Hondakin bilketarako sistemen balorazioak

Atez ateko sistemarekin gaikako bilketa %14,5etik %84,7ra igaro da

Asier Imaz 2013ko urr. 30a, 08:30
Alegia, Anoeta, Irura, Zizurkil eta Amasa-Villabonan atez ateko hondakin bilketa sistema jarri zuten uda inguruan, eta Tolosaldeko Mankomunitateak, lehen hilabete horietako datuak eman ditu. Gaikako bilketaren zenbakiak irauli egin dira, hau da, %14,5etik %84,7ra pasa dira.

Emaitzak eskuetan, alde batetik, bost herri horietako herritarrak zoriondu ditu mankomunitateak: «Alegia, Anoeta, Irura, Zizurkil eta Amasa-billabonatar guztiak zoriondu behar ditugu, lortutako emaitzak ikusgarriak izaten ari baitira. Eta dudarik gabe, emaitza horien atzean, herritarrak besterik ez daude».

Bestetik, datu horiek lortzeko bitartekari izan den sistema bera goraipatu eta aldarrikatu du mankomunitateak: «Argi dago, hondakinen bilketan errotiko aldaketa eman dugula eta honi esker, hondakinen bilketa ondo baino hobeto egiten hasi garela. Emaitza hauek, herritar bakoitzak egindako esfortzuaren isla dira, eta herritar bakoitzaren emaitzak dira hauek. Honako datu hauek erakusten digute birziklapenaren alde eta zero zabor norabidean benetan zerbait egin nahi badugu, bilketa eredu hau egokia dela».

Tolosaldeko Mankomunitatearen iritziz bilakaera ez da erraza izan, guztien esfortzua eskatu baitu, baina fruituak ikusita, merezi duelakoan dago eskualdeko erakundea: «Herritarrek sistema honen inguruko mamuak uxatzeko aukera izan dute eta sistema bertatik bertara euren etxeetan ezagutzekoa ere bai.

Gainera, bakoitzak egiten duen ahalegina zenbakietan islatzen dela baieztatu dugu datuekin, eta denon lanari esker, gaikako bilketa datuak irauli ditugula ikus dezakegu». Atez atekoa bilketa eredu «egokia» dela uste du mankomunitateak, eta atez ateko sistema baten alde egitearen erabakia «berretsi» egiten dutela esku artean dituzten datuek, «zabortegira doan hondakin kopurua nabarmen murriztuz».

Emaitzak berehalakoak zergatik izan diren ere azaldu du mankomunitateak: «Bost udal hauek, hasieratik azaldu zuten moduan hondakinen gaiarekin ere arduraz jokatuko zutenaren hitza eman zuten. Horregatik, herritarrei gaika ongi sailkatu ahal izateko beharrezko baliabideak eskaini dizkie, eta egoki kudeatu direnez ezarpenak, emaitzak berehala iritsi dira».

Datuetatik haratago, sistema berriaren bilakaera nolakoa izaten ari den ere argitu dute Tolosaldeko Mankomunitatetik: «Sistema berri bat ezartzeak sor ditzakeen ustekabeko batzuez gain, bilketa normaltasunez burutzen da egunero, aparteko arazorik gabe». Badira, ordea, oraindik hondakinak gaika sailkatzeari uko egiten dioten herritarrak, edo sistemaren aurka protesta egiten dutenak. Hauen inguruan zera azaldu dute mankomunitateko arduradunek: «Birziklatzea herritarren ardura da, baina antza, horrek arazoak sortzen dizkie hainbat herritarrei. Baina eurek ez parte hartzeak ere kaltetzen ditu gainerako herritarrak. Izan ere, kalean zabor poltsak uztea ez da inorentzat irtenbidea. Hondakin guztiak nahastuta kalean uztean, usain txarrak sortzen dira, eta bizilagunentzako errespetu falta izateaz gain, arriskua ere bada». Jarrera horien aurrean arauak aldarrikatzen dituzte eskualdeko erakundetik: «Mankomunitatearen ordenantzak hala adierazten duelako, herri bakoitzerako zehaztu den bilketa eredua ez errespetatzeak eta hondakinak leku desegokietan eta emandako baliabideak erabili gabe kalean uzteak, arau-hausteak dira».

Zigorrez hitz egitea baino, nahiago dute saiakera berri batez hitz egin: «Hasieran ere esaten genuen bezala, eman aukera atez atekoari. Herritarren gehiengoak eman dio, eta guztien artean lortutako emaitzak paregabeak izaten ari dira». Orain artean bezala, udaletan zein herri bakoitzeko informazio bulegoetan edozein zalantza edo arazoren aurrean irtenbide bat emateko prest izango direla azpimarratu dute eskualdeko erakundeko kideek: «Bide onetik goaz eta herritar guztien esfortzuari esker, emaitzak hala izaten jarraituko dutela ziur gaude. Herri, eskualde zein Gipuzkoa hobe, ederrago eta osasuntsuago bat lortzeko bidean ari gara. Ondorengoek eskertuko dute».

Tolosako PSE-EEren galdera
Oscar Renedo Tolosako PSE-EEren idazkari nagusiak Tolosaldeko Mankomunitateari galdera luzatu dio, zabor poltsak lurrean uzten dituztenekin zer egin behar duen jakin nahian. Bizilagun horiek idatziz arau hauste bat egiten ari direnaren jakinarazpena jaso dutela esan du PSE-EEko kideak, eta horren aurrean, bere «haserrea» azaldu nahi izan du; bizilagun horiek euren poltsak «modu baketsuan» eta atez atekoaren aurka daudela agertzeko egiten dutela dio Renedok: «Bizilagunak arau haustea egin dutela esanaz mehatxatu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurreko legealdian onartu zen hondakinen inguruko plangintza orokorra bultzatzeko eskatu beharko lioke. Bilduren gobernuak gelditu duen plangintza, hain zuzen ere».  

Bilduri hori eragozteaz gain, bizilagunen arteko bizikidetza «sumintzea» egotzi dio Oscar Renedo Tolosako PSE-EEren idazkari nagusiak, atez atekoaren «inposaketarekin». Bilduk azken bi urteetan birziklatzearen inguruan herritarrak kontzientziatzeko ez duela ezer ere egin esan du Renedok. Azkenik, eskualdeko herritarren mobilizazioekin gustura agertu da PSE-EEren ordezkaria: «Modu baketsu batean altxa dute ahotsa, sistema zikin, osasunaren aurkako, garesti, itsusi eta deseroso baten aurka».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!