2012ko urria eta azaroa bitartean eman zituzten egitasmoaren lehen pausoak. Tolosaldeko udalak, herritarrak eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkartu, eta parte hartze prozesu baten hasiera izan zen hura. Eskualdeko autobus zerbitzuaren inguruan gogoeta egin, eta eskaintza hobetzeko bideak irekitzea zen helbururik behinena. Urtebeteko epean iradokizunak jaso, udalekin alderatu eta Tolosaldeari begirako aurreproiektu bat osatzeko denbora izan dute erakundeek. Orain, eskualderako garraio publikoaren zerbitzu berria azken txanpan da.
Gaur egungo autobus zerbitzuak eskualdeko herritarren beharrak ez ditu asetzen Tolosaldea Garatzenen ustez, Ibai Iriarte lehendakariak azaldu duenez: «Hainbat autobus erdi-hutsik joaten dira askotan, eta ibilbide batzuk ere ez dira egokiegiak». Horri aurre egiteko «28 udalek bat egin eta indartsuago erantzuteko» erabakia hartu zuten.
Horrela, parte hartze prozesuaren bidez osatutako garraio-sareak «gainbalio» bat izango du, ordutegi nahiz ibilbide berriekin: «Helburua eskualdeko herrien arteko loturak hobetzea eta harremanak sendotzea da». Horrekin batera, gainera, eskualdearen saretzea eraginkorragoa izatea lortu nahi izan dute, ingurumena zainduz; datozen hilabeteotan martxan jarriko dena, orain artekoa baino jasangarriagoa, ekonomikoagoa eta arrazionalagoa izateko lanean jardun dute: «Ibilgailu pribatuari alternatiba bat bilatu nahi izan diogu, herri txiki askoz osatutako eskualdea baita gurea. Eta horrekin batera, CO2 isurketa ere asko murriztuko da», dio Iriartek.
Urtebete honetan barrena osatu duten aurreproiektua Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu dute jada, eta beste astebete inguruan izango da bertan. Jarraian, zerbitzuaren ardura hartzeko interesa duten enpresek hilabeteko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko, eta lizitazioaren tramite guztiek lau hilabete inguru iraungo dute. Horrenbestez, 2014ko maiatza inguruan Tolosaldeko autobus zerbitzu berria martxan izango da.
Aipatzekoa da, ibilbide eta zerbitzu berriak funtzionatzen hasi aurretik beste fase bat ere izango dela, eta bertan enpresa esleipendunak ekarpen berriak egiteko aukera izango du, «betiere oinarrian dagoena hobetzeko baldin bada».
Zerbitzu berriarekin, autobusek gaur egungo kilometro kopurua bikoiztu egingo dute, eta beraz, esleipenerako aurrekontua ere handiagoa izango da. Urtero 1.945.000 euro bideratuko dituzte garraio publikora, eta lizitazioa zazpi urterako egingo dute, beste hiru luzatzeko aukerarekin. Horrenbestez, guztia 15 milioi euro inguruko aurrekontua erabiliko dute.
Aldundiarentzat «apustu handia» izango da, eta besteak beste garrantzia eman nahi diote «herri txikietako bizi-kalitatea mantentzeari».
Gipuzkoa osorako abiapuntu
Herri hauetan guztietan egindako parte hartze prozesua «oso positiboa» izan dela azpimarratu du foru aldundiko Mugikortasun eta Garraio zuzendari Unai Erroitzeneak. Areago, esperientzia onak garrantzia berezia du kasu honetan, izan ere, Tolosaldekoa abiapuntua izan da, beste hainbat eskualdetan osatzen ari diren prozesuei begira.
Gaur egun 56 herri inguru lanean ari dira, eta «Tolosaldeko zerbitzuarekin egin bezala, datorren urtean beste hainbat eskualdetan ere herritarren nahien araberako zerbitzua jarri nahi dugu, jasotako 3.300 ekarpenen laguntzaz», dio Erroitzeneak.
Autobus zerbitzuaren inguruan egindako iradokizun eta proposamenak, guztira, 193 izan dira eskualdean, eta erakundeetako ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei. Horrela, garraio publikoaren zerbitzu eraberrituak Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Hernialde, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkili eragingo die.