Sanjoanen eta sanpedroen uholdea pasata, kolore zuri-gorriek hartzen dute Euskal Herri osoa. Tolosaldea ez da atzera geratzen, eta San Fermin jaiak ofizialki ospatzen ez diren arren, eskualdeko auzo nahiz txokoetan bizilagunen arteko jai-giro epelaz gozatzeko tarterik izango da asteburuan.
Tolosan, esaterako, Amarotzen eta Iurreamendin izango dira jaiak; Alde Zaharrean, berriz, sanferminei keinua egingo diete igandean, urtez urte indarra hartuz doan festan.
Era berean, Amezketako Ugarte auzoan betizua dastatzeko aukera ezin hobea izango dute auzotarrek eta Zizurkilen, berriz, Blusen eguna prestatu dute biharko. Festa egin nahi duena, beraz, zertarako joan kanpora?
Tolosan, auzoak nagusi
Uztaileko lehen asteburuari begira prestatzen dituzte, urtero, Tolosako Amarotz auzoko jaiak. Hamarkadak dira lehen aldiz ospatu zirenez geroztik, eta haien sona lehengoa ez den arren, auzotarrek nahiz kanpotik etorritako zenbaitek parranda ederrak egiteko hitzordua izaten dute.
Aurten ere ohiko lekuan izango da festagunea, aparkalekuan. Festa batzordeko Irati Zalduak ATARIA irratian azaldu duenez, ordea, baliteke festagune horren azken urtea izatea, auzoko obrak direla eta; hurrengo udarako plaza berri bat bilatu beharko dute ziur asko.
Gaur bertan ekingo diete, horrela, Amarozko jaiei, urteroko egitarauari jarraituz. Mozorro gaua izango da jarduerarik nabarmenena, azken urteotan indarra hartu baitu; trikipoteoari mozorrotuta ekingo diote, eta behin afari-legea eginda, DJ Jota Txo iruindarra ariko da parrandarako doinu onenak aukeratzen.
Biharko eguna, berriz, haur, heldu nahiz gazteei begirakoa izango da, eta ajoarriero lehiaketa, haurren dantza emanaldia nahiz karaoke eta playback-a izango dira eguneko jarduera nabarmenean. Gauean, berriz, bizilagun bakoitzak bere jakiak emanda afalduko dute plazan, La Jodedera eta Zesuma taldeek emanaldiak hasi aurretik: «Aurten ere sanferminen eragina nabarituko dugu, ia beti gertatzen den bezala, baina kontzertuen aitzakian herriko jendea ere bertaratu ohi da».
Asteburua ondo biribiltzeko, azkenik, aurreskua eta sardina jatearen ondoren, festen amaiera iragarriko duen suziria jaurtiko dute igandean, gauerdiarekin bat eginez.
Amarozkoen antzera, Iurreamendi auzoko bizilagunek ere euren arteko harreman sareak estutzeko baliatzen dituzte jaiak: «Asmo handirik gabeko jaiak dira, gure artean ezagutzeko antolatzen hasi ginen».
Egun bakarreko ospakizuna izatetik hiru eguneko jai txikiak antolatzera pasa dira, ordea, zortzi urtean. Horrela, Larrain dantza, afaria eta erronka izango dira, bihar, ekitaldi garrantzitsuenetakoak.
Blusak eta betizua eskura
Asteburuko auzoen nagusitasunari eutsiz, Amezketako Ugarte auzoan ere urteroko hitzordua izango dute asteburuan.
Betizua erretzearena erritu bilakatu da, ia-ia, auzoan, eta Ugarteko bizilagunekin batera, asko izango dira bazkari-legea egitera bertaratuko diren amezketarrak ere. Horrela, gaur gauean bertan piztuko dute sua eta, biharko goiz osoa lanean aritu ondoren, 14:00ak aldera dastatzeko moduan izango da betizua.
Azkenik, Zizurkil Behean ere ospakizunetarako prest izango dute gorputza, kuadrillek. Garai batean antolatzen hasi ziren Blusa eguna berreskuratu zuten duela zenbait urte, eta egun osoko plana antolatu dute 120 pertsona ingururentzat.
Aurten, gainera, Joxe Arregi plaza eraberritua estreinatuko dute bazkalorduan, papella erraldoia dastatuaz. Jokoen ondoren dantzarako aukera ere izango dute, gainera, Modexto eta 3 gabe 2 taldeekin.
Egitarauak oso-osorik ikusteko, bisitatu gure agenda.