Gertaera aldarrikatuz Atarira helarazitako gutunean aurreko egunetan EAJ alderdiko Sestaoko alkateak, Josu Bergarak, egindako adierazpenen harira alderdi jeltzaleak hartutako jarrera "beste behin ere erakunde horren aurpegia" erakusten duela esan dute. Herritarrak "gezurren eta irainen bidez pozoitzen eta kutsatzen dihardutela" ere aipatzen dute eta EAJren politikek "langile klaseari kalteak ezarri dizkiola" gaineratu.
"Larunbat gauean Villabona eta Tolosako batzokiek jasotako erasoak gure desadostasunaren froga xumea dira. Ekintzen zipiztrinak ezkutatzen saiatu arren, kiratsa ezkutatzea ezinezkoa zaiela bistakoa da. Herriaren etsaiek herria kolpatzen jarraitzen duten bitartean gure jarduerak ez du etenik ikusiko. Faxismoa ez da errespetatzen, faxismoa gogor borrokatzen da", esanaz bukatu dute oharra.
EAJren irakurketa
Tolosako EAJ alderdiak, bere aldetik, batzokia ezker abertzaleak erasotu duela esan du; "ekintzaile hauek Euskal Herriaren alde dabiltzala sinestarazi nahi digute baina Herrigintzan baino, Herria suntsitu nahian dabiltza".
"Ez dakite, itxuraz, eta ezin dituzte beren kontraesan politikoak gainditu ezta kudeatu ere. Tolosako udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzera derrigortuak izan dira eta beraien inkoherentziak sortzen dien frustrazioari aurre egiteko modu bakarra, EAJri eraso egitean dute", gaineratu du.
Jokabide hauek ez datozela bat "errespetu, bake eta elkarbizitzarako garai berriekin" esan du alderdi jeltzaleak eta, honen aurrean, EAJk bere oinarri eta helburuei eutsiko diela esan du, "eta ez da Ezker Abertzaleen irain, joko eta probokazioetan eroriko. Hori horrela, EAJk bere betiko bidea jarraituko du Euskadiren alde, denon askatasunaren alde lan eginez".
"Gure helburua, lehen, orain eta beti, askatasuna, errespetua eta denon ongi izatea da eta horrelako probokazioek ez dute gure bidea zapuztuko. Elkarbizitzaren garai berri hauetan horrelako jarrera erakusten dutenek bide luzea dute oraindik egiteko. Guk Tolosaren eta Euskal Herriaren aldeko lanean jarraituko dugu orain eta beti", gaineratu dute.
Tolosako Ernai-ren oharra
Bestalde, Tolosako Ernai-k ere oharra kaleratu du, eta bertan EAJk ezker abertzalearen aurka "inolako frogarik gabe" jotzen duela esan du. "Sortuk argi utzi duen moduan, guk ere argi utzi nahi dugu ekimenak ez duela erlaziorik gurekin", gaineratu du.
Ernai-ren ustez EAJ gertaerak ezker abertzalearekin eta banderen aferarekin nahasten saiatu da, "beraien erantzukizuna besteon teilatura jaurtiz, Josu Bergara Sestaoko alkate jeltzaleak eginiko adierazpen lotsagarriekin eta EAJk honen aurrean harturiko jarrerarekin lotzen baitugu".
Sestaoko alkatearen adierazpenak xenofoboak direla esan du Ernai-k, eta alderdi jeltzaleak honen aurrean ez duela ezer egin esan du. "Azkeneko hauteskundeetan ikusi ahal izan dugun moduan, Europan ultra eskuinak gorakada izan du diskurtso xenofobo eta arrazista batekin. Horrelako mezuak eta mezu hauekiko jarrera epelak, ez genituen espero bere burua horren 'demokratikotzat' duen alderdi baten eskutik", gaineratu du.
Jarrera hau "ulergaitza" zaiola esan du taldeak eta "EAJk babesten duen sistema kapitalista patriarkalak krak egin duen momentu honetan, inoiz baino gehiago behar baitute zapalduon arteko liskarrak, sistema honen aurka batu eta altxa ez gaitezen", esan du.
Bukatzeko biktimismoaren maskara kentzeko esan dio Ernai-k EAJri, "benetako biktimak, kasu honetan, beraien irainak eta mespretxuak jasan behar izan dituzten pertsonak baitira".
Zizurkilgo udal gobernuak onartezintzat jo du EAJren salaketa
Zizurkilgo udal gobernuak Villabona eta Zizurkilgo EAJk egunkari batean eginiko adierazpenei erantzun nahi izan die. Udal gobernuak Villabonako batzokian izandako gertaerekin nahastu izana onartezina dela esan du. "Zizurkilgo udal gobernuak argi utzi nahi du ez duela zerikusirik EAJren Villabonako egoitzan izan den gertakariekin eta ez datorrela bat bertan egindakoarekin", esan du. Hori esanda, EAJri eskatu dio ez dezala "edozer" erabili, "baita beste herrietan gertatzen dena ere", Zizurkilgo udal gobernuaren aurka jotzeko.
Era berean, "erabat eta ozen salatzen dugu gezurrak erabiltzea horretarako. Bestela EAJk demostra dezala zein udaltzain dabilen Zizurkilen bere orduz kanpo edo kotxe kamuflatuetan 'estatu poliziala' ezarriz". Bukatzeko esan du, oso tristea iruditzen ziela ekintza hau atez atekoarekin lotu nahi izatea; "hori delako Zizurkilen EAJk politika egiteko duen tresna bakarra, ez duela ez ideiarik eta ezta porposamenik ere zizurkildarrei eskaintzeko".
EAk "inora eramaten ez duten eztabaidak" alboratzeko eskatu dio EAJri
Tolosaldeko Eusko Alkartasunak erasoak gaitzetsi ditu eta horrelako ekintzek ez dutela arrazoirik esan du eta berriro gerta ez daitezen eskatu. "Modu honetara Eusko Alkartasunak bere elkartasuna erakusten dio EAJri eta inora eramaten ez duten eztabaidak albora ditzala eskatzen dio, erasoen aurrean indarrak batu behar direlako", gaineratu du.