batera irekitzen dute taberna, itxi, aldiz, beranduago. Afariak ere ematen baitituzte. Aurten berrikuntza batekin ere bai, parrilan prestatutako hainbat haragi eskaintzen baitituzte, eta hala eskatuz gero arrainak ere bai. Horrez gain, «betiko plater konbinatuak eta ogitartekoak ez dira falta». Bestalde, futbola ikusi ahal izateko telebista kate berezi bat eta wifi zerbitzua ere jarri dituzte, bezeroei eskaintza zabaltzeko.
Orain arte eguraldi nahiko txarra egin arren, jende «dezente» dabil tabernan. Txapartegiren esanetan, eskualde guztiko jendea bertaratzen da, gainera: «batez ere, Asteasu, Villabona, Aduna, Zizurkil eta inguruko jendea».

 

Erlazionatuak

Udako festa egingo dute Iruran

Tolosaldeko Ataria 2014 uzt 15 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!