Hormigoiak ezin egonkortu legearen balantza

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 9a, 10:35
AHTko obren inguruan hainbat irregulartasun plazaratu dituzte azken hilabeteotan, eta Zizurkilgo Udala zuzen-zuzenean ukitzen dute zenbait gertakarik

Zeresana ematen ari dira Abiadura Handiko Trenaren obrak, azken hilabeteotan, eskualdean. Tolosa-Hernialde nahiz Zizurkil- Andoain trazatuko lanei dagozkien gertakariak dira guztiak, eta askatu gabeko sokak dira oraindik ere.

Pasa den maiatza hasieran plazaratu zuten hamar pertsonen atxiloketaren berria, AHTaren obrekin lotuta. Espainiako Trenbide Azpiegituretarako Kudeatzaile Adif-eko funtzionarioak ziren batzuk, eta Corsan Corviam enpresa kontratistako zuzendaritzako kideak, besteak. Azken horiek lotu zuten gertakaria Tolosaldearekin, Corsan Corviam baita aipaturiko bi trazatuak egiteko ardura duen enpresa.

Atxiloketaren arrazoia, berriz, ustezko ustelkeria kasuei egotzi zien Bartzelonako epaileak. Zehazki, Madril-Bartzelona arteko AHTko hainbat proiektutan «neurketak nahita aldarazi eta manipulatzea» egotzi zien, gainkostuak eragin eta «legez kanpo» sei milioi euro inguru eskuratzeko.

Maiatzean bertan, Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak Justiziari beharrezko informazio guztia helarazteko konpromisoa azaldu zuen, ustezko ustelkeria kasua argitzeko, eta epaiketa iritsi zain daude.

Azpiegitura batetik bestea

AHTaren inguruko enpresen bestelako irregulartasunek are zuzenago eragin dute eskualdean, hormigoiaren industriaren haritik, eta Zizurkilgo Udala dago tartean.

2013ko azaroan hasi zen guztia, Zizurkili dagokionez. Anehop hormigoi enpresak udalari jakinarazi zion AHTko obren aitzakian hormigoi planta bat eraikitzeko asmo garbia, beste hainbat herritan ere gauza bera egiten ari zirela azpimarratuz. Jakinarazpenaren ondotik planta osatzeko lanei ekin zieten, baina Zizurkilgo Udalak obrak geldiarazi zituen abenduan bertan, abokatuaren aholkuak jaso ondoren.

Pilota alde batetik bestera zebilela ikusita, urtarrilean beste berri bat jaso zuen Zizurkilgo Udalak: Hernialde-Zizurkil arteko AHTko obretan lanean ari zen enpresak plantako lanak geldiarazteko aginduari helegitea jarri zion; besteak beste, AHT «interes orokorrekoa» zela zioten, eta, ondorioz, hormigoi planta irekitzeko litzentziarik ez zela behar.

Zizurkilgo udal ordezkariek aurkakoa argudiatu zuten, noski, proiektuan ez zegoen azpiegiturarik ezin zutela eraiki esanez.

Hormigoi planta geldiarazteko prozedura bertan behera uzteko hurrengo eskaera, ordea, Eusko Jaurlaritzak egin zuen, apirilean. Zizurkilgo Udalak tinko heldu zion bere erabakiari eta, berreste aldera, hormigoi planta prezintatzea erabaki zuten maiatzaren 29an.

Hura izan zen, hain zuzen, enpresa lizentzia eskatzera bultzatu zuena, baina, ez hori bakarrik: AHTko obretan ari den enpresak epai bideak hartu zituen Zizurkilgo Udalaren aurka.

EH Bilduk uztaila hasieran eskainitako agerraldian, Eusko Jaurlaritzaren presioak salatu zituen. Dirudienez, udalak enpresari lizentzia eskatu zion unean, enpresa prest azaldu zen lizentzia hori ohiko bideetatik eskatzeko, baina jaurlaritzak ez zien utzi.

Andoaingo Udalak sententzia tinkoa jaso du dagoeneko, hormigoi instalazioa ilegala dela esanez. Antzuola eta Zizurkil, berriz, egoera berean dira irregulartasun horien aurrean.

Horrenbestez, eta obra horiek jaurlaritzaren eskuduntza diren aldetik, koalizio abertzaleak eskaera bakarra egin du: «Legea betearazi dezala eta jarduera ilegal horiek salatu ditzala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!