Pintaketak EAJren egoitzetan

Amasa-Villabonako Sortuk zuzenketa eskatu dio EAJri

Ataria 2014ko eka. 4a, 16:30

Amasa-Villabonako Sortu alderdiaren herri kontseiluak zuzenketa publikoa eskatu dio herriko EAJri, egunkari batean egindako adierazpenak direla eta. "Tolosaldeko Sortuk adierazi moduan, diferentzia ideologikoak izanagatik, herri honen eskubide sozial eta politikoen defentsan, elkarlanerako gure prestutasuna garbia da. Eta prest gaude elkarlanerako", esan du.

Amasa-Villabonako EAJ alderdiak egunkari batean egindako adierazpenak "oso gogorrak" direla dio herriko Sorturen herri kontseiluak. "Amasa-Villabonako ezker abertzalearen adierazpen politikoa Sortu alderdia" dela adierazi dute, eta artikulua "gezur eta irainez" beteta dagoela esan du. "Egiatik gutxi du, eta irainetik asko. Urduri akaso?", esan dute.

"Nork deitu zion igande arratsaldean telefonoz Nagore Puyadena EAJko zinegotziari?", galdetu du Sortuk. "Zuek ezker abertzalearen aurka egindako salaketa soberan dago, eta ez gara azalpenak ematen hasiko, ez baitzaigu tokatzen. Lasai gaude. Gainera, hitzen partez, ekintzekin erantzun diegu, eta zergatik ezkutatu dituzue komunikabideetan, ezker abertzaleak honen inguruan egin dituen gestioak. Badaezpada ere ez duzue horren berri eman zuen oharrean", esan dute. Izan ere, Sortuk esan du gertakariak ezagutu bezain pronto Amasa-Villabonako udal arduradun batek deitu ziola EAJko udal bozeramaileari, eta postaz ere jarri zela berarekin harremanetan, Tolosako eta Villabonako batzokietan "garbiketa lanak lehenbailehen gauzatzeko" konpromisoa azalduz. "Telefonoa erantzun ez bazenuten ere, lanari ekin genion", esan dute.

EAJk gertakaria atez-atekoarekin erlazionatu izana ere gaitzetsi dute; "baina 'kaka' hitza ez da zaborraren harira sortu den hitza ezta? Azkenaldian nork erabili du hitz hori pertsona batzuk, eskubideak ukatu eta iraintzeko ez bada?". "Ez nahastu hondakinak zuen arazoarekin. Amaitu mesedez hondakinak zuen errentagarritasun politikoa lortzeko erabiltzetik. Ez al duzue, otoi, martxoaren 25eko emaitzetatik irakaspenik atera?", gaineratu du Sortuk.

Horiek horrela, Amasa-Villabonako Sortuk ez duela harremanik eraso horiekin esan du, "are gehiago, uste dugu abagune politiko honetan halako ekintzek ez dutela laguntzen, horrek ez du kentzen ordea, EAJk darabilen politikak herri honetan gehien dutenak babestu eta gutxien dutenak iraindu eta kakaren pare tratazera duela oinarri".

"Abertzale hitza handi geratzen zaigula diozue, zuen ordezkari nagusia den Urkullu lehendakariak atzo bertan erregeari enegarrenez men egin ostean ez dakigu negar edo barre egin", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!