Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin

Euskaldunen komunitatea artikulatzeko deia

Ainhoa Oiartzabal 2013ko aza. 28a, 10:12

Hizkuntz politiken arduradunek Tolosa bezalako herriek jokatzen duten rol garrantzitsua nabarmendu dute

Tolosako Kultur Etxeko areto nagusia jendez bete zen herenegun Tolosa Euskaren Hiria egitasmoaren aurkezpena eta horren ondotik antolaturiko mahai ingurua entzutera. Besteak beste, duela 30 urte Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean jarritako euskararen legea eta ordutik hona euskararen normalizazioan eginiko bidea izan zuten hizpide Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxaburuak, Kontseiluko kide Iñaki Lasak eta Topaguneko Mikel Irizarrek.

Hizkuntzaren normalizazioak lege babesa behar duela esan zuten guztiek, baina legea ez dela behar bezala betetzen eta beharbada goia jo duela adierazi zuen, beste gauza batzuren artean, Zigor Etxaburuak. Patxi Baztarrikaren aburuz, legeak potentzialitate handia du oraindik, eta legeak egin arren, euskararen normalizazio hizkuntzaren erabileran dagoela azpimarratu zuen.

Iñaki Lasaren ustez, legeek, hizkuntza politikek eta estrategia sendoek ematen diote hizkuntzari babesa, eta, Tolosa bezalako herri euskaldunen «erantzukizuna» nabarmendu zuen.

Ildo beretik mintzatu zen Mikel Irizar, eta euskaldunen komunitatea indartzeko Galtzaundi bezalako euskara taldeen zein TOLOSALDEKO ATARIA bezalako komunikabide bateratuen garrantzia nabarmendu zuen.

BOTILAREN TAMAINA

IGOTZ ALKORTA

Tolosako kultur etxeko aretoa ezagun zaio Mikel Irizarri, Topagunea euskara elkarteen federazioko presidenteari. Bertan zegoen ikastetxean ikasi zuen gaztetxotan. El vasco zen orduan euskara bizi zerabilen Ormaiztegiko semea tolosar gazteentzat. Ez dira 50 urte alferrik pasa. Hasi da euskararen botila betetzen. Gizarte eragileek, lege babesak, hizkuntza politikek eta herritarren atxikimenduak bultzatuta, euskarak aurrera pausuak eman ditu azken hamarkadetan EAEn. Horretan ados mahai ingurura bildutako guztiak. Patxi Baztarrika Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburu ordeak gogorarazi zuen datua: 1983an, irakasleen %6 zen euskaraz irakasteko gai. Aldatu dira bai garaiak. Erditik gora bete da botila. Baina… duela 50 urte, Anoetan euskara zen kaleko hizkuntza ia bakar. Anoetako Udalarekin batera Aldundiak egin berri duen kale erabilera ikerketan, datu kezkagarriak jaso dituztela adierazi zuen Zigor Etxaburua Gipuzkoako Aldundiko euskara zuzendariak. Hasi da euskararen botila husten. Tolosako ikastetxetako patioei begira jarrita, haur eta gazteak gazteleraz ari dira sarri. Erabilerari lotuta, kristalezko sabaiak agertu diren ustea azaldu zuten Irizarrek eta Etxaburuak. Badoa botila behera. Egiteko duguna asko izanik ere, euskararen zabalpenean iraultza eman dela, prespektiba hori ez galtzeko eskatu zuen Baztarrikak. 1990ean jaiotako tolosar gazte batek publikotik testigantza: Bera jaio aurreko kontuak ondo daudela baina, gaur egun oraindik, medikuntzako ikasketetako zati handi bat gazteleraz egitera behartua dagoela. Euskararen botilan ura sartzen da baina oraindik zulo asko du. Guztion esku dago betetzea.

ARGI-ILUNAK

XABIER BENGOETXEA

Euskararen normalizazioaren iragana, oraina eta geroa izan zituzten aztergai astearteko mahai inguruan.1982ko legearen aterpean asko da egin dena. Aurrerapauso nabarmenak eman dira. Hala ere, prozesu guztietan bezala, argi-ilunak ikusten dira. Sektore batzuetan aurrerapen hori nabariagoa da, hezkuntzan adibidez, besteetan baino: administrazioan eta hedabideetan kasu. Lege markoak baditu oraindik garatu gabeko ahalmenak eta horiek egikaritzean, horiek ezartzean, dago erronka eta egitekoa. Normalizazio prozesuak konplexuak dira eta legearen aterpeaz gain, ezinbestekoak dira hizkuntza plangintza aktiboa eta herri gogoaren, herri ekimenaren atxikimendua eta bultzada.Tolosak aukera eta baldintzak baditu normalizazio prozesuari bultzada berria emateko. Tolosaldearen arnasgune izaeraren abagunean, orain arte bezala eremu informalean jorratutakoa ahaztu gabe, eremu intimo-informaletan eragin beharko da bereziki aurrerantzean, euskararen bizi indarraren gakoa esparru horietan baitatza. Horietan baitaude atxikimenduaren erroak.Herri gogoa, herri ekimen antolatuaren garrantzia azpimarratu zuten partaideek. Hori saretzean, hori berraktibatzean, ekimen hori suspertzean daukagu erronka. Tolosan eta Tolosaldean ahalegin horren lehen urratsak ikusten hasi garela esan behar. Besteak beste, Galtzaundiren euskararen mahaia, zeina erakunde ezberdinen jardunen topagune bilakatu baita. Elkarlanean taldeak antolatu berri dituen hainbat ekimen, edota hedabideen esparruan eman den bateratze eta saretze prozesua, ATARIA sortuz. Horiek hizkuntza komunitatearen trinkotze prozesurako tresna garrantzitsuak dira. Horien baitan edota ingurumarian ehundu, koordinatu eta aktibatu beharko dira herri ekimena suspertzeko eginahalak eta egitasmoak. Bidelagun izan gaitzatela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!