AHT, ustelkeria, atxiloketak

Hamar lagun atxilotu dituzte AHTko ustezko ustelkeria kasu batengatik

Ataria 2014ko mai. 5a, 15:24

Orain urte batzuk hasi zituzten AHTren lanak, Hernialden
Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako Kudeatzaileko hainbat funtzionario eta Corsan enpresa kontratistako zuzendaritzako hainbat kide atxilotu dituzte gaur Espainian eta Herrialde Katalanetan. Corsan enpresa da hain justu, Abiadura Handiko Trenaren Tolosa-Hernialde eta Zizurkil-Andoain zatiak egiten ari dena.

Hamar lagun atxilotu dituzte, Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, hamar atxilotuei hauxe leporatu diete: Madril-Bartzelona AHTko hainbat proiektutan neurketak nahita aldarazi eta manipulatzea, gainkostu bat eragin eta "legez kanpo" sei bat milioi euro eskuratzeko.

Atxiloketez gain, Guardia Zibilak hainbat bulego miatu ditu, Adifenak eta enpresarenak. Operazioa aurrera eraman duen Bertzelonako Auzitegiko 9 zenbakiko epailea ikertzen ari da ea Corsan enpresak eta Adifeko funtzionarioek bat egin zuten enpresari onura egiteko Adifen diru publikoaren kaltetan. Hori, gainera, behin baino gehiagotan egin zutela uste du fiskaltzak. Hain zuzen ere, neurketak manipulatzeaz gain, egindako herri lanen agiri ofizialak faltsutu zituzten erakusteko benetan baino lan gehiago egin zituztela. Gauzak hala, besteak beste, diru publikoak bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea eta eroskeria egitea leporatu diete atxilotuei.


Corsan enpresa hainbat lan publiko egiten ari da gaur egun, Espainian eta Herrialde Katalanetan ez ezik, baita Euskal Herrian ere. Besteak beste, Euskal Y-ko hainbat zatitan ari da lanean: Tolosa-Hernialde, Zizurkil-Andoain, Zornotza-Lemoa eta Elorrio-Atxondo zatietan hain zuzen ere. Gipuzkoako zatiko bi obrak Jaurlaritzak kudeatzen ditu, eta Bizkaiko biak, berriz, Adifek. Horrez gain, Nafarroako ubideko ureztatzeaz arduratzen den Aguacanaleko akzioduna da. Corsan enpresako akziodun nagusia Luis Delso enpresari espainiarra da.

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak agindu du Justiziari behar duen informazio guztia emango diola ustezko ustelkeria kasu hau argitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!