Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin

Tolosako ate guztiak, euskarari zabalik

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 26a, 12:10

Lau urteren buruan euskararen erabilera indarberritzeko zutabe sendoak ezartzea helburu duen plana da ‘Tolosa euskararen hiria’. Gaur aurkeztuko dute, Tolosako kultur etxean. Joseba Antxustegietxarte Galtzaundiko kidea Ataria Irratian izan da gaiari buruz hitz egiten:

Tolosak 18. 000 biztanle inguru ditu, eta horien %85a gai da euskara ulertzeko. Halaxe dio, behintzat, Tolosa euskararen hiria egitasmoko bultzatzaileek egin berri duten diagnostikoak. Gaur aurkeztuko dute plana herritarren artean, eta finean, helburu nagusia euskara Tolosako hizkuntza nagusi bilakatzea da.
Lau urtera begirako proiektu honen lehen berria duela zenbait hilabete eman baizituzten ere, aurkezpen publikoa egingo dute gaur, Auzolanean egitasmoaren barruko hitzaldia aprobetxatuz. 19:30ean Tolosako kultur etxean, mahai ingurua izango da euskararen normalizazioaren iraganaz, orainaz eta geroaz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxaburu, Kontseiluko Iñaki Lasa eta Topaguneko Mikel Irizar ariko dira gai honen inguruan.

Eskuz esku, ahoz aho
Hizkuntza plan ba osatu du, Galtzaundi Euskara Taldeak, beste hainbat eragilerekin batera; Tolosako Euskararen Mahaia osatzen dutenak dira gehienak. Horiekin batera, ordea, herriko esparru guztietako eragileen sarea osatu nahi dute, euskara txoko, etxe, afizio eta jarduera guztietara iritsi dadin. .
Horretarako abiapuntua Tolosan euskararen erabilera eta egoera aztertzea izan da, eta diagnostiko bat burutu dute. Aipatu bezala, herritarren %85a gai da euskara ulertzeko, baina horrez gain, Tolosa euskararen hiria planeko sustatzaileen ustez, indargune asko ditu Tolosak, erabileran aurrera egiteko: euskararen aldeko jarrera herritarren artean, eskualde euskalduna, euskara ikasteko hainbat egitasmo, belaunaldi gazte alfabetatuak, euskarazko kultur sorkuntza eta euskarazko hedabideak.
Hortik abiatuko dira, beraz, eta herriko eragileen elkarlanaz, eta batez ere, euskara maitatzetik erabiltzerainoko pausoa emanaz, erabateko normalizaziora iristeko bidea jorratuko dute eskuz esku.
Honi lotutako hainbat jarduera martxan daude jada, eta beste hainbeste prestatuko dituzte lau urte horiei begira.
Tolosa euskararen hiria proiektuaren berri emateko, gainera, www.tlseh.com ataria sortu dute, eta Twitterrez ere zabaltzen dute euren lanaren informazioa, @tls_eh jarraituz.

 

Xabier Saizar • Galtzaundi Euskara Taldeko kidea

«Aldekotasun asko ditu Tolosak, euskararen erabilera indarberritzeko»

Galtzaundi Euskara Taldeko kide da Xabier Saizar (Tolosa, 1967), eta buru-belarri lanean ari da Tolosa euskararen hiria zabaltzeko.
Egitasmo berria plazaratzera zoazte. Zer da zuen proiektua labur azalduta?
Komunikazioa, elkarlana eta euskalduntze planak oinarri ditu. Komunikazioari dagokionean, helburuetako bat euskarak batu egiten gaituela erakustea da. Horretarako, marka bat sortu dugu: Tolosa, Euskararen Hiria. Hiru aldagai ditu marka horrek: Tolosa, euskara eta hiria. Euskararen sustatzaileok marka hori bultzatuz, Tolosako norbanako eta eragileen artean dagoen adostasuna erakutsi nahi dugu, euskararen erabilera esparru guztietara zabaltzerakoan. Izan ere, gero eta herritar gehiagok daki euskaraz Tolosan.
Zertara iritsi nahi duzue egitasmoarekin?
Euskarak Tolosan ate guztiak irekita izateko zutabe sendoak ezarri nahi ditugu. Normalizazioa zeharka landuko ditu, eta bizitzako alor guztiei eragingo die.
Herriko eragileak inplikatu nahi dituzue honetan, euskara ardatz hartuta, ezta?
Euskararen erabilera indaberritzea ezinezkoa da bertako eragileen inplikaziorik ez badago, beraz, bai, eragileen eta norbanakoen inplikazioa lantzen ari gara. Eta, zorionerako, egin dugun diagnostikoan, euskararen erabilera sustatzeko izugarrizko adostasuna dagoela esan behar dugu. Horrek ez du esan nahi helburua egun batetik bestera lortu daitekeenik, hizkuntza planak orube indartsuen gainean eraiki behar direlako eta ez nahi edo ametsen gainean.
Norbanako eta eragile horiek elkarlanean ariko zarete, beraz.
Bai. Elkarlanari dagokionez, esparruz esparruko eragileen artean osagarritasuna sustatu nahi izan dugu. Eragile bakoitzaren izaera eta erabakitzeko eskubidea errespetatuz, guztion artean hainbat egitasmo eta jarduera antolatuko ditugu marka hori gizarteratzeko, euskararen erabilera norberaren etxean sustatzeko eta baita elkarlana bultzatzeko ere.
Saretze lan handia eskatzen du horrek?
Bai, eta horrekin batera, bideari helburuari bezainbesteko garrantzia ematea ere eskatzen du. Horrela, esparru oso desberdinetan aritzen diren eragile horien artean konfiantza sortzeari, helburuak gauzatzeari bezainbesteko garrantzia eman diogu, esaterako.
Noren artean sortutako plana da?
Egitasmoaren oinarria Galtzaundi Euskara Taldean landu ondoren, Tolosako Euskararen Mahaian biltzen garen ikastetxeekin, Aitzol Udal Euskaltegiarekin, Banaiz Bagararekin, Kontseiluarekin eta Tolosako Udaleko Euskararen Batzordearekin osatu dugu plana. Izan ere, esparru bakoitzak bere alorrari dagozkion helburuak eta bidea adostea da gure nahia.
Hasteko, diagnostiko bat egin zenuten Tolosako egoera aztertu eta abiapuntu bat izateko. Zein ondorio atera dituzue hortik?
Edozein plangintza lantzerakoan, diagnostiko zorrotz bat egin behar da, sarri nora joan nahi dugun jakin badakigulako, baina non gauden kontuan ez dugulako izaten. Era berean, ahultasunak eta indarguneak aztertu behar dira. Hori guztia kontuan izanda, zera ondorioztatu dugu, aldekotasun asko dituela Tolosak, euskararen erabilera indarberritzeko: Tolosan belaunaldi berriak euskaraz alfabetatuta daude; herritarren %85 inguruk euskara ulertzen du; euskararekiko aldekotasuna dago herritarren, eragileen eta udaleko ordezkarien aldetik; eta, gainera, ingurune euskalduna du Tolosak, euskarara gerturatzeko. Horrekin batera, euskara ikasteko eta praktikatzeko hainbat aukera daude Tolosan: Banaiz Bagara, Aitzol Udal Euskaltegia, Mintzalaguna egitasmoa, ikastetxeetan etorkinei eskaintzen zaizkien errefortzuak, eta abar. Euskalgintzan diharduten eragile asko ere euskararen mahaian aritzen dira, eta euskarazko komunikabideak ditu herriak; tartean, indar batuketa baten ondorioz indartsu eta ilusioz sortu den Ataria. Azkenik, euskarazko kultur sorkuntza eta programazio aberatsa duen herria da.
Indargune horien ondoan, ahulguneak ere identifikatuko zenituzten, ezta?
Bai. Esaterako, esparru askotan hizkuntza irizpideak ez dira kontuan hartzen, eta inertziaz jokatzen dela nabarmenduko nuke. Horregatik, oraindik lanketa handia egin behar da, adibidez, edozein hezitzailek bere lanketan hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko. Edo saltzaile bati erakustea, gehiago saldu dezakeela behar bada, euskaraz eginez eta euskararekin jolastuz, eta ez itzulpen hutsak eginez.
Euskara erakargarri izatea aipatu duzue. Nola lor daiteke?
Hizkuntza bat erakargarria da gure behar komunikatiboak asetzeko gai den heinean. Hizkuntza horrek ez badigu gure egunerokotasunaz, gure emozio, sentimendu edo laneko arazoez hitz egiteko balio, beste hizkuntza batera joko dugu. Bide horretan, hainbat gaiez eztabaidatzeko forum-a jarri dugu abian, edozeri buruz euskaraz hausnartu eta eztabaidatzeko. Euskararen prestigioan eragin nahi dugu.
Irauteko gakoa al da hori?
Adituen esanetan, XXII. mendera iritsiko diren hizkuntzek, ondoko ezaugarriak bete beharko dituzte: babes ofiziala eta hizkuntza politika egokiak, familiako eta ikastetxeko transmisioa, eta azkenik, presentzia normalizatua komunikabideetan, teknologia berrietan eta Interneten. Horretan guztian, gutariko bakoitzak asko eragin lezake.
Hau guztia lortzeko jarduera zehatzik prestatu duzue jada?
Komunikazioari dagokionez, marka sortu dugu eta erabiltzen hasi gara. Zabalkunderako bloga eta Twitter kontua ere garatu ditugu. Komunikazioak indar berezia hartuko du, elkarlana indartzean. Gure nahia, puntu indartsu hori 2014ko iraila aldera iristea da, nahiz eta ordurako ere, batean eta bestean egitasmoa landuko dugun. Honekin batera, kirol munduan erabilera sustatzeko duela hiru urte hasitako lanketari, urtero-urtero jarraipena ematen diogu. Jatetxe eta tabernen diagnostikoa ere egin dugu eta, esaterako, kalean ezarritako menuetan euskararen erabilera sustatzeko proposamenak luzatu dizkiegu jatetxeei. Gehienek eman dituzte pausoak. 2014an 3. sektore osora zabaldu nahi dugu gure lanketa.
Egitasmo honen helburuek badute epe zehatzik, edo luzera begirako plana da?
Lau urtera begirako plana da. Urtetik urtera landutako esparruetako diagnostikoak egingo ditugu, epe ertainera aritzeak, beste perspektiba batekin lan egiteko aukera eskaintzen duelako. Bestela, motzean guztia egiteko nahiarekin hasiz, sarea bota eta ezer gutxi arrantzatzeko arriskua izaten da hizkuntza planei dagokienez.
Gaur egun jende gehiagok hitz egiten du euskaraz, Tolosan, duela hamarkada batzuk baino. Orain baino euskal hiztun gehiago ote daude Tolosan hogei urte barru?
Ez dut zalantzarik. Gaur egun euskaraz jende gehiagok hitz egiten badu, urte hauetan guztietan eragileek egindako lanketari esker da. Eta bihar Tolosa arnasgunea izatea lortzen badugu, gutariko bakoitzak egindako lanketari esker izango da.

 

‘Tolosa euskararen hiria’, adierazpena

Ezagutzen denetik euskalduna izan da eta da Tolosa. Euskaraz egin da bere kaleetan, euskaraz etxe barru eta lantegietan... Jakin du Tolosak euskarari eusten, euskarari izen ona ematen, euskarazko obra ederrak sortzen eta euskalduntasuna bizirik eta indartsu mantentzen, oztopoak oztopo.
Tolosa, hiria izan da, hiri irekia, tolosar berriak bere egiten jakin duena. Bertako kolore eta zaporeei kanpotik etorritakoak erantsi dizkiona.
Azken hamarkadetan, gainera, modu kezkagarrian euskara galtzen ari zen Tolosa horrek, sekulako aurrerapena egin du, gaur egun bertako haur eta gazte guztiak euskaldun alfabetatuak direlarik. Inoiz ez zuen horrelakorik ezagutu gure hiriak! Erabilerari begira, aldiz, egoera asko hobeto bada ere, lan handia dugu oraindik egiteko.
Tolosa, euskararen hiri. Euskararen historian barrena Tolosak paper garrantzitsua jokatu duelako, Euskal Herriaren bihotzean dagoelako eta leku gutxitan bezalako hobekuntza gertatu delako azken hamarkadetan. Euskal Herriko oso eskualde gutxik dituzte gureak bezalako baldintza soziolinguistikoak erabileran jauzi kuantitatiboak emateko. Horregatik, Tolosa euskararen hiri bilakatzeko momentua iritsi dela iruditzen zaigu.
Eta hiri honetan denok dugu lekua eta zeregina. Denon artean eraikiko dugu etorkizuneko euskararen hiria: norberaren jatorri eta hizkuntzatik abiatuta, bazterrean ezer utzi gabe, guztiok partekatuko dugun eta guztiontzako elkargune izango den Euskararen Hiria.
Euskararen alde egotetik, euskara erabiltzeko jauzia emateko ordua iritsi da beraz. Euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzeko; euskarari ate guztiak irekitzeko; komunikazioa, elkarlana eta etxez etxe euskara erabiltzeko bideak zabalduko ditugu. Euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa dugu, biharko Tolosa euskararen hiria, gaurtik eraikitzeko.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!