Maiatzak 1

Ia 700 lagun, Tolosaldeko langileen erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 1a, 13:52
Patronalak proposatutako negoziazio indibidualak gaitzetsi dituzte, besteak beste, Tolosaldeak jasan duen urte latza gogora ekartzearekin batera.

12:00etan abiatu da Tolosaldeko manifestazioa, Tolosako Trianguloa plazatik. LAB sindikatuak deituta, ia 700 lagunek bat egin dute langileen erabakitzeko eskubidearen aldeko martxarekin, Langileok erabaki Euskal Herriak erabaki dezan lelopean.

Langileen Nazioarteko Egunak urtero ekartzen dituen aldarriez gain, patronalen azken proposamenei begira jarri da sindikatua, eta "lan-hitzarmen kolektiboak deuseztatu" eta negoziazio indibidualak sustatzen dituen patronalen proposamen berria gogor salatu dute Plaza Berrian biribildu duten mobilizazioan; langileen indarra "ahuldu" eta "mehatxupeko lan-dinamikak abiarazteko" bidea besterik ez da proposamen berria, LAB sindikatuaren ustez. Horren harira, euskal gobernuen jarreraz ohartarazi nahi izan dute: "Diskurtsoan patronala salatzen duten arren, gobernuek ondoren bestelako erabakiak hartzen dituzte, elite ekonomiko txiki bati begiratuz".

Bide beretik, eskualdeak azken urtebetean jasandako egoera latza ere nabarmendu dute, itxitako enpresak eta galdutako lanpostuak gogora ekarriz; prekarietaterik eza eskatu du LABek. Trianguloan hasi eta Plaza Berrian amaitutako manifestazioan barrena, sozialismoaren aldeko oihuak, banketxeak salatzeko aldarriak eta lanpostu-eskaerak nagusitu dira, kalera irten diren ia 700 herritarren ahotan.

Irakurketa ofizialak eta bertsoek amaiera eman diote, Plaza Berriko kioskoan, mobilizazioari. Arratsaldean, berriz, Langileen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenen harira, Gazte Fronteak ekitaldia egingo du, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Sanblaspiko Gazte Asanblada, Ikasle Abertzaleak eta Tolosako Gazte Libertarioak eragileek osatutako taldeak, besteak beste, maiatzaren 1aren izaera plazaratu nahi izan du egitasmoaren bitartez: "Maiatzaren 1a ez da jai egun bat, borroka egun bat da. Horrela, Tolosan osatu dugun gazte koordinakundea ezagutzera eman eta, bide batez, langileen borrokarekin bat egingo dugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!