Maiatzak 1

Patronalak proposatutako lan-harreman indibiduala salatu du LABek, maiatzaren 1ari begira

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 23a, 13:19

Datorren maiatzaren 1ean eskualdeko manifestazioa 12:00etan abiatuko da, Tolosako Trianguloa plazatik.

Tolosaldeko LAB sindikatuak «inposaketen gainetik, bestelako Euskal Herri bat eraikitzea» langileei dagokiela aldarrikatu nahi izan du maiatzaren 1ari begira egindako agerraldian. Tolosako Plaza Berrian elkartuta, patronalak proposatutako lan-harreman indibidualen aurka azaldu dira, Joana Mendez eta Oihana Lopetegi hizlarien eskutik.
Prentsaurrekoan «estatuen inposaketa» salatu du sindikatuak, behin eta berriro, berau jarduera «antidemokratikotzat» joz: «Hori da beren helburuak gailentzeko duten modu bakarra: inposatzea eta, gure eskubideak ez ezik, geure burua defendatzeko aukera ere lapurtzea».
Horren harira, azken hilabeteotan patronalak plazaratutako erabakiak ere hizpide izan ditu LABek, «orain arteko lan-harreman eredua guztiz deuseztatu» dutela nabarmenduz: «Kolektibotasuna desagertarazi nahi dute langileria ahultzeko eta, horrela, harreman indibidualen bitartez, lan-harremanak mehatxuetan oinarritzeko».
Salaketa horien bide beretik, gainera, Euskal Herriko gobernuen jarrera ere gaitzetsi dute Mendez eta Lopetegi bozeramaleek, izan ere, «diskurtsoan patronala salatzen duten arren», gobernuek ondoren bestelako erabakiak hartzen dituztela uste du LABek: «Praktikan elite ekonomiko txiki bati begira baino ez dira aritzen, Madrildik inposatutako neurri guztiak zuzenean ezarriz».

 

Langileen erabakitzeko eskubidea

Lan-harremanen eredua aldatzeko proposamenekin desados agertuagatik, euskal langileria goraipatu du sindikatuak, «erantzun sendoa» eman dutela azpimarratuz: «Borroka handia egiten ari gara lantokietan, gure eskubideak lapurtu ez ditzaten».
Erantzun hori, ordea, «ez da nahikoa» LAB sindikatuaren arabera, eta horren aurrean, «Euskal Herriak bide propioa markatzeko garaia» dela aldarrikatu dute Plaza Berriko agerraldian: «Euskal Herrian bizi eta lan egiten badugu, bertan erabaki behar dugu. Gainera, gure eguneroko bizitzetan eragiten duten erabaki guztietan parte hartzeko eskubidea dugu, bai langile moduan, eta baita herritar gisa ere. Beraz, eskubide hori aitortu eta errespetatu egin behar digute».
Horrenbestez, «bestelako Euskal Herri bat eta bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat» sortze bidean, manifestaziora deitu dituzte langile nahiz herritarrak, datorren maiatzaren 1ean, 12:00etan, Trianguloa plazatik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!