Garraio zerbitzua

Autobus zerbitzu berriko aldaketa nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu 2013ko abe. 24a, 13:23
Hiru linea berri jarriko dituzte, eta 40 geltoki.

Guztira 16 linea izango dira, eta horietatik hiru berriak.
1. Izaskun-Ibarra.
2. Bedaio-Amezketa.
3. Alkiza-Villabona.
L-8 linea aurrerantzean zirkularra izango da, inguruko lantokietara iritsi ahal izateko. Adunako Udalak eskatutako zerbitzua izango da, eta astean zehar beste bi zerbitzu gehiago izango dira: Larraul- Asteasu- Zizurkil-Villabona-Aduna.
40 geltoki berrietatik 26 zerbitzu berrietan jarriko dituzte, eta beste 14, berriz, aurreproiektuan aurreikusten ziren zerbitzuetan.
Ordutegiari dagokionez, parte-hartze prozesuan, guztira, zenbait ordutegi aldatzeko 17 eskaera jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundian. Horietatik guztietatik 15 eskaera onartzea erabaki dute azkenik.
Gaueko zerbitzua, berriz, larunbatetan bakarrik eskainiko dute. Parte hartze prozesuan sei udalek eskatu dute gaueko autobus zerbitzua: Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Irura eta Villabonako udalek. Larunbat gauetan zerbitzua martxan jarriko dute, baina ostiraleko eskaera ez dute onartu.
Eskaerapeko zerbitzua jasotzeko, bi ordu lehenago deitu behar. Gaur egun 24 orduko aurrerapenarekin deitu behar dute herritarrek, eta zerbitzu berriarekin bi ordu lehenago eskatu beharko dute zerbitzua. Orexako eta Adunako udalek proposatu zuten aldaketa hau, eta aldundian denbora-tartea esleipenarekin txikitzea espero du. Jende kopuruaren arabera taxiak edo autobus txikiak erabiliko dituzte, eta prezioa autobuseko bera izango da beti.
Tolosaldea Garatzenek eta lau udalek (Baliarrain, Berastegi, Ikaztegieta eta Leaburu) eskatu dute bizikletak autobusean eramateko zerbitzua. Proiektuan bere horretan ez dute jaso, baina aldundia egitasmoa garatzen ari da; araudi orokorra epe motzean argitaratu nahi dute, Gipuzkoa osoan eskaera orokortu egin baita.
Txartela
Tolosaldeko zerbitzuaz haragoko zerbait den arren, hainbat herritarrek proposatu dute Mugi/Lurraldebus txartela Kutxabanken ez ezik beste banketxe batzuetan ere kargatzeko aukera eskaintzea. Aldundia lanean ari da, erakundeek interesa erakutsi dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!