Anizeto Lazkanoren hitzetan, finalistak banan bana

Ataria 2014ko apirilaren 11

Jubenilak

Joan Ander Peña · Aurrelaria

«Sekulako gorakada egin du»
«Azken 6 hilabeteetan egin duen gorakada sekulakoa izan da. Hazi egin da. Belaunean arazoekin ibili da, eta gimnasioaren eta entrenamenduen bidez oso ondo jarri da tolosarra. Ezker zoragarria dauka. Bai behetik eta baita goitik ere. Gantxoa natural-natural ateratzen zaio, eta eskubiarekin juxtu ibili bada ere, asko jotzen hasi da».

 

Martija · Atzelaria

«Aukera duenean pilota zigortzen du»
«Txapelketa oso txukuna egiten ari da iruñearra. Oso pilotaria da, eta segurtasun handiarekin jokatzen du. Aukera duenean pilota gogor zigortzen du. Ezkerra justuagoa dauka, baina hala eta guztiz ere, ederki ematen dio. Bikote oso ona eta orekatua osatzen du Peñarekin batera. Pilota gutxi galtzen duen atzelaria da».

 

 

Unai Laso · Aurrelaria

«Ikuskizuna ematen ari da»
«Sekulako ikuskizuna ematen ari da nafarra. Oso esplosiboa da, eta eskubiarekin zuloa irekitzen du. Aurrean ausarta da, eta postura guztiak dominatzen ditu. Ezker gantxoa, atzera,... baina gehienbat eskubiarekin puskatzen du. Oso pilotari konpletoa da. Bi aurrelari handik jokatuko dute jubeniletako finala».

 

 

Martinez · Atzelaria

«Jendea harrituta utzi du»
«Martija baino pilota gehiago entregatzen ditu, baina itxura ona eman du baztandarrak. Jendea harrituta utzi du ezker bolearekin. Zoragarri jotzen dio. Atzelaria izateko boleaz bikain ematen dio, eta dominatzera pasatzen da. Bera eskubia dela kontuan hartuta, harrigarria da nola ematen dion. Buruz gain pasatzeko oso zaila da».

 

21 urte azpikoak

Dario · Aurrelaria

«Bi enpresak begira dauzka»
«Bi enpresa nagusiak begira dauzka. Izugarrizko eskubia dauka errioxarrak. Sake ikusgarria dauka, atentzioa deitzen duen horietakoa. Pilotari ematen dionean min handia egiten du. Finalerdietan, 17-21 galtzean sakea hartu eta partidari buelta ematea lortu zuen. Bolea, gantxoa... tanto bukaera politak egiten ditu, modu oso naturalean».

 

Jon Erasun · Atzelaria

«Itzultzaile izugarria da; berme bat»

«Berme bat da. Huts gutxi egiten dituen atzelaria. Oso gaztea da eta ez da oraindik jotzaile handia, baina itzultzaile izugarria da zizurkildarra. Golpe txukuna dauka. Atzean asko eusten dio, eta tantoa berari sartzea oso zaila da. Oso pilotaria da, eta oraindik bizitasuna falta bazaio ere, hoberako bidean ez du etenik izan».

 

Eneko Labaka · Aurrelaria

«Txapelketako ezustekoa»
«Aurtengo txapelketako ezustekoa. Behe-behetik hasi eta goraino iritsi da. Lehen fasean hasi ziren, eta partidak irabaziz joan dira. Bikoterik orekatuena osatzen dute, maila oso onekoa. Albizturtarra une oso onean dago, tantoa erraz bukatuz, eta defentsa izugarria erakutsiz. Ezkerrez txokoan edo zabalean ederki amaitzen du tantoa».

 

Ander Imaz · Atzelaria

«Bere mailako atzelari onena»
«Oiartzuarraren jokoa Beotibarren ikuskizuna izan da. Goran jokatzeko maila duela erakutsi du, erakustaldi izugarriak emanaz. Goi mailako kolpea dauka. Pixka bat gehiago hazten den ikusi beharko da, baina bizi-bizia da. Sekulako txapelketa egin du, eta 21 urte azpikoen mailan, atzelari onena izan da. Ezkerrez asko hobetu du».

 

Nagusien maila

Iñaki Artola · Aurrelaria

«Afizionatuen maila txiki gelditu zaio»
«Zer esan honen inguruan. Alegiarra zain dago, mailaz noiz igoko. Afizionatuena txiki gelditu zaio. Beste maila bateko pilotaria da. Finalean ez dakit zer gertatuko den, baina momentu honetan, ikasi beharreko guztiak ikasi ditu maila horretan. Indarra, bere gatza, nerbio punttu hori... izugarria da. Beste abaila bat sartzen dio pilotari».

 

 

Gorriti · Atzelaria

«Artolak atzean behar duena»
«Uharte-Arakileko pilotaria ordezko bezala iritsi zen, Iturriagak profesionaletara egin baitzuen jauzi. Beteranoa da Gorriti, eta Artolak atzean behar duen bermea. Ez da jotzailea, baina pilota asko sartzen ditu barruan. Hortik aurrerakoa egiteko Artola dago. Gutxi galdu eta on asko. Atzelari segurua eta konfiantza ematen duena da».

 

Ioritz Arrieta · Aurrelaria

«Punta-puntako pilotaria»
«Hernaniarra punta-puntako pilotaria da. Gora igotzeko zerbait falta zaio, baina Tolosan ikuskizun polita eskaintzen ari da. Tantoa bukatzen ongi, baina gehienbat bere defentsa azpimarratu behar da. Sakatzailea da, eta berari tantoa sartzea oso zaila da. Aukerako pilotak ongi bukatzen ditu. Finalerdi oso ona jokatu zuen».

 

Ibai Arratibel · Atzelaria

«Klase gehien duen atzelaria»
«Atzelarien artean klaserik handiena duena da ataundarra. Pilotan jokatzeko izugarrizko gaitasuna dauka. Eskuetako minarekin egon da azken bi urteetan; izugarri sufritzen du. Golpe pixka bat gehiagorekin, goi mailan jokatzeko pilotaria. Neurri guztietan ongi moldatzen da, eta denetik egiten du. Oso pilotari konpletoa da Arratibel». 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!