Azken tantoak jokatzeko garaia iritsi da

Asier Imaz 2014ko api. 11a, 16:22

II. Ogi Berri Migel Soroa Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira bihar, 17:00etatik aurrera. Hiru partida horietan, eskualdeko lau pilotari egongo dira: Jon Ander Peña, Jon Erasun, Eneko Labaka eta Iñaki Artola. Lau pilotari horiekin bildu da TOLOSALDEKO ATARIA.

Iritsi da eguna. Bihar jokatuko dira Ogi Berri Migel Soroa Txapelketaren hiru finalak. Pilota zaleek txapelketa astero-astero zaindu dute, gora behera guztiak gertutik jarraituz. Tolosako Beotibar pilotalekuko harmailek itsura ederra eskaini dute, eta pilotari guztiek azpimarratu dute hori. Hiru final eta eskualdeko lau pilotari. Jubeniletan, Jon Ander Peña tolosarra. 21 urte azpikoetan, Jon Erasun zizurkildarra eta Eneko Labaka albizturtarra. Nagusietan, Iñaki Artola alegiarra. Guztiek ez dute irabaziko txapela, bi elkarren aurka arituko direlako, baina orain arte erakutsitakoarekin, eskualdean esku pilotak etorkizun oparoa duela ikusi da.

Elduaingo Migel Soroa pilotari ohiaren omenezko txapelketari dagokionez, zer esan. Bigarren edizioa du aurtengoa, eta jadanik, denen ahotan dabil. Antolatzaileen lana azpimarratzearekin batera, pilotarien maila nabarmendu behar da. Urtarrilean hasi ziren norgehiagokak, eta apirilera bitarte, atsedenik hartu gabe, ikuskizuna eskainiz ibili dira kirolari gazte eta helduak. Finalerdietan maila handia erakutsi zuten, eta orain, berriro takoak janzteko garaia iritsi zaie.



 

FINALAK

JUBENILAK

Laso-Martinez

Peña-Martija

21 URTE AZPIKOAK

Dario-Erasun

Labaka-Imaz

NAGUSIAK

Arrieta-Arratibel

Artola-Gorriti


 

Iñaki Artola. Pilotaria

«Nire burua bolada onean ikusten dut»

Iñaki Artola (1994, Alegia) kirolari jantzia da; frontoian bezala, hizketan ere berarekin goza daitekeen horietakoa. Sakatzailea baldin bada ere, oraingoan erantzutea tokatu zaio.

Finalerako txartela nahiko erraz lortu zenuten, Dorronsoro-Lizoainen aurka 22-10 irabazita.

Partida gogorra eta luzea izan zen. Baina egia da markagailuan ez genuela aparteko arazorik izan.

Hala eta guztiz ere, ez zen zure partidarik onena izan.

Tantoa bukatzea dezente kosta zitzaidan. Aste horretan bi partida jokatuta joan nintzen, eta nekatu xamar sentitu nintzen. Hala eta guztiz ere partida serioa jokatu genuen, gutxi galduz. Finalean gehiago jokatzea espero dut.

Txapelketa honetan ezohiko atzelaria tokatu zaizu, zure pilota eskolakoa ez dena.

Txapelketa pribatuetan erabat horrela ibiltzen gara, 15-16 urte genituenetik. Han edo hemen jokatu nahi duzun galdetzeko deitzen dizute, eta normalean bikotea beraiek aukeratzen dute.

Zer moduz moldatu zara Gorritirekin?

Bere aurka jokatuta nengoen, baina berarekin bikotea osatuz ez. Eta egia esan, izugarri gustura nago. Atzelari seguroak gustatzen zaizkit, jo handirik ez badute ere, huts egiten ez dutenak. Horiekin sentitzen naiz erosoen, eta Gorriti oso segurua da, esperientzia handiko pilotaria. Benetan, ikaragarri gustura nabil Gorritirekin.

Txapelketarekin zeharkako lotura izan arren, beti izan dut jakinmina, eta galdetu egingo dizut. Euskara eta pilota ongi uztartzen al dira.

Kike Amonarrizek aurreko astean antzeko galdera bat egin zidan, nire etorkizuneko lanean ea zein hizkuntzatan ikusten nuen nire burua.

Eta pilotari izango bazina...

Esku pilota hemengo kirola dela badakigu, eta gainera, pilotari eusten dion komunikabide nagusia ETB da, euskaraz. Baina beti izan dut irudipena, barruko funtzionamenduan kirol hau ez dela hain euskalduna. Pilotari asko daude euskaraz ez dakitenak. Guk, gipuzkoarrok, ia denok edo denok dakigu, baina bizkaitarrek edo nafarrek gazteleraz hitz egiteko joera handia dute. Errioxarrak ere gazteleraz, noski. Egia esan, aldageletan askotan aritzen gara gazteleraz.

Euskaraz ez jakin arren, musean edonork joka dezake euskaraz. Kantxan esaten diren hitz horiek...

Frontoian arazo handirik ez da izaten. Zer esaten den baino, nola esaten den da kontua, tonoarekin adierazten gara. Nire kasuan, bikote erdalduna izanagatik, nire munduan ibiltzen naiz, «hi» edo «ni» esanaz, euskaraz. Orain arte inor ez zait kexatu.

Txapelketara itzuliz, maila handiko txapelketa dela esaten dute ia denek.

Ni ere ados nago horrekin. Tolosa inguruan, afizionatuen mailan, Amezketan egiten zen sona zuen txapelketa bakarra. Hemen, Tolosan, horrelako frontoia izan eta ez zen ezer egiten. Behar bat zegoela uste dut, eta txapelketa hau izaten ari den oihartzuna ikusita, hori agerian geratu da. Jendearen erantzuna ikaragarri ona izaten ari da. Kanpotik jokatzera etortzen direnean, harrituta gelditzen dira. Puntako afizionatuak ikusteko gosea dauka jendeak.

Kantxan disfrutatzen ari al zara?

Gustura nabil. Aurreko ligaxkan bi partida onak jokatu genituen, eta nire burua bolada onean ikusten dut. Iaz ere, txapelketa honek joko bolada onean harrapatu ninduen. Aurten ere bai. Dirudienez, hau izango da nolabait nire urteko momentua.


 

Eneko Labaka. Pilotaria

«Eskuetatik larri nabil, baina finalerako ondo jarri eta daukadana emateko gogoz nago»

Txapelketa bikaina jokatzen ari da Eneko Labaka (Albiztur, 1994). Ander Imazekin batera, bikote oso orekatua osatzen dute.

Bikote oso sendoa osatzen duzuela erakutsi duzue behin eta berriz txapelketa honetan.

Hasieratik bagenekien oso bikote gogorra osatzen genuela. Imaz atzelari oso ona da, eta aukerak ikusten genituen aurrera joateko.

Zuen kasuan, gainera, txapelketa behe-behetik hastea tokatu zaizue.

Beste bikoteak talde buru bezala jarri zituzten, eta gu hasieratik hasi ginen jokatzen. Zortea lagun, irabazten joan gara, eta gustura. Altuna eta horien aurka oso zaila ikusten genuen, baina sinistuta atera gara partidetara, irabaziko genuela pentsatzen, eta horrela iritsi gara finalera.

Ander Imazekin gustura?

Ondo ulertzen gara, eta oso gustura ari naiz jokatzen berarekin. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, aurrez GRAVN txapelketan osatu genuen bikotea. Berriro ere elkarrekin aritzeko aukera eman digute; biok nahi genuen gainera, eta ondorioz, oso gustura.

Finalerdietan handia egin zenuten, Altuna finaletik at utziz.

Jendearentzat ezustekoa izan dela uste dut, bai. Altuna artista hutsa da, eta partida atzean egongo zela ikusten genuen eta Sarasa nekatzen saiatu ginen. Kostata baina partida ateratzea lortu genuen.

Txapelketa hain behetik hasteak harritu al zintuzten?

Egia esango dizut: pixka bat bai. Ander Imaz bezalako pilotari bat, eta gu baino dezente gazteagoak gorago jarri izana... harritu ninduen. Baina ez dut modu txarrean esaten. Txapelketa oso ona egiten ari gara, eta Imazek atzelarien artean onenetakoa dela erakutsi du, hoberena ez bada.

Nolako finala aurreikusten duzu?

Dario-Erasunen aurka jokatu genuen ligaxkan, eta 19an gelditu ginen. Erasun atzelari oso segurua da, eta guk ere hori egin behar dugu, ahalik eta pilota gutxien galdu. Haiek baino huts egite gutxiago egiten saiatu behar dugu.

Zuen bikote filosofia laburbildu duzu esaldi horrekin.

Hori da. Tantoa bukatzeko aukera onak aukeratu behar dira. Izan ere, huts egiten hasten bazara, burua bueltaka hasten da, eta okerrera joaten zara.

Zu zer moduz zaude?

Eskuetatik nahiko justu. Partiden amaierara nahiko larri iristen naiz. Hor nabil masajistarekin, finalerako ondo jarri eta daukadana emateko gogoz.

 

Jon Ander Peña. Pilotaria

«Atzelaria nekatzen saiatuko gara eta aukera dagoenean, tantoa bukatzen»

Martijarekin bikotea osatuz iritsi da finalera Jon Ander Peña (Tolosa, 1997). Finalerdietan, Errandonea bezalako pilotari bati egin behar izan zion aurre. Partidako onena, ordea, tolosarra izan zen.

Txapelketan hasi zinetenean, finalera pasatzea espero al zenuten?

Egia esan ez genuen espero finalera pasatzea. Banekien bikote ona tokatu zitzaidala, baina aurkariak ere oso gogorrak zirenez, zaila izango zela ikusten nuen.

Aurkari gogor horietako bat, Errandonea, finalerdietan gainditu zenuen.

Bagenekien aurrean ez genuela partida konplikatu behar, eta atzean zegoela zuloa. Hori bilatzen saiatu ginen, eta ondo atera zitzaigun.

Berdinketa askoko partida izan zen, baina azkenean, zuek lortu zenuten partida haustea.

Bukaera aldean Errandonea nekatzen hasi zen, eta atzelaria justu xamar zebilenez, bukatzeko aukera hori izan genuen.

Osotasunean, zer moduzko txapelketa joan da.

Guretzat oso ona, eta hortik aparte, zaharragoetan, maila handiko txapelketa dela ikusi da.

Martijarekin zer moduz?

Azken bi urte hauetan lagun onak egin gara. Geroz eta hobeto moldatzen gara elkarrekin. Iaz ere berarekin tokatu zitzaidan eta oso ondo ulertzen gara.

Aurrean tantoa bukatzeko gaitasuna erakutsi duzu zuk.

Oso gustura nago horrekin. Eskubiarekin atzera jotzeko ere konfiantza hartzen ari naiz. Azken urteetan arazoak izan ditut, eta eskubiarekin ez nuen gozatzen. Txapelketa honetan, behintzat, oso gustura nago alde horretatik.

Pilotariak konfiantzik ez badu...

Ez badu, beldurrarekin jokatzen du, eta beldurrarekin bazaude, ezin duzu tantorik bukatu. Hori horrelaxe da.

Nola ikusten duzu finala?

Oso konplikatua. Atzean Martinez oso txukun dabil, bi eskuekin. Gainera, ezker bolea indartsua dauka. Aurrean, Laso oso indartsu dabil. Eskubiarekin pilota urruti jartzen du, eta bukatzerakoan ez du bi aldiz pentsatzen. Atzelaria nekatzen saiatuko gara, eta aukera dagoenean, tantoa amaitzen.



 

Jon Erasun. Pilotaria

«Zaila izango da finala irabaztea»

Finalerdi ikusgarria jokatu ondoren iritsi da finalera Jon Erasun (Zizurkil, 1996). 17-21 galtzen joan ondoren, 22-21 irauli zuten markagailua Dario-Erasunek.

Gustura al zaude orain arte egin duzun jokoarekin?

Nahiko maila polita eman dugula uste dut, behintzat finalera iritsi gara. Nahiz eta oso ondo ez ibili, txukun ibili naizela uste dut.

Zergatik diozu oso ondo ez zarela ibili, luze jotzerakoan arazoak izan al dituzu?

Pilotari luze emateko garaian ez naiz fin ibili. Segurtasunarekin bai, baina luzatzeko garaian ez naiz oso gustura ibili.

Finalerdi handia jokatu zenuten. Nola gogoratzen duzu?

Oso partida gogorra izan zen. 5-2 irabazten hasi ginen, baina gero erabat atzetik joan ginen: 10-17 eta baita 17-21 ere. Azkenean, ordea, justu-justu irabaztea lortu genuen.

Aurkariak 21ean ikusten dituzunean, zer pasatzen da burutik.

Partida erdi galduta ikusten duzu, baina 22ra arte jokatu egin behar izaten da, lanean jarraitu behar da.

Dario zure aurrelariak ere partida borobila egin zuen.

Sake oso ona dauka, eta baliabide handiko pilotaria da. Oso gustura ari naiz jokatzen berarekin. Behin jokatu nuen berarekin Errioxan, baina gehiago ez, eta gustura.

Finalean Imaz-Labaka izango dituzue aurkari bezala.

Oso partida gogorra izango da. Ligaxkan irabaztea lortu genuen, baina nire ustez, orduan baina puntu hobean aurkitzen dira orain. Oso zaila izango da finala irabaztea.

Zein izango da zuen jokoa azken partida horretan?

Ahal dudan bezala eutsi beharko diot Imazi. Asko jotzen du. Gero, aurrean, Dario aukerako pilotak aprobetxatzen saiatuko da.

Txapelketa honetan finalera iriste hutsa, handia izango da zuentzat.

Bai, horrela da. Gazteenak gara, 17 urterekin. Beste pilotariak 19 edo 20 urteren bueltan dabiltza. Indar gehiago dute, eta horien kontra jokatzea oso gauza polita da.

Beotibarrek oso itxura ona erakutsi du orain arteko partidetan. Nola ikusten da hori kantxa barrutik?

Jendea animatzen eta laguntzen ikusten duzunean beste zerbait sentitzen duzu, frontoia hutsa dagoenean ez bezala. Ikusleen aldetik, behintzat, txapelketa oso ondo doala esan daiteke.

Presioa ere sentituko da.

Azkenean kontzentratuta ateratzen zara kantxara, eta jendearen presioa ez da asko nabaritzen.

Finalean gustura gelditzeko zer eskatzen diozu zure buruari?

Ahal bada irabaztea. Ez bada irabazten, ez zara gustura gelditzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!