Pintaketak EAJren egoitzetan

Pintaketak egin dituzte EAJren Tolosako eta Villabonako egoitzetan

Ataria 2014ko eka. 2a, 17:13

Larunbat gauean ezezagunek pintaketak egin zituzten EAJ alderdiaren Tolosako eta Amasa-Villabonako egoitzetan. 'Zuek zarete herri honetako kaka' idatzi zuten egoitzetan, eta simaurra bota. Ataria EAJ alderdiarekin jarri da harremanetan eta ez du adierazpenik egin nahi izan. Tolosaldeko Aralar alderdiak aldiz, pintaketa hauek "iraingarriak" direla esan du, eta "ekintza horiekiko desadostasun irmoa" adierazi du. Tolosaldeko ezker abertzaleak, bere aldetik, Sortuk ez duela inongo harremanik gertaera hauekin esan du. Tolosaldeko EAJk pintaketak ezker abertzaleari egotzi dizkiola eta ez dutela "horrelako akusazio merkerik onartuko" ere esan du ezker abertzaleak.

Tolosaldeko Aralarrek "iritzi eta jarrera politikoetan egon daitezkeen diferentziak elkarrizketaren eta eztabaidaren bidez bideratu behar direla uste dugu, ez irainaren bidez", esan du. "Etorkizuneko Euskal Herria adostasunak bilduz, eztabaidaren bidez ezberdintasunak landuz eta elkarlaneren bidea jorratuz eraiki ahal izango dugu soil-soilik. Gainerako bideak antzuak eta irteerarik gabekoak dira", gaineratu du.

Eskualdeko ezker abertzaleak EAJk ekintza beraiei egotzi izana salatu du. "Euskal Herrian azkenaldian bere bizilagunei zuzentzeko 'kaka' hitza erabili izan duen alderdi bakarra EAJ izan da, Sestaoko alkatea, hain zuzen ere. EAJk ez dio Sestaoko alkatea bere kargutik kendu eta beraz, EAJk ez du inolako sinisgarritasunik beste batzuei horrela ez zuzentzeko eskatzeko", esan du. Era berean, EAJk gertaera hauek Espainiako bandera jartzeko aginduarekin lotu duela ere arbuiatu du, "inolako funtsik" ez duela esanaz. "Gure eskua luzatzen diogu EAJrik gurekin batera aritzeko euskal ikurren defentsan eta Espainiako ikurren aurka. Eredu sozio-ekonomikoan sakontzeko desberdintasunak izan arren (AHTaren xahuketa, osasungintzaren eta Kutxabank-en pribatizazioa, Sestaoko alkatearen irainak...) Euskal Herriaren erabakitze eskubidaren alde batera aritzeko tarte handia badaukagula uste dugu". "Tolosaldeko ezker abertzalea pres dago EAJrekin batera aritzeko", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!