EH Bilduk AHTaren Tolosa-Hernialde zatiko 9 milioiko gainkostua salatu du

Ataria 2014ko maiatzaren 13a

Koalizioak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari Tolosa-Hernialde zatian emandako irregulartasunen berri emateko. EH Bilduko Oskar Matute legebiltzarkideak salatu duenez, Corsan Corviam enpresak "justifikatu gabeko" gainkostuak egin ditu, eta Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatu dizkio bera baita Tolosa-Hernialde zatiko arduraduna. Lakuak irregulartasunik ez dagoela esan du, eta arrazoi teknikoak daudela esan.

Oskar Matute legebiltzarkideak egin du salaketa: AHTaren Tolosa-Hernialde zatian 9 milioi euroko gainkostua eman da. Hori dela eta, azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari eta Ana Oregi Ingurumen sailburuak ez badu arrazoizko azalpenik ematen, gaia auzitegietara eman dezakete.

Auzia orain bi aste eman ziren atxiloketen harira etorri da. Espainiako Poliziak Corsan enpresako 10 lagun atxilotu zituen, eta enpresa hori da hain justu, Tolosa-Hernialde zatia egiteko ardura duena. Zizurkil-Andoain tartea ere egiten du.

Antonio Aiz Garraio sailburuordearen bidez erantzun zuen Jaurlaritzak Matuteren galderari. Sailburuordeak irregulartasunak ukatu zituen, eta kopuru hori justifikatua dela esan zuen, eta arrazoi teknikoak aipatu zituen. Garestitzea argudiatzeko hainbat txosten daudela ere esan zuen.

104 milioi euro

Corsan Corviam enpresak Tolosa-Hernialde zatia egiteko ardura hartu zuen, eta 104 milioi euroko aurrekontua jarri. Obren %77 eginda, kostua 118 eurokoa da, Oskar Matuteren hitzetan. Hau da, 14 milioi euro gehiago. 1,5 milioiko igoera BEZaren igoerarengatik eman da antza eta beste 2 milioi euroko garestitzea gaien salneurriaren igoerarengatik. Beste 9 milioi eurokoak justifikatu gabe daudela salatu du Matutek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!